Lurringintza eta Kosmetikako Elkarte Nazionalaren (Stanpa) arabera, pertsona bakoitzak egunero kosmetikako eta higiene pertsonaleko zazpi eta bederatzi produktu artean erabiltzen ditu batez beste. Hori, bere horretan, ez da ez ona ez txarra, baina ingurumenerako arazo bilaka daiteke, batik bat produktuak edukitzen dituzten ontziengatik, haietako asko erabilera bakarrekoak baitira, birziklatzen zailak edo ingurunerako kaltegarriak diren osagaiak dauzkate. Udan, produktu horien kontsumoa areagotu egiten da, eta bai haiek berekin dakarten kutsadura-arriskua ere. Eguzkitako kremak, ilea hidratatzeko olioak, xaboiak, xanpuak, krema hidratatzaileak eta abar erabiltzeak arrisku hori areagotzen du. Horregatik, garrantzitsua da aintzat hartzea gomendio hauek: 1.- Stocka kontrolatuta edukitzea. Garrantzitsua da zer, noiz eta zenbat erosten den jakitea, produktua erabili aurretik iraungitzea ekiditeko. Hartara, hondakinak alferrik sortzea saihestuko dugu. 2.- Ahal den neurrian, erabilera bakarreko produktuak ekiditea. Hainbat produktuk, adibidez, makillajea kentzeko diskoek, paper-zapi hezeek, kotoi-zotzek eta abarrek, oso eragin txarra dute ingurunean. Hori dela-eta, komenigarria da beste produktu batzuen alde egitea, besteak beste, disko berrerabilgarrien, xaboi solidoaren eta kopa menstrualaren alde, zero zabor filosofian eta mugimenduan laguntzeko. 3.- Arreta jartzea eguzkitako kremari. Larruazala eguzkitik babesten duten produktu batzuk ikaragarri toxikoak izan daitezke, batik bat itsas ingurunerako. Garrantzitsua da eguzkitako kremen osagaiak egiaztatzea eta haietako zenbait ekiditea, esate baterako, oxibentzona, oktokrilenoa eta oktinoxatoa. Era berean, aerosolik ez erabiltzea gomendatzen da, eguzkitako kremaren zati handi bat hondarretara edo ingurura erortzen baita eta ez gure larruazalera. 4.- Bilgarriak gutxitzea, ontziratu gabe edo soltean saltzen diren produktuen alde egitea eta kosmetikoen ontziak birziklatzea. Erabilera bakarreko ontzi gutxiago erabiltzea, geure ontziak erostea eta soltean edo ontziratu gabe saltzen diren produktuen alde egitea neurri errazak eta eraginkorrak dira ingurumenarekiko lagunkoiago izateko. Halaber, funtsezkoa da erabiltzen ditugun produktuen ontziak birziklatu edo berrerabiltzea. 5.- Beharbada birziklatu ahal direla ere ez zenekien produktuak birziklatzea. Birziklapenaren arloko TerraCycle enpresa berritzailearen arabera, zabortegira heltzen diren produktuetako asko birziklatu ahal izango lirateke. Izan ere, enpresa horrek doako birziklapen-programak sustatzen ditu eguneroko eta ohiko produktuei beste bizitza bat emateko, adibidez, bizar-kentzekoei, ahoko higienerako produktuei, ezpainetako baltsamoaren tutuei, begietako makillajea kentzeko poteei, aluminiozko ontziei, xaboi likidoaren banagailuei, aurpegia garbitzekoei, gorputzerako lozioei eta eskuetarako kremen tutuei. Produktu horiek guztiak ezin dira edukiontzi horira bota, eta, beraz, TerraCycle enpresak bat egin du denda eta erakundeekin, bilketa-gune publikoak ezartzeko, hartara, jasotzeko eta zabortegira iristea eragozteko. Adibidez, Gilletterekin batera garatutako birziklapen-programaren bidez, TerraCyclek bizar-kentzekoak birziklatzen ditu, berriz kargatzekoak eta behin erabiltzekoak, edozein markatukoak, etxetik atera gabe. Botikekin eta Unilabsekin batera, hortzetako eskuilak, hortzetako pastaren tutuak, ahoko irakuzketarako banagailuak eta serum-tutuak berreskuratzen ditu; eta L’Occitane etxearekin batera, edergintzako eta kosmetikako ontziak biltzeko zakarrontzi fisikoak kokatzeko programa bat garatzen ari da. Ez da blog honetan TerraCycle enpresari buruz hitz egiten dugun lehen aldia, aurreko argitalpen batean (irakurri hemen) bolalumak eta idazketarako beste tresna batzuk bildu eta berreskuratzeko enpresa horrek duen ekimena aipatu baikenuen. Halaber, beste artikulu batean LOOP ezagutarazi genuen. Zehazki, programa horren xedea da munduan ezagunenak diren kontsumo-produktuen erabilera bakarreko ontziek eragindako hondakinak ezabatzea eta bizi-ziklo zirkular batera itzultzea, berrerabiltzearen edo birziklatzearen bidez. Argi dago bizimodu berriek hondakinak kudeatzeko modu berriak ekarri behar dituztela berekin. Hala ere, ez dugu ahaztu behar hondakin onena sortzen ez dena dela. |
Posted
Are zailagoa oraindik
Badakizu bizar-kentzekoak, ahoko higienerako produktuak eta kosmetikoen ontziak birziklatu egin daitezkeela beste bizitza bat izateko? Baita eguzkitako kremen poteak, ezpainetako kremen tutuak… Aspaldikoekin zerikusi gutxi duten hondakinak sortzen ditu gure egungo bizimoduak, berariazko kudeaketa behar dutenak. Eta haiek tratatzeko, enpresa espezializatuak sortzen dira. Edonola ere, ez dugu ahaztu behar hondakin onena sortzen ez dena dela.
Utzi erantzuna