Posted

Argi artifizialaren alde iluna: gure osasunean haren eragin negatiboak saihesteko zazpi aholku

Barneko espazioak gehiegi argiztatzeak baliabide energetiko eta ekonomiko izugarriak gastatzea dakar berekin, eta ez dago justifikatuta ez beharrarengatik ez eta egokitasunarengatik ere. Jende askok pentsatzen du “zenbat eta argi gehiago izan orduan eta hobeki” dela, baina kontua da ez dela beti hobeki ikusten argi gehiagorekin, Fernando Jáuregui Iruñeko Planetarioko astrofisikariak eta Argi Kutsadurari buruzko Azterlanen Espainiako Sareko kideak esan digunaren arabera.
Argi artifizialaren alde iluna. Argazki: Unsplash
Fernando Jáuregui Iruñeko Planetarioko astrofisikariak

Argitasun gehiegi egoteak gure erloju biologikoari eragiten dio, eta horrek desdoitzeak ekartzen ditu melatonina, loaren hormona, jariatzean, erabateko iluntasuneko baldintzatan baino ez baita sortzen, eta horrek, estres-, insomnio-, diabetes- eta bai obesitate-arazoak ere ekar ditzake.

Iruñeko Planetarioko astrofisikariak zazpi aholku eman dizkigu, gure etxeetan argi artifiziala gaizki erabiltzea eta horrek gure organismoan duen ondorio negatiboa ekiditeko. Hain zuzen, hauek dira bere gomendioak:

1. Gelen edo barneen argiztatze orokorrerako, argi beroa sortzen duten lanparak erabili. Aukeratu dendetan, T<= 2700K etiketa dutenak.

2. Argi zuri hotza ematen duten lanparak jartzea saihestu.

3. Sukalderako, erabilgarria izan daiteke argi zuri neutroa jartzea (T: 3000-4000 K), eguneko orduetan erabiltzeko, eta argi beroago bat erabiltzea, ahal bada, gaueko orduetan pizteko.

4. Oso intentsitate txikiko argi anbarra ematen duten gailuak kokatu, gauean jaikitzen garenean erabiltzeko. Une horietan, gauez ikusteko dugun modua aktibatuta dago eta, beraz, oso argi-intentsitate baxuarekin ikusteko gai gara. Eta, gainera, argi biziekiko esposizioak, bereziki osagai urdina badute (argi zuri hotza), atseden hartzen laguntzen diguten prozesuak eteten ditu.

5. Lanparen potentzia erregulatzeko gailuak erabili (ahal bada), bereziki lo egin aurretik erabiltzen direnetan (ohean irakurtzeko argiak), eta bai argi beroa ematen duten lanparak ere.

6. Gailu elektronikoen erabilera kontrolatu, gaueko atsedenaldiaren aurreko uneetan. Argitasuna murrizten duten iragazkiak aktibatu, pantailen osagai urdina gutxitzen dutenak.

7. Argi-intrusioa badago etxebizitzan, kaleko farolen erruarengatik, udalari edo kaleko argiteriaren gaineko ardura duen erakundeari eskabidea bidali, argi-intrusio horri erantzuna emateko eskatzeko.

Etxebizitzetan edo negozioetan neurri hauek ezartzeak argi-mailak murrizten lagundu ahal die herritarrei, eta, gainera, ahalik eta kalte gutxien egiten duen argia erabiltzen. 

Argazki: Armando Castillejos en Unsplash eta Planetario de Pamplona.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.