Posted

Aulki eta banku bihurtzen diren bolalumak

Zer gertatzen da bolalumaren tinta amaitzen denean? Plastikoa, metala, tintaren beraren hondakinak… Zer motatako hondakinak dira? Zein edukiontzitara bota behar dugu? Birzikla daitezke? TerraCycle enpresak programa bat jarri zuen abian duela 10 urte, eta haren bidez hondakin horien 638.000 kilogramo baino gehiago bildu ditu mundu osoan.

- - - - - -

Bolalumak, errotuladoreak, fluoreszenteak, portaminak, luma estilografikoak eta idazketarako beste material batzuk gure egunerokoaren barnean daude. Lanean, etxean eta arlo pertsonalean erabiltzen ditugun ohiko tresnak dira.

Gutxitan ohartzen gara, ordea, tinta-elementuak, metala eta plastikoa izaten dituztela eta horrek ekartzen duela oso zaila izatea berreskuratzea hondakinetarako ohiko edukiontzietan.

Izan ere, behin tinta amaitzen denean, hondakina besterik ez da gelditzen… eta orduan zer?  

Tratamendu zaila duten hondakinetan espezializatua dagoen birziklapen-enpresa da TerraCycle, eta haiek guztiak biltzeko eta, besteak beste, parkeetarako banku eta aulki bihurtzeko programa bat sustatu du.

Egun, Espainian bilketarako 726 gune daude (bilatu hemen zure kokalekutik gertu dauden guneak: Idazketarako tresnak birziklatzeko programa – Google MyMaps), haietako asko eskoletan eta zentro publikoetan. Denen artean, orain arte, idazketarako 5.414.613 tresna birziklatu dituzte.

Baina askoz ere gehiago egon daitezke; izan ere, 8 kilometroko eremuan tresna horiek uzteko gune publikorik ez badago, beren guneak sortzeko aukera eskaintzen die programak herritarrei. Horretarako, kontu bat sortu behar da programan eta bilketa egiteko leku publiko bat bilatu, leku horren arduradunaren aurretiazko baimena edukita.

Eta zer egiten da horrekin guztiarekin? Behin bilduta, hondakinak Troisvillen biltegiratzen dituzte, Frantzian. Gero, garbitu egiten dituzte, birziklatu eta sailkatu. Prozesadore batean, mekanikoki eta/edo eskuz bereizten dira. Metalak galdatu egiten dira, birziklatu ahal izateko aleazio berriak egiteko. Plastikoak estrusionatu eta pikortatu egiten dira, plastikozko produktu berrien forma emateko: zaborretarako ontziak, biltegiratzeko edukiontziak, plastikozko zura eta beste erabilera berritzaile eta iraunkor batzuk.

Baita lorategi eta parke publikoetan, ikastetxeetan, institutuetan… jartzen diren bankuak egiteko ere.  

Programak hamar urte bete zituen 2021ean, eta oso ezaguna da eskoletan eta institutuetan. Orain arte material gehien bildu duen eskola Noaingo San Miguel ikastetxe publikoa izan da, Nafarroan, 91.256 unitate bildu baititu.

Oraindaino, hondakin horien 638.000 kilogramo baino gehiago bildu dira mundu osoan, eta, beraz, zabortegietara heltzea saihestu da. Espainian, zehazki, 54.000 kilogramo baino gehiago bildu dira.

Herritarrei kontzientzia harrarazteko eta programa honetan parte hartzea sustatzeko, TerraCyclek sariak eskaintzen ditu 20 kilogramotik gorako pisua duten bidalketengatik. Puntu trukagarriak dira, parte-hartzaile bakoitzak aukeratzen duen elkarte edo eskolarako donazioak egiteko.

Eta hala, pixkana-pixkana, parte-hartzaileak, eskolak, ikastetxeak eta abar lortzen ari dira idazketarako tresna horiek, hain ezagunak eta ohikoak zaizkigun horiek, ez esatea oraindik azken hitza eta kontatzeko asko izatea aurretik.

Gustura irakurri baduzu hau, agian interesgarria izango duzu birziklapenari buruzko post hauek:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.