Posted

Errealitate areagotua, ingurunea ulertzeko

Ángel Gil Gómezek errealitate areagotuko kutxa bat sortu du, ikasgelan geologia eta geografia erakusteko DBHko ikasleei. Duela hiru urte bururatu zitzaion ideia, ohartu zenean ikasleek ez zutela ulertzen topografiaren kontzeptua, ez eta egiten zituzten kalkuluak, ez eta sestra-kurbak ere… Horri konponbide bat eman nahian, arsandbox bat aurkitu zuen Ameriketako Estatu Batuetan eta hura erabiltzen zuen unibertsitatearekin harremanetan jarri zen. Orain, bere hondar-kutxak uraren zikloa, sumendiak, koladak, tsunamiak, presen hausturak eta ohiz kanpoko uraldiak azaltzen ditu.

- - - - - - - -

Ribaforadako El Cierzo Bigarren Hezkuntzako Institutuan, Ángel Gil Gómez matematikako irakaslearen ikasleek arretaz behatzen diote hondar-kutxa bati, benetako hondarrez beteta dagoen kutxa fisiko bati.

Nahiz eta ikastetxe horretako langilea den, ingeniari zibil horrek ez du bere ekintza-eremua hartara mugatzen eta eskatzen dioten institutuetara eramaten du bere hondar-kutxa hori. Ikasleekin hainbat jarduera egiten ditu, jeneralean matematikako adarrekoak ez diren beste arlo batzuetako irakasleek garatzen dituzten jarduerak.

Baina, zerk egiten du bere kutxa hori hain berezia izatea? Irakasleak berak azaldu duenez, “nirea hondar-kutxa bat da per se, berez; aldi berean, lur-eremuaren zati bat bakartzen du eta harekin elkarri eragiteko aukera ematen dit eta nire sorkuntzak egitekoa hutsetik”. Edo bestela esanda, errealitate areagotuko kutxa bat sortu du, ikasleei geologia eta geografia erakutsi ahal izateko.

Ideia orain dela hiru urte bururatu zitzaion, eskolak ematen zituenean Zaragozako Zuera herriko itunpeko ikastetxe batean, topografiako gradu batean (Goi-mailako teknikaria basoko eta natura inguruneko kudeaketan). “Konturatu nintzen neska-mutilek ez zutela ulertzen topografiaren kontzeptua, ez eta egiten zituzten kalkuluak, ez eta sestra-kurbak ere… Hau da ez zuten piperrik ulertzen. Konponbide bat lortu nahian, arsandbox bat aurkitu nuen Ameriketako Estatu Batuetan eta harremanetan jarri nintzen hura erabiltzen zuen unibertsitatearekin. Han azaldu zidaten nola funtzionatzen zuen, prozesuak eta abar, eta hortik abiatuta joan nintzen hondar-kutxa ontzen. Bost hilabete behar izan nituen martxan jartzeko, baina merezi izan zuen, ikasleei ulertzen ez zituzten kontzeptu guztiak azaltzea lortu bainuen harekin: uraren zikloa, sumendiak, koladak, tsunamiak, presen hausturak eta ohiz kanpoko uraldiak…”.

Ángelek ziurtatzen du ikasleek mundu txiki bat ikus dezaketela, errealitatera eraman eta horrekin klima-aldaketaren arazoak, ingurumen-arazoak eta abar ulertu. Horregatik iruditzen zaio oso interesgarria errealitate areagotuaren erabilera zabaltzea. “Harremanetan jarri nintzen Ameriketako unibertsitate horretako webgunean, 13 edo 14 kutxa baino ez daude erroldatuta Espainian, eta Nafarroan, hau besterik ez. Ona litzateke zabalkundea ematea, estamentu edo maila desberdinetan ezagutarazteko (hezkuntzaren arloa, mankomunitateak, autonomia erkidegoetako gobernuak…).

Baina, nola funtzionatzen du kutxak?

Hemen ikusi: https://docs.google.com/presentation/d/1xUepeMx1V6Ghb5bOwei1cimBuI51FX_f8-xzaVPcKDs/edit?usp=sharing

“Errealitate areagotuko hondar-kutxak eredu topografikoak sortzeko aukera ematen du, benetako hondarrari forma emanez, eta gero areagotu egiten da koloretako goragune-mapa baten bidez, sestra-kurba topografikoen eta simulatutako uraren bidez”, azaldu du Ángelek. Hartara, geografiako, geologiako eta hidrologiako kontzeptuak azaldu ditzake, adibidez, mapa topografiko bat irakurtzeko modua, sestra-kurben esanahia, arro hidrografikoak, harpen-eremuak eta dikeen funtzionamendua. “Fisikoki ikustean, ikasleek hobeki ulertzen dituzte kontzeptuak”, gehitu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.