Nork pentsatuko zuen duela urte batzuk gure seme-alabak “konpostajeko maisu-maistrak”, “itsasoko zabor-biltzaileak”, “ekodiseinatzaileak” edo “etxegile biojasangarriak” izango zirenik? Errealitatea da lanpostu berri horiek pertsona batek bere lan-bizitzan egin ditzakeen lanbideen katalogoan sartzen ari direla.
“Enplegu berdea” da energia, lehengai eta ur kontsumoa murriztearen bidez ingurumena begiratzen eta lehengoratzen laguntzen duten enpleguei buruz hitz egiteko erabiltzen den terminoa edo adierazpidea, ekonomia deskarbonizatzen eta berotegi-efektuko igorpenak murrizten laguntzen duten enpleguak, eta hondakinen eta kutsaduraren forma guztiak murrizten edo guztiz ekiditen laguntzen dutenak.
Tradizionalki, mota honetako lanak arlo batzuetan garatzen ziren, besteak beste, uraren, hondakinen eta naturaren edo biodibertsitatearen arloetan. Duela denbora batetik hona, ordea, aurreko horiei arlo berriak gehitu zaizkie, orain arte ezezagunak zirenak, esate baterako, energia berriztagarriak, mugikortasuna eta aisia iraunkorra, ekolanak gizartean gero eta garrantzi handiagoa izan dezan laguntzeko.
Nahiz eta ez dagoen enplegua arlo berdeetan handitzearen informazioa era globalean ematen duen kopururik, arloetan partzialki kontsultatu daitezkeen datuek, adibidez, energia berriztagarrienean, hondakinen tratamendu eta kudeaketarenean edo eraginkortasun energetikoarenean gutxi gorabehera adierazten digute ekolana gero eta gehiago dela etorkizuneko aukera bat, urtez urte handitzen dena eta etorkizunean hala egitea espero dena.
Adibide bat jartzearren, energia berriztagarriek 500.000 lanpostu berri baino gehiago sorrarazi zuten mundu osoan 2017an, eta hori 2016an baino %5,3 gehiago izan zen, IRENA Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziak argitara emandako kopuruen arabera. Kalkulatzen denaren arabera, mundu osoan 10 milioi pertsonatik gora aritzen dira lanean sektore honetan.
Espainiako Iraunkortasunaren Behatokiaren eta Fundación Biodiversidad erakundearen “Empleo verde en una economía sostenible” (Enplegu berdea ekonomia iraunkor batean) txosteneko datuek adierazten dute egun Espaininan 530.947 pertsona aritzen direla ingurumenarekin lotutako lanetan. Orain hamar urteko kopuruaren hirukoitza da hori, orduan 158.000 lagun baino ez baitziren aritzen haietan. Haietatik, enpleguen %26,4 hondakinen kudeaketan eta tratamenduan pilatzen dira. Hartara, arlo horrek, batetik, baliabide materialei bigarren aukera bat ematen die, eta, bestetik, aldi berean, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonei aukerak ematea dinamizatzen du kasu askotan.
Eraginkortasun energetikoak ere enpleguak batzen ditu mundu osoan. Ameriketako Estatu Batuetan, arlo honek beste edozein sektorek baino lanpostu gehiago sortu zituen eta jada bi milioi pertsona dira, aurreko urtean baino 67.000 gehiago, berokuntzako, aireztatzeko eta hozte-sistemako teknologiekin lotutako enpresetan lanean jarduten direnak.
Ingurumenaren kalitatea eta ingurunea errespetatzea ziurtatzeko gero eta zorrotzagoak diren ingurumen politikak, eraikingintzan eta garraioan energia kudeatzeko modu berriak, ekonomia zirkularraren aldeko apustua eta arlo eta maila desberdinetako iraunkortasun estrategiak ekartzen ari dira enplegu berdea mundu osoan dinamizatzea.
Milaka dira ingurumenaren alde egin duten enpresa ekimenak, proiektu berriak dinamizatu eta, hartara, haien bidez enplegu aukera berriak sortzeko bidea eman dieten proiektu berriak dinamizatzeko.
Gainera, serio hartuko bagenitu, adibidez, gure hondakinak birziklatzeko eta %70eko tasetara iristea lortzeko egiten dizkiguten gomendioak, adituen arabera, Europan bakarrik, milioi erdi lanpostu berri sortu ahal izango lirateke.
Adituak bat datoz ondokoa nabarmentzean: berariazko prestakuntza, espezializatua eta gizartearen benetako eskaerara egokitutakoa ekolan berri horietara moldatzeko beharrezkoak diren tresnak dira. Europar Batasunak berariazko prestakuntza eskatzen du ingurumen iraunkortasunarekin lotutako enpleguetarako. Erakunde asko horretan sinesten hasten ari dira eta lanbide heziketako programa bitxiak eta berritzaileak ari dira jartzen martxan, besteak beste, bioeraikuntzari buruzko bat, hasi berri den ikasturtetik aurrera Lizasoko Baserri Eskolan (Nafarroa) ematen ari direna.
Ingurumena errespetatzearekin lotutako lan aukera baten bila bazabiltza etorkizunerako edo, enpresari dagokionez, berritzeko gogoa baduzu, Ecointeligenciak jada badauden negozio ekoberritzaileen katalogo luze bat bildu du. Ausartzen zara probatzera edo haietako batean ari zara jada? Hala bada, zure esperientziaren berri izan nahi genuke.
Iturriak:https://www.ilo.org/global/research/global-reports/weso/2018/WCMS_631466/lang–es/index.htm; Ecoticias, OIT, Ecointeligencia, IRENA.
Argazki: rawpixel
Utzi erantzuna