Posted

Clint, lehorgailuetako ehun-hondakinetatik ateratako material berria

Ilea eta garbitegietako lehorgailuetan gelditzen diren beste ehun-hondakin batzuk (ilauna) beti hala tratatu izan dira, ezertarako balio ez duen hondakin moduan. Orain, ordea, Elisava Bartzelonako Diseinu eta Ingeniaritza Unibertsitateko Eskolako ikasleek, GirbauLab garbitegi-industriako berrikuntza-plataforma irekiarekin elkarlanean, baliabide bihurtu ahal izatea ahalbidetu dute, kartoiaren antzeko material bilaka daitekeena. Material berri horrek Clint izena du eta papergintzaren industrian erabiltzen da, papertegian eta bilgarrietan, besteak beste. Gainera, beste aplikazio batzuk aztertzen ari dira, adibidez, pendriveen karkasak egitea.

- - - - - - - - -

Ilea eta garbitegietako lehorgailuetan gelditzen diren beste ehun-hondakin batzuk (ilauna) baliabide bihur daitezke, kartoiaren antzekoa den material bilaka daitekeena. Hartara, ehun-hondakin mota hau ekonomia zirkularraren barnean sartzen da, soil-soilik Katalunian astean 1.500 kilogramo hondakin sortzea saihestuta.

Material berriaren izena Clint da eta gazteen garapen profesionala sustatzeko gogotik sortu da, bi erakundek –Elisava Bartzelonako Diseinu eta Ingeniaritza Unibertsitateko Eskola eta GirbauLab, Girbauren (industria-garbitegiko konponbide integraletan mundu mailan liderra den konpainia) berrikuntza-plataforma irekia– dituzten benetako proiektuen eta enkarguen bidez. Helburua da lan-aukerak eskaintzea.

Marta Galofré, Gerard Bel, Laia Moras, Damià Cusí eta Marina Sevillanok eratzen dute proiektua garatu duen ikasle-taldea, eta Elisavako Industria Diseinuko Ingeniaritzako Graduan eta Aldi bereko Ikasketen Programan ikasten ari dira.  

Gazte-talde hau hondakin-mota horri irtenbide bat bilatzera bultzatu zuen arrazoia hau izan zen: ikusi zuen egunero Girbauren makinek gutxi gorabehera 25.000 tona arropa garbitzen dituztela mundu osoan eta, Kataluniaren kasu zehatzean, kalkulatzen dela astean 1.500 kilogramo hondakin sortzen dituztela industria-garbitegiek. Horrenbestez, ‘Clint’ material berria da, erabilera askokoa eta birzikla daitekeena, ehun-hondakin horietatik abiatuta egindakoa. Zenbait eginkizun betetzen ditu. Alde batetik, hondakinak gutxitzea lortzen du, eta bestetik, balio handiagoa ematen dio, aplikazio berriak ematen baitizkio. Hartara, industria-jardueren ingurumen-inpaktua gutxitzen duten zirkulartasun-ereduak indartzen dira.

Zero hondakinaren, hondakinik ezaren, ideiarantz aurrera egiteaz gain, proiektuak balio izan du, gainera, ehun-hondakinak aplikazio material berri bihurtzeko konponbideetara iristeko artisau-prozesuak berreskuratzeko. Proiektuaren ordezkariak, Marta Galofrék, azaldu digun moduan, “hondakina material berri bihurtzeko zatian, Capelladesko Molí Paperer izenekoarekin lan egin dugu, ehun-zuntzetan oinarrituta papera artisau-eran ekoizteari buruzko ezagutza-zentroarekin, eta bai Letter Cottonekin ere. Azken hori sormenezko inprimatze-tailer bat da, eta pendrivearen gaineko azken aplikazioa lortzen eta grafismoa gauzatzen lagundu digu”.

Clint material berri honek izan ditzakeen aplikazioak oso askotarikoak eta desberdinak dira, jada existitzen diren material plastikoen eta paper edo kartoizko objektuen erabileraren aurrean, alternatiba berritzailea baita. “Beste aukera batzuen artean, baliteke ‘Clint’ek pendriveen karkasak ekoizteko material plastikoen erabilera ordeztea edo papertegirako edo bilgarrietarako erabiltzea”, iragarri du Galofrék.

Erabilera horietatik harago, ehunek eta beren mikroplastikoek ingurunean, bai uretakoan eta bai airekoan ere, eragiten dituzten ondorio kaltegarriak ere arintzen ditu ilaunaren hondakinak kudeatzeak. “Hondakin horiek berrerabiltzeak ahalbidetuko du haiek ingurumenean duten inpaktua minimizatzea eta garbiketa-prozesu jasangarri bat laguntzea”, gogorarazi du Martak.

Edonola ere, dituen abantaila horiek guztiak gorabehera, material hori merkatuan ikusteko itxaron egin beharko da oraindik. “Ez gaude merkaturatze-fasean. Oraingoz, material berriaren erabilera Girbauren barnekoa da”, amaitu du Marta Galofrék.

Hala eta guztiz ere, material hori existitzea albiste ona da berez, ingurumenerako sentsibilizazioa erakusten baitu, dela industrian, dela heziketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.