Posted

Green-hushing-a: enpresen isiltasun berdea

Egun, konpainia batzuek iraunkortasunaren arloan egiten dituzten aurrerapenak ezkutatu edo isiltzeko joera dute. Arrazoiak askotarikoak dira: sinesgarritasunik eza, kritikak eta abar. Horrek eragin negatiboa dauka, gardentasuna gutxitzen baitu eta iraunkortasunaren alde serio ari diren enpresak zein diren identifikatzea zailtzen du. Badirudi gomendagarria dela komunikazio zintzo, argi eta orekatu baten alde egitea eta herritarrak ahalduntzea.

- - - - - - - -

Azken urteetan, asko entzun dugu greenwashing edo zuriketa berdeaz hitz egiten. Zehazki, jardunbide horretan, zenbait enpresak exajeratu edo asmatu egiten dituzte haien ingurumen-egiaztagiriak, beren irudia hobetzeko. Hala ere, bada gutxiago ezagutzen den baina gero eta presenteago dagoen beste fenomeno bat:  green-hushing edo isiltasun berdea.

Zenbait konpainiak iraunkortasunaren arloan egiten dituzten aurrerapenak ezkutatu edo isiltzeko joera deskribatzeko erabiltzen da termino hori. Emisioak gutxitzeko ahaleginak, eraginkortasun energetikoa hobetzekoak edo ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatzekoak modu irekian komunikatu beharrean, bigarren plano batean edukitzearen alde egiten dute.

Zergatik gertatzen da hori? Arrazoiak askotarikoak dira. José María Fernández Alcalá Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendariak (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa) adierazitakoaren arabera, “ospearekin lotutako arriskua gakoetako bat da. Etxe batzuk beren ingurumen-etiketak kentzen ari dira, inork ez baititu sinesten. “Eko”, “bio” eta abar denaren gaineko sinesgarritasun-galera erabatekoa da. Hori dela-eta, erakunde askok nahiago dute ezer ez komunikatu, seinalatuak izateko arriskua hartu baino lehen”.

Horri gehitu behar zaio, zenbaitetan, ekintza iraunkor bat jakitera ematean, enpresa kritikak izatera arriskatzen dela, nahikoa ez dela edo inkoherentea dela hautematen bada. “Hori erabat kaltegarria da; izan ere, enpresa batek ez badu bereizteko aukera legeriak exijitzen duenetik harago joateagatik, iritsiko da egun bat non egiteari utziko dion”.

Horrenbestez, green-hushing edo isiltasun berdeak eragin negatiboa du, gardentasuna murrizten baitu eta zailtzen baitu kontsumitzaileek, enpresek edo inbertsio-enpresek eta herritarrek, oro har, baloratu ahal izatea zer enpresa ari diren lanean serio iraunkortasunaren alde. Gainera, eragin biderkatzailea sortzeko aukera mugatzen du: konpainia batek bere aurrerapenak jakitera ematen dituenean, beste batzuk inspiratu ahal ditu bide horretan bertan jarraitzera.

Isiltasun berde honen aurrean, gomendagarria da komunikazio zintzo, argi eta orekatu baten alde egitea. Kontua ez da emaitzak puztea, baizik eta errealismoarekin azaltzea ematen ari diren pausoak, izan diren lorpenak eta bai lortzeke dauden erronkak ere. Hartara, konfiantza indartzen da eta ingurumenarekin egiatan konprometituta dagoen enpresa-eredu baterantz aurrera egiten da.

“Eta herritarrak ahalduntzea ere gomendagarria da –amaitu du Fernández Alcalák–, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeki exijituko baitute”.

Izan ere, benetako trantsizio ekologikoa bultzatzea denon ardura baita, benetan iraunkortasunean inbertitzen duten enpresak desabantailan ez egoteko, komunikazioa (green marketing edo marketin berdea) itxura zuritzeko besterik erabiltzen ez dutenen aurrean.

Hitz berriei gehiago irakurri nahi baduzu:

Hitz berriak, kontzeptu berriak

Aldaketak Europako legerian, greenwashing edo zuriketa berdea borrokatzeko

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.