Posted

Ekuadorreko Nemonte Nenquimok Ingurumen Nobel sarien pareko sari bat jaso du

Duela 60 urte arte mundu aurreratuarekin inongo harremanik ez zuen Amazoniako waorani etnian jaio zen Nemonte Nenquimo. Txikitatik haren kultura, hizkuntza eta oihaneko bizitza babestu nahi izan du eta hori lortzeko egin du borroka. Orain, Ingurumen Nobel sarien pareko sari bat jaso du.

- - - -

Azaroaren 30ean Ekuadorreko Nemonte Nenquimok Goldman fundazioak emandako 6 sarietako bat eskuratu zuen.

Goldman sari horiek ingurumen babesleei ematen zaizkie eta arlo horretan Nobel sarien parekoak dira.

Nemonteri eman diote saria, iaz, apirilaren 26an, hain zuzen, gobernuaren kontrako epaiketa irabazi zuelako, eta, horrekin batera, indigenen eskubideak legez babesteko oinarriak lehendabiziko aldiz jartzea lortu zuelako. Epaileen esanetan, gobernuak ezin zuen waorani etniaren lurraldea enkantean atera, petrolioa  ustiatzeko, indigenen onespena eduki aurretik.

Nemonte Nenquimo, nahiz eta kontent egon sari horrek talde borroka agerian uzten duelako eta borrokan jarraitzeko bidea zabaltzen duelako, borrokari ez dio utziko, ezta hamaika sari gehiago lortu arren. Ohituta dago, txikitatik borroka hori etxean ikusia duelako.

Duela 60 urte arte mundu aurreratuarekin inongo harremanik ez zuen Amazoniako waorani etnian jaio zen Nemonte Nenquimo. Aitona lurraldearen babesle zeukan, eta kanpotarrei  ez zien sartzen uzten, ez beste etnia batzuetakoei, ez atzerrikoei. Lantza batekin hiltzen zituen guztiak.

Aita oihanean jaio zen. Haren eskutik etniaren kulturaren sustraiak, ohiturak eta nortasuna ikasi zituen Nemontek, baita etniatik kanpoko jendea bazela ere, duela 50 urte aitak waoraniarrak ez ziren talde batzuekin hasi zelako harremanetan.

23 urte zituela, Nemonte Nenquimo 400 emakume waoraniren  buru jarri zen etniaren kultura babestu eta bultzatu nahian: artisautza, wao hizkuntza, etab. Gero, Amazoniako beste etnia batzuk bizi diren herrixkak bisitatzen hasi zen, eta petrolio konpainiekin egin zuen topo. Horrekin batera, haien lanaren eragin kaltegarriak  ikusi zituen.

Horregatik, Alianza Ceibo sortu zuen. Lau etniak  osatua (siona, a’i Kofan, siekopai eta waorani), haren helburua bai kultura, bai oihana, babestea zen. Adin guztietako indigenek parte hartu zuten egitasmoan, eta lurraldearen mapa bat osatzea lortu zuten: 500.000 hektarea eta 16 komunitate osotara.

Horren ostean, Waorani de Pastaza elkartearen presidente izendatu zuten.

Beti borrokan aritu da haren herriaren nortasunaren eta eskubideen alde. Eta bide horretan beste emakume askoren laguntza lortu du. Waorani kulturan, emakumeak, gizalabak, lidertzat hartuta daude. Haien abotsa entzun eta errespetatzen da, Amalurrarena  balitz bezala. Waorani emakume bat izatea jakinduriaren sinonimoa da, antzinako ezaguerarena eta bizitzarena.

Haien ikuspuntua, beraz, oso preziatua izan da etnia barnean, eta orain mundu osoan zehar, esaten dutena guztioi zuzenduta dago eta. Azken finean, haien munduaren birikan bizi dira, Amazonian, eta gizakiek eragindako klima aldaketaren ondorioak ikusten ari dira egunero. Hori dela eta, eta eskuratutako saria probestuz, Nemontek mezu bat luzatu dio Mendebaldeko  zibilizazioari. “Ez erabili hainbeste gasolina edo plastiko -esaten du- zuek erabiltzen duzuenak gure oihaneko bizitza suntsitzen duelako. Eta amei eta aitei eskatuko nieke haurrei irakasteko bizitza ematen digun planeta ondo zaintzen, hiltzen ari direlako. Eta hori kaltegarria izango da guztiontzat, ez bakarrik oihanean bizi garenontzat”.

Bukatzeko, bitxikeria bat kontatuko dizut: Nemonte izenaren esanahia izarren bidea da. Agian bide hori jarraitzen badugu argitasuna aurkituko dugu eta gure naturarekiko harremana zuzenduko dugu.  Ezta hala?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.