Posted

Ehun berriak, garai berrietarako

Kotoi organikoa, banbuzko ehuna, ananazkoa, tentzela, kuproa… Horiek dira pixkana arropa-marken artean, moda iraunkorraren alde egiten dutenen artean bereziki, tokia hartzen ari diren ehun berrietako batzuk.

Gure jantzien etiketak aldatzen hasi dira, gure kontzientziak egiten doazen era berean. Marka handi asko eta bai ehungintzako etxe txikiak ere beren jantzietan ehun iraunkor berriak sartzearen alde egiten ari dira.  

Blanca Gómara Espainiako material iraunkorren lehen showroomaren sortzaileetako bat da, eta bertan, besteak beste, material hauek aurki daitezke: kalamua, larru-anana, arrain-larrua edo zuhaitz-azalaren oihala.  Urte hasieran, ausartu zen aurreikustera modaren sektoreak, materialen zirkulartasuna planteatzeko unean, ez zuela birziklatzeko gaitasuna bakarrik baloratuko, baizik eta jantzi baten diseinuak materialen nahasketa ere izango zuela kontuan eta bai beste hainbat alderdi ere, hala nola aurreikusten zaion erabilera-denbora, zuntzek pertsonen osasunean duten eragina edo jantzi bakoitzaren bizitza baliagarriaren denbora. Eta, antza denez, arrazoi izango du eta ehun berriek alderdi horietarako erantzuna izango dute.

Bilduma berriko jantzietako batzuk egiteko besteak beste kuproa eta tentzela erabiltzearen alde egin duen ehungintzako marka horietako bat Zubi Design da. Material horiek iraunkor edo jasangarritzat jotzen dira, iturri naturaletatik datozelako eta ehuna sortzeko prozesu estandarretan baino ur gutxiago erabiltzea ekartzen dutelako. 

Izan ere, iraunkortasuna markaren ikur nagusietako bat da. Hasieratik bertatik, gertuko, “tokiko”, hornitzaileak izatea aukeratu dute: ehunez hornitzen dituztenak, beti espainiarrak, produktuak egiten dituztenak… “Ahalik eta hurbilena egotea bilatzen dugu, hartara, eragiten dugun karbono-aztarna ahalik eta txikiena izateko”, adierazi du Mercedes Zubizarretak, Elena ahizparekin batera, etxe horren arimak eta sustatzaileak.  

Biak ala biak material iraunkorren defendatzaile sutsuak dira, ukiarengatik, presentziarengatik eta ezaugarriengatik:  “Kalitate handiko materialak dira, uki hobekoak eta aurpegia ematen dutenak, engainatzen ez dutenak: den materiala da”. Eta, hartara, kalitatea da erabiltzeko orduan gehien baloratzen duten alderdietako bat.

“Kontsumitzeko orduan, erosteko ditugun ohiturak aldatu behar ditugu eta andeatze-prozesu luzeagoa, eta, horrenbestez, denbora gehiago irautea ahalbidetuko duen erabilera hobea duten materialen alde egin behar dugu; gainera, hartara, berria erosteko premia txikiagoa izango baita”. Hori, prezioa gorabehera: “Material garestiagoak dira, askotan bikoitza balio dute eta horrek jantzi baten kostua oztopatzen du hasieratik. Baina uste dugu horrek gutxiago kontsumitzeko balio digula. Arduratsuagoak izan behar dugu erosi eta fabrikatzeko garaian”.

Zubi Design etxearen iritziz, auziaren iltzea da, batetik, materiala baloratzea eta bai nola fabrikatzen den ere, eta bestetik, aurreikusten den erabilera-kantitateari erantzuten dion baloratzea. Beraiek erabiltzen dituzten materialen kasuan, kuproa eta tentzela, bi ehun horiek etxean garbitu ahal dira, tenperatura hotzean edo 30 gradutan dagoen uretan, eta lisatzeko tarteko tenperatura erabili ahal da.  

Edonola ere, Mercedes Zubizarretak adierazi du erosleak oraindik ez daudela ohituta halako materialak erosi eta erabiltzera, eta, horrenbestez, kosta egiten zaiela ikustea material horiek ingurumenean, maila pertsonalean eta ekonomikoan izan ditzaketen onurak. “Bezero gehienek inoiz ez dute entzun material berri horien gaineko ezer. Agian ezagunena kotoi organikoa izango da, baina hari buruzko prestakuntza gehiegirik ere ez dago”. Horregatik uste dute diseinatzen dituzten jantzietan sartzean haiek ezagutaraztea bultzatzen dutela eta, hartara, merkatuan sartzen laguntzen dutela.  

ZER DA KUPROA?

Ehun iraunkorra da, zetaren antzeko ukia duena eta kotoiaren hazitik datorrena. Ehun transpiragarria da eta tenperatura erregulatzen duena. Kuproa 30 gradutan garbitu ahal da. 

ZER DA TENTZELA?

%100 tentzela zelulosa-zuntza da, zuhaitzen zuraren pulparekin egindakoa. Zubi Design etxeak erabiltzen duenaren kasuan, FSC eta PEFC ziurtagiriak ditu. 

Argazkiak: Zubi Design

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.