Maria Brañas, 117 urteko emakume bat, zientziak bera aztertzeko prest agertu zen. Brañasen genoma, proteinak, metabolismoa, sistema immunea eta mikrobiota aztertu zituzten, eta ikusi zuten bere mikrobiota gaztetuta zegoela (ez zen 90 urtetik gorako pertsona batean espero zitekeena). Oso aberatsa zen bifidus motako bakterioetan eta antiinflamatorioa, pertsona gazte batengan ohikoagoa dena. Brañasek esan zuen egunean hiru jogurt jaten zituela.
Orduan, egunean hiru jogurt jateagatik, gehiago eta hobeki bizi ahal gara? “Bada, beharbada, ez, zeren Mariak, gainera, dieta mediterraneoa zeraman, ariketa fisikoa egiten zuen, ez zuen ez erretzen ez eta edaten ere, eta aldeko genetika zuen, hori ere kontuan hartu beharrekoa. Denak du eragina. Genetika da egokitu zaizkigun kartak, eta zertan jokatu edo nola jokatu karta horiek gure biziera da”, azaldu du Mikrobiologiako katedradunak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoko zuzendariak, zeinak ongi aski dakien zertaz ari garen.
Milioika zelula eta mikroorganismoak elkarrekin bizi diren ekosistema bat gara gizakiak. Erdi gizaki, erdi bakterio gara, daukagun zelula bakoitzeko berariazko eginkizun bat betetzen duen bakterio bat baitaukagu.
Gure zelulen eta gure bakterioen arteko interakzioek orekan egon behar dute, osasun ona edukitzeko. Hartara, oreka hori hausten bada, gure mikrobiota gutxitu egiten da eta gure barnean onuragarriak ez diren bakterioak ugaritzeko arriskua dugu. Eta hori oso estu lotuta dago gaixotasun askorekin.
Horrenbestez, mikrobiotak bi helburu ditu: infekzioetatik babestea (mikrobiota asko badugu, patogenoak iristen dira eta ez dute tarterik aurkitzen kolonizatzeko) eta era aktiboan parte hartzea gure metabolismoan.
“Hain zuzen ere. Oreka hausten denean, disbiosia gertatzen da, eta horrek, adibidez, eragiten du hestearen iragazgaiztasuna alteratzea eta, ondorioz, hantura, garunera ere irits daitekeen hantura. Zenbait pertsonaren kasuan, neuroinflamazio horrek arazo neuronalak ekar ditzake, kognitiboak eta abar, eta hori buruko gaitzekin lotu ahal da, esate baterako, depresioarekin, Parkinsonen gaixotasunarekin, Alzheimerren gaixotasunarekin…”.
Labur esanda, jaten duguna estu lotuta dago gure osasunari. Hesteetako bakterioek konposatu-kantitate handiak sortzen dituzte (serotonina, dopamina), alterazio neuronalak izan ditzaketenak.
“Neurotransmisoreetatik, bakterioek sortzen dituzten eta hesteetako iragazkortasuna alteratzen duten beste konposatu batzuetatik, neuroinflamaziotik eta garuna hestearekin lotzen duen nerbio bagotik abiatuta dago komunikazio hori, “heste-garun ardatza” izena duena, eta azaltzen duena disbiosi batek ondorioak izatea buruko osasunean.
Eta nola zaindu dezakegu geure burua, osasun ona edukitzeko? “Kontuan izan behar da mikrobiotari hiru gauza gustatzen zaizkiola: zuntza, izan ere, guk ezin baitugu digeritu, baina gure hesteetako bakterioen elikagaia baita; polifenolak, jaten dugunari kolorea ematen dioten (adibidez, barazkien kolore berdea) eta hesteetako bakterioak haztea laguntzen duten konposatuak; eta elikagai hartzitu probiotikoak.
Aitzitik, ez zaizkio elikagai ultraprozesatuak gustatzen, jeneralean, azukrean eta gatzean oso aberatsak direlako; ez zaizkio toxikoak gustatzen (alkohola, tabakoa); eta nahiago ditu proteina begetalak, animalia-jatorriko proteinen aldean”.
Horrekin guztiarekin erraza da pentsatzea dieta onena mediterraneoa dela, mikrobiota osasuntsua laguntzen duena, barazkietan, frutetan, labore integraletan, oliba-olioan, fruitu lehorretan aberatsa delako eta haragi pixka bat eta arrain zuria duelako.
“Izan ere, badira dieta mediterraneoa buruko osasunarekin lotzen duten lanak, gaitasun kognitiboa hobetzen duelako eta estresa eta antsietatea murrizten dituelako.
Baina nik dieta-motari janaria prestatzeko modua gehituko nioke, elikagaiak prestatzeko moduak eragina izan baitezake mikrobiotan. Ez da gauza bera elikagai bat egostea, frijitzea edo labean egitea.
Eta, horrez gain, ez dugu ahaztu behar dieta mediterraneoa kultura dela, komunitatean egiten den biziera dela, non, gainera, ariketa fisiko pitin bat gehitzen zaion”.
Dena den, eskaintzen dituen abantaila horiek gorabehera, pausoz pauso urruntzen ari gara dieta mediterraneotik. Gure bizimodua da arduraduna. “Zalantzarik gabe. Gero eta kaletar edo hirikumeagoak gara, azkarrago bizi gara, estresatuta bizi gara… Horrek ez du laguntzen dieta mediterraneo osasungarria izaten.
Horri gehitu behar zaio, gainera, dieta mediterraneoa garestiagoa dela eta desberdintasun sozialak sortzen dituela. Zure posta-kodearen arabera, modu batera edo beste batera jan dezakezu. Eta hori arazo soziala da”.
Dietak eta mikrobiota erlazionatzen dituzten azterlan asko eta asko dago. Beharbada, klasikoenetako bat da milaka urte modu berberean elikatzen zeramatzan biltzaileen afrikar tribu baten hesteetako mikrobiota alderatzea. Ez ziren nekazariak, ezta ehiztariak ere. Guk duela 10.000 urte izan genezakeen bizimodua zeukaten. Haien hesteetako mikrobiota egungo italiar kaletarren mikrobiotarekin alderatu zuen zientziak. Aldea ikaragarria zen. Tribukoen mikrobiotan mikrobio-dibertsitate eta -aberastasun handiagoa zegoen, eta horrek iradokitzen du gure bizierak ez diola laguntzen gure mikrobiotari.
“Nolanahi ere, zaila da mikrobiota osasuntsu bat definitzea, bakoitzak berea baitu. Mikrobiomak, gure gorputzean (larruazalean, hestean, mukosetan, etab.) bizi diren mikroorganismo (bakterioak, birusak, onddoak, etab.) eta gene guztien multzoak, aintzat hartzen du nor garen (geneak eta metabolismoak) eta zer egiten dugun. Tratamendu bati erantzutea edo ez daukagun mikrobiomaren mende egon liteke. Eta hortik, etorkizuneko medikuntza pertsonalizatua. Zientziaren arloa hau guztia ikertzen ari da”.
Elikagai osasuntsuei buruz gehiago jakin nahi baduzu:












Utzi erantzuna