Posted

Deskontsumoa ate joka dugu

Nork ez ditu entzun aipatzen ekodiseinua, Zero Zabor, Detox, Low Food mugimenduak, kapsula armairua, alargaszentzia… eta halakoak? Gizartearen edozein arlotan etengabe eta gero eta gehiago errepikatzen diren hitzak dira: kulturan, politikan, aisian… Eta helburu komuna dute: kontsumismoaren eta baliabideak beharrik gabe gastatzearen aurka borrokatzea. Deskontsumoa ate joka dugu. Animatzen zara jarraitzera?

- - - - - -

Gure bizitzako edozein espazio deskontsumora makur dezakegu. Badira zenbait pertsona azken-azken belaunaldiko sakelako telefonoak alde batera utzi eta oinarrizko modeloak erabiltzen hastea erabaki dutenak, eginkizun nagusiak deitzea edo deiak jasotzea dituztenak. “Konektatu ohi” edo “deskonektatu” esaten zaie, eta berriro ere komunikazio pertsonalagoa eta aplikazio digitalen hain mende ez dagoena edukitzea erabaki dutenak dira.

Beste pertsona batzuek esaten digute beren trastelekuak, armairuak eta etxeak garbitzeak bakea ekarri diela, etxean milaka objektu pilatuta edukitzean ez zeukaten bakea. Jardunbide horren inguruan –‘decluttering’ esaten zaio–, hamarnaka metodo sortu dira, adibidez, Konmari, Kaizen… eta bai lanbide berriak ere, antolatzaile profesionala izatearena, besteak beste. Zehazki, helburua da ordena, garbitasuna eta horrekin batera bakea eramatea bakoitzak duen toki “sakratuenera”, etxera.

Ehungintzaren sektorean –2015ean, planetako CO2 gasen igorpenen %2 eragin zituen sektore horrek, eta, kalkulatzen denaren arabera, 2050ean %26 eragingo ditu– ere badira ekimen ugari, gure ohiturak hobetzeko asmoa dutenak: Detox mugimendua, fashion revolution esaten zaiona, kapsula armairuak…

Honi buruz ez dakitenentzat, Detox mugimendua Greenpeacek sustatu zuen 2011n, ehungintzaren arloko munduko enpresa handiei zuzenduta, baina geroztik diseinatzaileek, modaren zaleek, ekintzaileek eta blogariek ere bat egin dute harekin, jantziak egitean substantzia toxikoak erabiltzea eta substantzia horiek ur iturriekin kontaktuan egotea saihesteko. Zazpi urte geroago, antolatzaileen iritziz, lortu diren aurrerabideak garrantzitsuak dira, ehungintzaren arloko kideen %15ek konpromisoa hartu baitute, eta beren ekoizpenetatik produktu kimiko arriskutsuak ateratzeko eta beren lantegietako lan-baldintzak hobetzeko hainbat ekintza gauzatu baitute. Hala eta guztiz ere, oraindik %85 gelditzen dira –eta %85 asko dira– arazoan esku hartu gabe.

Alderdi on bat da “detox” hitza ohitura txarrak, haietako asko kontsumoarekin lotutakoak, aldatzen saiatzeari buruz hitz egiten dugunean erabiltzen hasi garela. Ignacio Ramonet kazetari, historialari, idazle eta neoliberalismoaren kritikariak adierazpen interesgarri bat idatzi zuen 2017an kontsumismo larriagotutik antikontsumismora igarotzeko ematen ari den pausoaren gainean. Zehazki, “orain itoarazten gaituztela sentitzen dugun gauzak, eta planeta itotzen dutenak” historikoki pilatzera eraman gaituzten arrazoiak azaltzen ditu.

Ramoneten artikulua hemen irakur daiteke.

Edonola ere, Mercedes Gutiérrez-Moyano Zimmermann psikologo konduktualak, Slow Fashion Next mugimenduak egindako elkarrizketa batean, aitortzen du oso finkatuta dauden kontsumo ohiturak –eta hala daude gizarte garatuetan eta bai gizarte behartsuagoetan ere– aldatzen zailak direla, batez ere gure eguneroko bizimoduan publizitatearen eragina erabatekoa delako.

Argi dago kontsumitzeko modu berrietan txikitatik hezteak eta kontsumitzeko ditugun ereduak (ez erostea erosteagatik, jaramon gutxiago egitea publizitateari eta kasu gehiago kontsumitzen duguna ekoizten duten pertsonen lan-baldintzei, gehiago birziklatzea eta abar) aldatzeko beharraren gainean pertsonalki eta gizarte gisa kontzientzia handiagoa hartzeak norbanako bakoitzari lagunduko diola, lehenik eta behin, eta, are garrantzitsuagoa dena, baita planetari ere.

Kalkulatzen denez, mundu osoan CO2 gasen igorpenen ehuneko berrogeita hamar inguru kontsumitzen dugun guztia ekoizteko erabiltzen diren baliabideei lotuta daude. Ekonomia zirkularra garatzearen inguruan sortzen ari den indarrak lagundu ahal izango luke zabortegira bideratzen diren baliabide baliotsuen bolada geldiarazten… baina kontsumitzaile gisa dugun lana eta ardura ere garrantzitsua da eta merezi du ohiturak aldatzea. Deskontsumoa egiten duzu? Konta iezaguzu zure esperientzia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.