Vik Muniz (São Paulo, 1961) artista brasildarra da, beharra gidari erabili zuena. Favela auzo batean hazia, zoritxarra zorte bihurtuta, egun batean istripu larri bat eduki zuen eta kalte-ordain handia eman zioten. New Yorkera joan eta han kokatzeko aukera eman zion diru horrek, eta bertan artista-ibilbidea hasi zuen. Baina ez edozein artista.
Izan ere, Vik Munizek birziklatu, berrerabili, berriro pentsatu eta berriro interpretatzen du. Herritarron imajinarioan dauden lan ikonikoak erreferentziatzat hartzen ditu eta berriro egiten ditu, oso bereziak diren materialak eta teknikak erabilita. Erraz ezagutzen diren irudiak hartu eta berrinterpretatu egiten ditu, aurretik ez zuten balio bat emanez. Eta gero argazkiak egiten dizkie lan berri horiei eta ondoren suntsitu egiten ditu, hartara, argazkia gelditzeko lan haren lekuko bakar gisa.
Horrenbestez, egile honen originaltasuna bere lanak originalak ez izatean datza. Bi irakurketa egiteko aukera ematen duten lanak dira: bata hurbiletik, eta bertan xehetasunak ikusten dira; eta bestea urrutitik, eta bertan ideia global bat begiztatzen da.
Txokolatea, argazki zaharrak, kabiarra, txirbilak, pigmentuak, hondakin-objektuak eta zaborra, jostailuak, eta bere azken lanetan, baita mikroorganismo bakterianoak ere, oihal eder eta original baten antza dutenak. Horiek dira bere lanetarako erabiltzen dituen materialak.
Hala, mugurdi-marmelada eta kakahuete-krema erabili zituen “Doble Mona Lisa” sorkarian. Hain zuzen, bertan Andy Warholen 1999ko lana berrinterpretatu zuen, zeina, aldi berean, Leonardo da Vinciren Mona Lisa oso ezagunaren berrinterpretazio bat zen. Tagliatelle tomatedun batzuen platerkada aurpegi nahigabetu bihurtu zuen. São Pauloko zabortegi erraldoi bat eta bertan botatako hondakinak, Goyaren “Saturno devorando a su hijo” margolanaren irudikapen bat. Eta paper gainean txokolatea botata Jackson Pollocken argazki baten bertsioa egin zuen, Dripping teknika erabili zuen Action Paintingeko margolariarena.
Oinarri soziala ere ezaugarri iraunkorra da bere lanean. Bi urtean, egilea Jardim Gramachoko langileekin batera bizi izan zen. Jardim Gramacho, zehazki, munduko zabortegi handienetako bat da. Pertsona horiek bere argazkien protagonista bihurtu zituen, anonimatutik atera eta egiten zuten lana ezagutarazi zuen. 2010ean, Lucy Walkerrek zinemara eraman zuen “Wasteland” dokumentala. Dokumental horretan sortze-prozesu hura jasotzen zen, eta Film Dokumental Onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.
Munizek erakusketa ugaritan parte hartu du, besteak beste, museo hauetan: Museo de Arte del Banco de la República (Bogota), Fundació Beyeler, MOMA (NYC), Pinacoteca do Estado de São Paulo (São Paulo), MACRO (Erroma), Museo Irlandés de Arte Moderno (Dublin) eta Colección Menil (Houston). Orain, eta martxoa bitartean, bere bilduma Nafarroako Unibertsitateko Museoan ikus daiteke (MUN), Foundation for the Exhibition of the Phography (Minneapolis/New York/Paris/Lausana) eta High Museum of Art (Atlanta) erakundeekin elkartuta.
Erakusketa horrek balio izan du, gainera, inspirazio-iturri moduan, MUN museoa eta Iruñerriko Mankomunitatea, beren heziketa-programen bidez, elkarlanean aritzeko baterako proiektu batean. Hain zuzen, proiektu horretan asmoa da artea baliatzea irakasteko tresna moduan, hartara, ikaskuntza, bizikidetza baketsua eta iraunkortasuna sustatzeko.
Antolatutako jardueren artean, elkarlaneko bi proiektu jasotzen dira, bai Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, bai eta Bigarren Hezkuntzakoentzat. 256 kolorerekin, COVID-19ak ekarritako pandemiak eragindako emozioak helarazi nahi ditu lehenbizikoak; bigarrena genero-berdintasunaren arloan sartzen da, Muniken beraren lan baten berrinterpretazioan. Lan hori, hain zuzen, 2.000 laukik eratuta dago, eta bere osotasunean aurrera begiratzen ez duen emakume bat irudikatzen du. Gogoeta-prozesu baten ondoren, lortu nahi da parte hartzen duten gazteen taldeak galderei erantzutea: zergatik begiratzen digu emakume horrek? Zergatik begiratzen du atzerantz? Posible izango da egunen batean aurrerantz begiratzea?. “Gero, batera jartzeko saio bat egongo da, azalpen bat, eta ikusiko dugu sormenak beti bidea hasten duela”, azaldu du Fernando Echarrik, MUNeko heziketa-programaren koordinatzaileak.
Beste alde batetik, Mancoeduca programarekin batera, eta Pollocken irudia erreferentziatzat hartuta, Lehen Hezkuntzako ikasleek paper birziklatuko tailer batean lan egingo dute eta gero haren gainean margotuko dute txokolaterekin. Bigarren Hezkuntako ikasleek, bestalde, txorrota handi bat egingo dute. Marrazkia egiteko oihal zahar batzuk erabiliko dituzte eta sortutako irudia goitik besterik ezin izango da ikusi. Eta, azkenik, adin guztietako ikasleek ingurumen heziketaren inguruko jarduera bat egingo dute Vik Munizen “Imágenes de chatarra e Imágenes de basura” lana oinarritzat hartuta. Mankomunitateko jardueren koordinatzaile Mar Garcíaren arabera, “artearen bidez ingurumen-balioak barneratzen dira, berrerabiltzearen eta birziklatzearen kontzeptuez gain”.
Ingurumena zaintzea, ekonomia zirkularra, diziplinartekotasuna, sormena eta pentsatzen ikasteko gaitasuna sustatzea, berdintasun-eza edo desberdintasuna aitortzea dira baterako proiektu horretan jorratuko diren balioetako batzuk, Echarrik eta Garcíak adierazten duten moduan, “beste batzuengandik eta beste batzuekin ikasteko” bidea emango digun horretan.
Izan ere, Vik Munizek errealitatea berrinterpretatzen jarraitzen du, eta irudimen- eta sorkuntza-bidaia hori partekatzera gonbidatzen gaitu.
Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/museo_unav/49648535452/in/album-72157713448951887/
Utzi erantzuna