Posted

Gure kaleez jabetuko al dira droneak?

Gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak, arintasun handiagoa lekualdatzeetan, pilaketa gutxiago… horiek dira gure hirietan mugikortasun iraunkorra eta garbia izan nahian lortu nahi diren helburuetako batzuk. Esparru horretan, tripulatu gabeko aireontziek gero eta protagonismo handiagoa dute eta alternatiba gisa ageri dira. Oztopo tekniko eta logistiko asko gainditu behar badira ere, badirudi haien zirkulazioa erregulatzeko premia presazkoa izaten hasi dela.

- - - - - -

Mugikortasun iraunkorra gure hirietako kezka handietako bat da. Gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak, arintasun handiagoa lekualdatzeetan, pilaketa gutxiago… horiek dira lortu nahi diren helburuetako batzuk eta zenbait proiektutan lan egitera bultzatzen dutenak –besteak beste, ibilgailu elektrikoen eta hibridoen proiektuetan–, bizikletak erabiltzera eta oinez ibiltzeko ohitura ona gomendatzera herritarrei.

Mugikortasun iraunkorreko mota horien guztien artean, tripulatu gabeko aireontziak, erabilera militarrerako ez direnak (UAV, ingelesezko siglen arabera), gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira eta oso kontuan hartu beharreko alternatiba moduan ageri zaizkigu.

Ibilgailu horien lehen probak egin dira jada laguntza humanitarioa banatzean, airea monitoreatzean, euskarria ematean osasun-larrialdi batean, eta miaketa- eta zaintza-lanetan.

Eta nahiz eta emaitzak onak eta pozik gelditzeko modukoak izan diren, oraindik ere asko dira zalantzan jartzen dutenak ibilgailu horien erabilera orokortzea mugikortasunerako irtenbidea izan daitekeela.  

Droneen bidezko paketeria-zerbitzua baloratzen denean, adibidez, gure hirietako kaleetan gailu horien masifikazioak ekar dezakeen arriskuaz ohartarazten dute batzuek, eta gaineratzen dute horrek berekin ekar dezakeela lanpostuak galtzea.

Beste alde batetik, aerotaxiek eman dezaketen zerbitzua aztertzean, hiriaren barnean ibilgailu horiei toki emateko behar den azpiegituran jartzen da arreta eta bai horrek eragingo lukeen soinu-kutsaduran ere.

Bi kasuetan, ibilgailu-zirkulazioa zirkulazio hegalari bihurtuko den eguna urrun egotea ekartzen dute oraindik ere arazo teknologikoek, besteak beste, “Blade Runner” filmean gertatu zen moduan. Baterien iraupena mugatua da oraindik, eta era berean mugatua da droneen eta ibilgailuen ahalmena pisua kargatzean, eta horrek beharrezko egiten du gailu gehiago erabili behar izatea. Gainera, hirien barneko aireko zirkulazioa kontrolatzeko sistemak ez daude nahiko garatuta oraindik.

Hala eta guztiz ere, Europar Batasunak ez du atzean gelditu nahi, eta droneak hiri-esparruan erabiltzeko erregulazio seguru batean lan egiten hasi da. Hartara, aurreikusita du 150 metrotik beherako garaieran aireko espazioan ibiltzen diren ibilgailuetarako araudiak abian jartzea 2023an. Horretarako, probak egiten hasi da, eta proba horiek erregulazio hori orraztu eta zehazteko balioko dute eta kategoria zertifikatua izango dute.

Esparru honetan, bi proiektu jarri dira abian: CORUS-XUAM, Eurocontrol duena buru, eta Amu-Led, Everisen eskutik iritsiko dena. Airetiko taxi-operazioak, karga-garraioa, mediku-ondasunak eta -ekipoak ematea, azpiegiturak ikuskatzea, polizia-zaintza eta larrialdietarako zerbitzuei laguntza ematea izango dira, besteak beste, Espainiako eta Herbeheretako zenbait tokitan garatuko diren probetako batzuk, eta bai Europako eta bai Ameriketako Estatu Batuetako erakundeen laguntzarekin ere: Airbus, Boeing Research & Technology-Europe, Enaire, etab.

Azken hori, Enaire, Espainiako aire-nabigazioaren kudeatzailea da, eta Bartzelona eta Santiago de Compostela aukeratu ditu aerotaxien lehen frogapenak egiteko 2022an. Haietan, tamaina handiko plataformak erabiliko dira, leku irekietan, eta, erregulazioaren arabera, pertsonak edo probarako panpinak ontziratuko dira.

Beraz, mugikortasun-eredu berrietan begirada asko jarrita dauden hamarkada bat hasten ari gara. Baina teknologia berriak mugitzeko ditugun ohiturez ere jabetzen diren bitartean, ez dugu ahaztu behar kalitateko garraio publiko iraunkorrak, bizikletak eta oinez ibiltzeak, gaur-gaurkoz, gure hirietan mugikortasunak eragiten dituen arazoetako asko konpon ditzaketela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.