Posted

Erleak, polinizazioaren arduradun txiki horiek

Maiatzaren 20a Erleen Mundu Eguna da. espezie honen mehatxu nagusietako batzuk hauek dira: klima-aldaketa eta horrekin batera habitat asko galtzea, eta nekazaritzako jardunbide intentsiboak edo pestiziden erabilera.
Imagen de Anja?#helpinghands #solidarity#stays healthy en Pixabay

- - - - -

“Erleak, erleak,

gaur hil da etxeko nagusia.

Erleak, erleak,

eta behar da hemen argia”.

Horrelaxe dio euskal tradizioko atzotitz batek. Etxeko nagusia hil zenean, ondorengoak erlauntzara abiatzen ziren kandelak egiteko argizagi bila. Haien asmoa bai hil-kutxaren ondoan bai hilobian argia jartzekoa zen.

Bitxikeria horrek erleek gizakumeekiko betidanik izan duten harremana islatzen du.

Duela hamarkada batzuetatik hainbat mehatxu dituzte eta beren kolonietan sarraski nabarmenak egiten ari dira. Intsektu polinizatzaile txiki hauen ekintzari esker, mundu osoko elikagai-laboreen %75 baino gehiago emankorrak dira. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak ematen dituen datuen arabera, ordea,  polinizatzaile ornogabeen ia %35 –bereziki, erleak eta tximeletak– eta polinizatzaile ornodunen %17 inguru –besteak beste, saguzarrak– galtzeko zorian daude mundu osoan.

Elikagaien segurtasuna handitzeko, elikadura hobetzeko eta gosearen aurka borrokatzen laguntzeko duen eginkizunarengatik ezaguna den espezie honen mehatxu nagusietako batzuk hauek dira: klima-aldaketa eta horrekin batera habitat asko galtzea, eta nekazaritzako jardunbide intentsiboak edo pestiziden erabilera.  

Maila kolektiboan, asko dira mundu osoak bizirik irauteko hain garrantzitsuak diren izaki hauek habitat berriz hornitzeko eskala handian borrokatzen diren ekimenak: direla etxebizitza-erlauntzak, lasaitasunez bizi eta garatu ahal izateko, direla haientzat berariaz sortutako mikroerreserba naturalak edo hiri-lorategiak. Gero eta ohikoagoak dira haiek babeste aldera hiriek, enpresek eta taldeek hartzen dituzten neurriak.  

Million Polinator Gardens (Milioi bat lorategi polinizatzaile) mundu-mailako ekimena da, eta mundu osoan erleen, tximeleten, hegaztien, saguzarren eta beste polinizatzaile batzuen osasuna hobetzen laguntzen duten lorategiak eta paisaiak zaindu eta sortzeko xedea du. Hasiera batean, Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, baina laster hedatu da mundu osoan. Izan ere, hiru urte eskasean, ekimenean izena emanda dauden lorategiak milioi batetik gora izateko helburua gainditu dute. Zeinahi pertsonak, erakundek edo taldek sar dezake bere lorategia proiektuan. Hori bai, aurretik baldintza batzuk bete beharko ditu, besteak beste: 

  • Nektar- eta polen-iturri izango diren landareak erabiltzea.
  • Ur-iturri bat edukitzea.
  • Alde eguteratan eta haizea ibiltzen denetan kokatuta egotea.
  • Bertako landareekin, eta ez inbaditzaileekin, sortzea gune polinizatzaileak.
  • Loraketa jarraiak sortzea, bereziki udaberrian, udan eta udazkenean.  
  • Pestiziden inpaktua ezabatu edo minimizatzea.

Behin milioi bat lorategi izatea lortuta, ekimenak aurrera jarraitzen du eta hainbat erronka proposatzen ditu, erleak eta gainerako izaki polinizatzaileak babesten jarraitzeko prestakuntzaren bidez. Halaber, haien habitaten defentsan eta haien babesean lan egin nahi duen ororekin elkarlanean aritzen da.

ERLEEI BURUZKO DATU BITXI BATZUK

  • 5 gramo ezti sortzeko (koilarakada bat), erle batek 7.200 lore bisitatuko ditu.
  • Erle batek egunean 40 eta 100 kilometro artean egin dezake hegan.
  • Erle baten batez besteko bizitza 45 egunekoa da.

ITURRIAK:

http://www.fao.org/pollination/world-bee-day/es/

https://nation.com.mx/naturaleza/estas-las-plantas-puedes-cultivar-ayudar-a-las-abejas-evitar-extincion/

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.