Zein izan zen jolastu zinen azken jolasa? Badakizu zer den serious game esaten zaiona? Diseina daiteke dibertsioa? Horiek dira profesional-talde batek bere buruari planteatu dizkion kontuetako batzuk eta “EL JUEGO Y LA EDUCACIÓN EN TIEMPOS REVUELTOS” zikloa (Jolasa eta heziketa garai nahasietan) sortu eta antolatzea eragin dutenak. Ziklo hori doakoa da, ez da izen-ematerik egin behar eta Nafarroako Mancoeduca heziketa-programak egikaritu du. Zehazki, hiru web-mintegi (bideoa ikusi) proposatzen dira bertan, heziketarekin, iraunkortasun edo jasangarritasunarekin eta ikasteko agertoki berriekin lotutako gaiak hartzen dituzte, eta jolasa da dibertimendu hutsetik harago doazen prestakuntza-helburuak lortzeko aitzakia.
Marinva enpresako kide Esther Hierro izango da zikloa abiarazteko arduraduna, “Actitud lúdica y play thinking” txostenaren bidez (Jolas-jarrera eta play thinking-a). Gizakiak jolasteko sentitzen duen motibazio sakonaren gainean lan egitera bideratuko du saioa; jolas-pentsamenduak (play thinking) egotea merezi duen inguruneak eraikitzen nola laguntzen digun jorratuko du. Azken batean, zergatik den jolasa beharrezkoa, bereziki orain bizitzen ari garena bezalako errealitate paraleloetan, eta nola hezten eta eraldatzen gaituen.
Berarekin harremanetan jarri gara, hobeto ezagutzeko. Guri arreta egiteko, etenaldia egin du prestatzen ari denean, nahiz eta etenaldi gutxi izaten duen. Izan ere, gaur bertan hitzaldia egin behar du Latinoamerikarako, goizaldeko ordu bietan, Marinvaren proiektuen zuzendari sortzaile gisa. Enpresa horrek 25 urte daramatza pertsonak eta erakundeak eraldatzen jolasaren bidez. Hierroren lana, nagusiki, erakundea eratzen duten talentuen orkestra eta beren jolas-jarrera zuzentzea da. Horrez gain, proiektuak zuzentzen ditu, bereziki komunikaziokoak, prestakuntzakoak eta aktibaziokoak, jolas-proposamenak diseinatzen ditu eta haiek inplementatzean parte hartzen du; “zenbat eta performance gehiago, orduan eta hobeto”, gehitu du irribarretsu.
IPA España -International Play Association- elkarteko idazkaria eta zenbait erakundetarako irakaslea izan da. Hainbat artikulutan kolaboratzaile aritu da, eta Imma Marínekin batera “Gamificación. ¿Cómo utilizar los juegos en la gestión empresarial y en la conexión con los clientes?” liburua egin du. Horrez gain, Immarekin batera aritu zen “¿Jugamos? Cómo el aprendizaje lúdico puede transformar la educación” liburuan, istorioa gidatzen duten pertsonaiak hezurmamitzen.
Esther komunikazioaren arlotik heldu da, eta, haren esanetan, beste bizitza batean publizista izan zen. Ikaragarri maite du idaztea eta istorioak azaltzea, eta, egunen batean ez badakizue non dagoen, beharbada boluntario-lanak egiten aurkituko duzue onkologia pediatrikoan.
Halako emakume batek gauza interesgarriak baino ezin ditu egin. “Bueno, hori asko esatea da. Beharrezkoak diren aldi guztietan okertzen garela jakitun naiz. Hori dela-eta, uste dut pertsonok zereginei pasioz, ahaleginez eta konpromisoz egin behar diegula aurre. Jarrera hori dut. Gero, asmatzen dudan edo ez, hori beste kontu bat da”.
Web-mintegiaren edukiari buruz galdetu diogunean, hausnarketa egin du: “Nire mintzaldietan, jolas-pentsamendua nola entrena dezakegun jorratzen saiatzen naiz, jolasaren buru-egoera gure eguneroko bizimodura, gure lanbidera, eramateko bidea ematen digun mindset honek nola funtzionatzen duen ezagututa. Izan ere, buru-egoera hori oso aberatsa da, eta oso baliagarria izan daiteke. Aintzat hartu behar dugu jolasten garenean, oraina bizitzen dugula, ziurtasunik eza besarkatzen dugula, egoerei erronka edo desafio gisa heltzen diegula, eta, gainera, gozatu egiten dugula”.
Bere azalpenetan, sei gunetan gidatuko ditu ikusleak, tresna desberdinen bidez, “geure buruarekin zein puntutaraino gauden konektatuta, elkarrekin nola erlazionatzen garen eta egoerei nola ekiten diegun edo kudeatzen ditugun sistema konplexuak detektatzeko bidea emango diguten sei gunetan”.
Azken batean, komunikatzaile-irakasle-sortzaile-noranahiko honen asmoa kontzientziak esnaraztea da, eta entzuten ari denak gogoeta egitea sortzen ari den eta egotea merezi duen inguruneen gainean. “Guretzako inguruneak, gure ikasleentzakoak, gure kolaboratzaileentzakoak, gure ingururakoak”.
Beraz, badugu zer egina.
Utzi erantzuna