Michelle Unzué kazetari iruindarra da, eta duela gutxi arte Herningen bizi izan da, Danimarkan. Europako iparraldeko herrialdera iritsi zenetik, esperientziak eta sentipenak partekatu nahi izan ditu, “Velas y vikingos” blogaren bidez, eta orain formatu digitaleko liburu bihurtu da, ‘Dinamarca. Velas, vikingos y mucho más’ izenburukoa.
Berak egin zuen post honen sarrerako argazkia: Man meets the sea” (Gizonak itsasoarekin egiten du topo), Svend Wiig Hansen artistaren lana dena. Eskultura honek bederatzi metroko lau erraldoi irudikatzen ditu. Jutlandiako mendebaldeko itsasoa begiratzen ari dira lasai ederrean. Gizakien naturarekiko harremana islatzen du lanak.
Eta harreman hori da gehien gustatu zaiona Michelli. “Basoak zoragarriak dira. Haietaz gozatu dugu etengabean, are gehiago pandemia garai honetan. Horrez gain, sekulan ez dut ikusi hainbeste zaldi edo orein. Opari galanta izan da”.
Danimarkan bizi izan den hiru urteetan, ikusi ahal izan du “Danimarkak natura ugaria duela, basoz, aintziraz eta hondartza luze-luzez betea”. Hala ere, aitortzen du hondartzara askotan joan direla, kanpin-denda hartuta, baina ez direla inoiz itsasoan sartu! “Ura ikaragarri hotz!” dagoela esan du.
Nahiz eta tenperaturak ez duen bultzatzen bainujantzia janztera, Michellek azaltzen du hondartza horiek toki onak eta aproposak direla herrialdeak bere itsasoarekin beti izan duen harremana ikusteko. “Danimarka oso herrialde haizetsua da, eta hondartzara joatea primeran etortzen zaigu hura saihesteko. Alaba txikiek izugarri gustuko dute plan hori. Danimarkako hondartzak oso ederrak dira: ez daude batere masifikatuta, oso zabalak dira, hondarra oso fina da… Jutlandiaren mendebaldeko itsasertzeko askotan, II. Mundu Gerrako bunkerrak aurki ditzakezu. Oso interesgarria den museo bat dago, Tirpitz, Atlantikoko Harresia eratu zuten bunker horien historia kontatzen duena. Zentro horretan, gainera, anbarrari buruzko erakusketa zabal bat dago, herrialdeko inguru horretako hondartzetan oso elementu ohikoa baita, erraza baita aurkitzea olatu bizien eta haize zakarraren ondorioz. Danimarkan, oro har, zenbait museo daude anbarrarekin lotuta.
Biztanleria naturarekin batera bizitzeari dagokionez, Michellek ziurtatzen du herritarren ingurumen-sentsibilizazioa oso altua dela. “Adibidez, supermerkatuan 5 koroa ordaindu behar dituzu poltsa bakoitzeko (65 bat zentimo), erabiltzeari uzteko neurri moduan. Birziklatzeko aukera edukitzeko, edukiontzi-sorta handia dago, eta herrialdeak apustu sendoa egin du energia berriztagarrien alde. Izan ere, mailaz maila amaitzen ari da petrolio-ekoizpena (kontuan izan behar da Europar Batasuneko herrialde ekoizle nagusia dela), 2050ean erabat desagertzeko. Helburua da urte horretan beren energiaren %100 jatorri berriztagarrikoa izatea, eta bide zuzenetik doaz lortzeko” (+info).
Sentsibilizazio hori beste diziplina batzuetan ere gelditzen da agerian, esate baterako, artean. “Adibidez, Thomas Dambo daniar artistak trollak edo basoetako erraldoiak zur birziklatuarekin eraikitzen ditu. Benetako artelanak dira, eta bilatu eta aurkitu egin behar dituzu, ez baitago jarraibide zehatzik nola iritsi adierazteko. Xedea da jendea naturarekin konektatzea eta hartan gozatzea lortzea, eta, era berean, birziklapenaren eta iraunkortasunaren garrantziaren gainean kontzientzia harraraztea” (+info).
Naturarekiko sinbiosia irudikatzen duen beste artista nabarmen bat Olaffur Eliasson da, eta fiordoko etxea bere lana, edo Fjordhus, Vejleko multzo enblematikoenetako bat. Urari egindako omenaldia da, eta fiordoaren eta hiriaren arteko lotura moduan jokatzen du. Daniar-islandiar artista honek diseinatutako lehen eraikina da, eta 2018an inauguratu zuten.
“Baina ez da soil-soilik arlo politikora edo artistikora jo behar ingurumenarekiko sentiberatasun hori ikusteko, Danimarkaren eguneroko bizimoduan hautematen baita. Esate baterako, naturaren arloko zentroen sare zabal bat dago, eta ia denetan haur-parke bat dago, zurezkoa. Zabu soilak izaten dira, dibertigarriak eta erabat integratuta egoten direnak basoaren ingurunearekin edo naturarekin.
Eta etxebizitzetan sartzen garenean, ingurumenarekiko lotura hori arnasten jarraitzen da. Altzarien diseinua, erabiltzen dituzten materialak eta haien gustua, oro har. Lore lehor batzuekin, kuxin batekin eta kandela batekin, konposizio ikusgarria sortzen dute”.
Horiek dira Michellek etxera itzultzeko maletan sartu dituen esperientzietako batzuk. Baita haren azkeneko postean laburtu zuena. (hemen irakurri).
Interesgarria izango da berriro berarekin hitz egitea, Eskandinaviako herrialdearen eta gure errealitatearen artean aurkitu dituen kontrasteei buruz ikertzeko.
Utzi erantzuna