Posted

Eraman etxera jatetxean sobera gelditu zaizun janaria

Europako herrialde askotan, jatetxean sobera gelditutako janaria etxera eramateko ohitura dute. Jardunbide egoki hori ez da guztiz sustraitzen gure hirietan, baina ari dira baliabideak jartzen konpontzeko. Hori da, hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitatearen kasua, proba pilotu bat jarri baitu abian ostalaritzako eta sukaldaritzako zenbait establezimendurekin batera.

- - -

Behin elikagai bat zerbitzatu zaionean bezeroari, jatetxeak ezin du berrerabili sobera gelditu dena eta, ondorioz, zakarrontzira bota behar du. Arazo horrek, ordea, irtenbidea edukiko luke, bezeroek sobera gelditutakoa etxera eramango balute. Hori, hain zuzen ere, ohitura da Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako herrialde askotan.

Zenbaiten ustez, sobera gelditu den janaria etxera ez eramateko arrazoi nagusia lotsa da. Arrazoia edozein dela ere, kontua da Espainia janari gehien alferrik galtzen duen Europako zazpigarren herrialdea dela eta elikagai horien %14k sukaldaritzaren jardueran dutela jatorria. Nola alda daiteke joera hori?

Joan den martxoaren 9an, Iruñerriko Mankomunitateak elikagaiak baliatzeko proba pilotu bat abiarazi zuen, Iruñeko Alde Zaharreko ostalaritzako eta sukaldaritzako 44 establezimendutan eta Mutiloako batean. Hartara, ekimen horri esker, nahi duten bezeroek sobera gelditu zaien janaria eska dezakete. Zehazki, mikrouhin laberako egokia den ontzi batean emango zaie eta, erabili eta gero, konpost bihurtu edo gai organikoetarako edukiontzi marroira botata birziklatu ahal izango dute.

Kanpainaren helburua da sukaldaritzatik datorren janaria, ongi dagoena eta azkenean zabor bihurtzen dena, murriztea, eta bai herritarren eta ostalaritzako langileen sentsibilizazioa lantzea ere, jan-edanak eralgitzearen arazoaren gainean.

Egunero-egunero ongi dauden elikagaien hainbat tona botatzen dira zakarretara, eta hori, alde batetik, baliabideak behar bezala ez erabiltzea da eta, bestetik, hondakin organikoak sortzea. Proba pilotua “Hemen ez dugu ezer botatzen… eraman zure janari-hondarrak!” lelopean aurkeztu da, eta bi asteko iraupena izango du. Hasiera batean, establezimendu bakoitzari 25 ontzi eta informazioa emateko 20 txartel eman zaizkio. Gero, martxoaren amaieran, emaitzak aztertuko dira eta kanpainari jarraipena eman edo ez baloratuko da.

Arturo Ruiz de Azagrak, Mankomunitateko Komunikazio Saileko zuzendariak, espero du Iruñean eta Iruñerrian ingurumenaren arloan dagoen kontzientziazioak eginkizun garrantzitsua izatea esperientzia hau herritarrengan sakon sartzeko orduan. Lortzen diren emaitzetatik ondorioak atera ahal izango dira alderdi indartsuen eta egin litezkeen hobekuntzen gainean, esperientzia Iruñerriko sukaldaritzako establezimendu guztietara hedatzeko helburuarekin. Establezimendu horien jarduna, gehitu du Ruiz de Azagrak, “giltzarria izan daiteke oraindik hondakin ez den bat sortzea saihesteko; izan ere, jatetxe edo taberna batean eskatzen diren platerak prestatu berriak baitaude eta, horrenbestez, elikagai horien kalitateak eta bizitza baliagarriak oraindik ere ibilbidea du egiteko”.

Nabarmendu behar da ekintza hau joan den maiatzean abiarazi zen kanpaina baten barnean dagoela. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak elkarrekin jarri zuten martxan kanpaina hori, “¿Marrones? Sí, gracias / Organikoak? Bai, mila esker” lelopean, eta helburua du hondakin organikoak birziklatzera bultzatzea.

Jatetxeetan janari hondarrak eskatzen dituzten horietakoa zara? Horrekin lotuta dagoen ekimenik ezagutzen duzu? Konta iezaguzu zure esperientzia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.