Gogoan al duzue Greta Thunberg ingurumen-aktibistak Ozeano Atlantikoa La Vagabonde katamaranean zeharkatu zuenean COP25 goi-bilerara joateko? Aurretik, hori bera egin zuen New Yorken egin zen goi-bilerara joateko. Beharbada beste modu batera mugitu eta ibili behar dugula ulertzeko kontzientzia piztu du ekintza horien bidez.
Turismoaren Mundu Erakundearen (UNTWO, ingelesezko sigla) Transport-related CO2 Emissions of theTourism Sector txostenaren arabera, atmosferara CO2 gehien isurtzen duen garraio-mota da hegazkina. Eta gainera, isurpenak emendatzeaz gain, planetako airearen kalitatea kaskartu ere egiten du.
Testuinguru honetan, Frantzia dugu, herrialde horren asmoa baita 1990eko isurpen-kantitateak %40 murriztea 2030erako. Ikusirik hegazkinez egiten diren bidaiek, batez beste, trenez egiten direnek baino 77 aldiz gehiago karbono dioxido gehiago isurtzen dutela bidaiari bakoitzeko, herrialdeak distantzia laburreko hegaldiak debekatzea erabaki du, bi ordu eta erdi baino gutxiagoko tren-bidaia batekin ordezka daitezkeen eskualde-hegaldiak debekatzen dituen lege-egitasmo baten bidez.
Frantziako Asanblea Nazionalak neurria onartu du eta orain herrialdeko Senatuak onartu behar du, gero behe-ganberara itzultzeko, azken bozketa bat egiteko.
Aurrera aterako balitz, Frantziako 108 ibilbide nazionaletako bostetan aplikatuko litzateke: Paris Orlytik Bordelera, Lyonera, Naonedera (Nantes) eta Roazhonera (Rennes), eta Lyondik Marseillara. Paris Charles de Gaulleko hegaldiei ez lieke eragingo.
Neurria hegazkingintzaren industriarako kritikoa den une batean heldu da, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, bere merkatu-kuotaren zati handi bat galdu baitu. Hori dela-eta, zenbait adituk adierazi dute hau ez dela hegaldiak mugatzeko unerik onena. Sektore ekologistak, aldiz, uste du neurria ez dela nahikoa eta exijitzen du lau ordu baino gutxiagoko tren-konexioak dituzten hegaldiak debekatzea.
Polemika horri gehitu behar zaio, gainera, lege-egitasmoaren alde egiten ari den gobernu honek berak duela gutxi iragarri zuela Air Francen duen partaidetza bikoiztuko duela, 4.000 milioi euroko balioa duen birkapitalizazio batekin.
Argi dago ez dela erraza orekari eustea. Klima-aldaketa borrokatzeko, isurpenak murriztu behar dira, baina hori egin ahal izango da zenbait sektoreri, besteak beste, turismoarenari, herrialde askotako ekonomiarako hain garrantzitsua denari, kalterik egin gabe?
Oraingoz, Frantzia neurri berriak aztertzen ari da, esate baterako, aireportu berriak eraikitzea eta daudenak handitzea debekatuta.
Utzi erantzuna