Posted

Mendia erretzen ari da

Muturreko baldintza klimatologikoak, klima-aldaketa, luzaroko lehortea eta neurriz gainekoa, behin eta berriz gertatzen diren bero-boladak… Suteek lurralde handia suntsitu dute León probintzian. Ezer egin daiteke etorkizuneko suteak ekiditeko? Zer egin behar da aurtengo garren ondorioak arintzeko? Leonor Calvorekin hitz egin dugu, doktorea baita Leongo Unibertsitatean, aditua landare-birsorkuntzan baso-suteen ondoren eta Ekologia Aplikatuko eta Teledekzioko Ikerketa Taldeko kidea.

- - - - - - - - - -

Aireari erre usaina dario. Ezin da paisaia ikusi, keak dena estaltzen duelako. Esku zabalduan errautsa pausatzen da. Mendia erretzen ari da.

2025eko uda honetan, Espainiaren ipar-mendebaldea suntsitu duten eta oraindik ere suntsitzen ari diren suteak zenbait dira. León probintzia kalte handiena hartu duenetako bat izan da, “muturreko zenbait baldintza klimatologikorengatik, klima-aldaketaren ondoriozkoak diren baldintzak eta Kantauriar mendikatean neurriz gainekoa izan den lehorte bati gehitu zaizkionak”, azaldu du Leonor Calvok. Calvo doktorea da Leongo Unibertsitatean, aditua landare-birsorkuntzan baso-suteen ondoren eta Ekologia Aplikatuko eta Teledekzioko Ikerketa Taldeko kidea (GEAT ECOLOGÍA APLICADA Y TELEDETECCIÓN).

“Oraindik ez daukagu datu eztabaidaezinik, baina mendikate osoan uda aurretik zegoen berdetasunaren batez besteko indizea neurtzen gari gara, ikusteko zergatik ugaritu diren hainbeste suteak gure inguru honetan”.

Zoritxarrez, hau ez da aurreko urteetan suteetatik kanpo egon den toki bat. “Baina aurtengo suteak ez bezalakoak izan ziren haiek. Beti izaten dugu lehortea udan, egia da, baina udako gauetan ohikoa da tenperatura jaistea eta hezetasuna igotzea. Aurten, ordea, ekainaz geroztik zenbait bero-bolada izan ditugu elkarren segidan, eta, horri gehitzen badiogu neguan euri- eta elur-prezipitazio gutxi izan dugula, dena oso lehor gelditu da, gauetan giroa hezetu edo bustitzeko aukerarik gabe”.

Eta ez du etorkizun hurbilean aldatzeko itxurarik, klima-aldaketaren ondorioak gero eta hautemangarriagoak baitira. Mota honetako suteak ekidin ahal izango dira aurrerantzean?

“Egia da irtenbidea konplexua dela, baina horretan lan egin behar da. Kudeaketa integrala edo osoa da, eta ez dago aplikatu beste erremediorik”.

Zehazki, kudeaketa oso horrek hauek jasotzen ditu:

Ingurumen-heziketako programak, sute gehienak giza jarduerak eragindakoak baitira. “Horrek ez du esan nahi nahita piztutakoak direnik, baina bai gure ekintzekin edo bizimoduarekin eragiten ditugula. Sute batzuk ekaitzen ondorioz pizten dira, baina gutxiengoa dira”.

Behar berrien araberako landaredi-kudeaketa. “Zer motatako paisaiak nahi ditugun eta horrek zer ondorio ekar ditzakeen pentsatu behar dugu. Adibidez, pinudien alde egiten badugu, badakigu oso sukoiak direla eta erraz erretzen direla. Hariztiak, artadiak eta pagadiak, aldiz, ez dira hain erregaiak.

Hori bai, ezin dugu ahaztu baso batek beste bat ordezteak ekosistemak aldatzea ekartzen duela berekin, jeneralean, fauna aldatzea. Baina hori ekosistema natural desberdinen ziklo naturalen barnean sartzen da, non sartzen diren eta aurrekoekin lehiatzen diren espezieak dauden, segida sekundario esaten zaion prozesuaren barnean. Gainera, sastrakadiak estalitako tokiak edukitzearen alde egiten badugu, eta sastrakadi hori jarraia bada, arriskuak handia izaten jarraitzen du, baso-sistema arboladunetan bezala, erregaiaren jarraitutasun bertikala dutenetan”.

Mendiaren erabilera zaharrak berreskuratzea. Edo bestela esanda, garrantzitsuena da lurralde eta paisaia humanizatu biziak sortzea, non basogintzako eta artzaintzako jarduerak garatuko diren, landaredia modu eraginkorrean eta, ingurumenari dagokionez, modu egokian kontrolatzeko bidea emateko. “Mosaiko-itxurako paisaietarantz joan beharko genuke, basoa, sastrakadia duten tokiak, larreak eta nekazaritzako tokiak txandakatuz. Baina hori lortzen zaila izango da, mendiaren erabilera tradizionalak alde batera uzten ari badira, hori gertatzen baita herritarrentzat ez direlako errentagarriak. Ez dago horretan aritzeko prest dagoen jenderik, jarduera horiek egiten ziren herrietan orain ez dago zerbitzurik ez eta baliabiderik ere… Horrenbestez, inbertsio publikoa beharrezkoa da hainbat jarduera berreskuratzeko, hala nola artzaintza estentsiboa. Horretarako prest gaude, ordea?”.

Autobabeserako planak suteen aurrean. Herri batzuetan, landarerik gabeko hiri-baso interfazeak mantentzeko araua errespetatzen dute. “Frogatu da hori oso eraginkorra dela sutea gertatzen denean. Herri batzuk landarerik gabeko 400 metroko zerrenda horiengatik salbatu dira, eta bai bertakoen jardunarengatik, beren traktoreak erabiliz toki horiek ureztatu baitituzte. Garrek ez badute erregairik aurkitzen eta, gainera, hezetasuna aurkitzen badute parez pare, azkenean itzali egiten dira”.

Hori guztia epe ertain-luzean jarraitu beharreko pausoak dira. Orain, ordea, kiskalitako lurra lehengoratzeko gauzatu beharreko lan premiazkoagoak daude.

“Orain presazkoena da arreta jartzea kalte handiena hartutako tokietan, euria egiten badu, lurrik ez galtzeko. Beraz, azkar jardun behar da, lur horri eusteko, geruza organiko garrantzitsua emateko eta, hala, higadura geldiarazteko. Eta gero, lurra modu naturalean nola doan lehengoratzen behatzeko garaia etorriko da. Sastrakadia laster ernaberrituko da. Espezie asko ernamuinduko dira tenperatura altuetan egon eta gero, eta abar.

Edonola ere, lan handiena emango duena izango da lehen geneuzkan ehun urtetik gorako basoak berriro planteatzeak, horiek ez baititugu berreskuratuko jada. Galdutakoa galduta dago. Orain basotu egin behar da, baina nola? Suarekiko erresistentegoak diren zuhaitz hostozabalak jarriko ditugu, motelago hazten direnak? Ala azkar hazten diren esplotazioak nahi ditugu? Oraindik asko gelditzen da egiteko eta pentsatzeko”.

Eta bien bitartean, suteen foku aktiboek gaua argiztatzen dute Leonen. Triskantza usaina dario. Tristezia usaina dario.

Suteen kudeaketari buruz gehiago jakin nahi baduzu:

Suteak neguan ekiditen dira

Ezkaba mendia basoberritzea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.