Posted

Etxebizitza iraunkorra edukitzeko aholkuak

Batez ere, etxebizitzak neguan bero eta udan hotz edukitzeko kontsumitzen dugu energia, ur bero sanitarioa edukitzeko, eta, azkenik, argiztatzeko eta etxetresna elektrikoak erabiltzeko. Baina zenbat kostatzen zaigu eta nola murriztu ahal izango genuke, batetik, faktura eta, bestetik, jarduera horiek ingurumenean duten eragina?

- -

Erantzuna erraza da: arrazoizko erabilerako ohiturak hartuta eta, ezin badugu erabilera murriztu, gutxienez, kontsumo eraginkorra eginda, argi, gas, elektrizitate eta ur fakturetan %25 aurrezteko bidea eman baitiezagukete.

Sortzen den energia elektrikoaren %25 kontsumitzen dute Espainiako etxebizitzek. Gure egunerokoan egiten ditugun gainerako kontsumoen baturak guztizko kontsumoaren %17 dira.

Ba al dakizu garbigailuek eta ontzi-garbigailuek kontsumitzen duten energiaren zati handiena ura berotzeko behar dutela? Eta hozkailu-izozkailua, ahalmen handirik ez badu ere, etxebizitzetan elektrizitate gehien kontsumitzen duen gailua dela? Hori gertatzen da erabat ari garelako ireki eta ixten, eta, batzuetan, behar baino gehiago edukitzen dugulako irekita. Saiatu erabilera zentzuzkoagoa egiten eta energia alferrik gastatzea saihestuko duzu.

TERMIKOKI EROSOA DEN ETXEBIZITZA

Has gaitezen, urteko sasoiaren arabera, gure etxeak tenperatura egokienean edukitzeko egiten dugun energia kontsumoa aztertzen. Muskizko Udalak argitaratu eta herritarrean artean banatutako etxebizitza iraunkorraren azken gidaliburuaren arabera, etxebizitza baten isolamenduan hobekuntzak egiteak energiaren eta diruaren %30-40 artean aurreztea ekar dezake.

Etxebizitza bat termikoki eta egoki isolatzeko oinarrizko aholkuak hauek dira:

Isolamendu termikoa jartzea sabaian, hormetan edo lurrean, hotza saihesteko; eta olanak edo errezelak jartzea edo pertsianak ixtea, beroa ekiditeko.

Silikona, masilla edo burletak erabilita, leihoetan, ateetan, pertsianen kutxetan edo edozein zirritutan sor daitezkeen haize-lasterrei bidea eragoztea.

Errendimendu handiko galdara bat duen berokuntza sistema edukitzea, esate baterako, kondentsazioko galdara duena, kontsumo apalagoa baitu. Horrez gain, programatu daitezkeen termostatoak jartzea, eta balbula termostatikoak, berogailu bakoitzean, tenperatura modu independentean kontrolatzeko.

Baliabide horiek ez edukiz gero, garrantzitsua da aldatzea edo jartzea planteatzea, ahal den neurrian. Berriki, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako ikertzaile talde baten tesiak agerian jarri du mikroeraginkortasunetan arreta jartzearen balioa: galdara aldatzea, pertsianen kutxen hermetikotasuna hobetzea, leihoena, edo errezel termikoak kokatzea, beste neurri batzuen artean, etxeetan ongizate erosoagoa lortu ahal izateko.

UR BERO SANITARIOA

Energia kontsumitzea dakarren bigarren gunea edo fokua da, eta aholkuak, azken batean, bakar batean laburbil daitezke: ura aurreztea.

Dutxa hartzen, bainua hartu ordez.

Ur ihesak, ura tantaka aritzea edo iturri irekiak saihesten.

Aurrezteko sistemak erabiltzen: kontsumo apaleko buruak dutxetan, presioa murrizteko gailuak, tenperatura erregulatzeko gailuak, aginte bakarreko txorrotak…

ARGI ONENA, EGUZKIARENA

Etxebizitzetan kontsumitzen den energiaren %10 argiztatzeari dagokio. Argiari dagokionez, gainera, baliabide naturalena, doakoa eta kutsatzen ez duena izaten dugu eskura egunero. Bere erabilera hobeki baliatu, besterik ez dugu egin behar. Hartara, zenbaitetan, margotzeko kolore argiak erabiltzeak egun-argia hobeki aprobetxatzen laguntzen digu.

Gainera, beste trikimailu batzuk daude beharrezkoak ez diren kontsumoak saihesteko:

Gutxiago kontsumitzea edo kontsumoa erregulatzea ahalbidetzen diguten elementuak erabiltzea: kontsumo apaleko lanparak, adibidez, LED esaten zaienak, intentsitate erregulagailuak, presentzia detektagailuak…

Argiztatzen duten gainazalak garbi edukitzea.

Gure tresna elektrikoak “stand by” edukitzeko gastua ekiditea.

A+++ ETXETRESNA ELEKTRIKOAK

Izendapenak berak argi uzten du aparteko kategoria dela. Litekeena da pitin bat garestiagoak izatea, baina, luzaroago irauten dutenez eta energia gutxiago kontsumitzen dutenez, berdindu egiten da gastua.

Hozkailuak, izozkailuek, garbigailuek, ontzi-garbigailuek, sukaldeek, lehorgailuek, labeek… Denek partekatzen dituzte erabilera eraginkorragorako aholku hauek:

Aukeratu etxetresna elektrikoaren tamaina beharren arabera.

Aprobetxatu ahalik eta gehiena erabilera ahalmena. Edo, gainerakoan, erabili programa laburrak edo ekonomikoak, tenperatura hotzekoak.

Ez aritu etengabe tresnak irekitzen: labeak, hozkailuak.

Garbi eduki, energia gehiago kontsumitzea eskatzen duten edo normal ibiltzea eragozten duten buxadurak saihesteko.

Egin jaramon fabrikatzaileen erabilera gomendioei, batik bat jartzeko, mantentzeko eta abarretako alderdiei dagokienez.

Ahal den guztietan, saiatu elektrizitate kontsumorako tarifa merkeenak dituzten orduetan erabiltzen.

Azkenik, eta era berean garrantzitsua den zerbait: arduraz kontsumitu, aintzat hartuta elikatzeko edo eguneroko jardueretarako erabiltzen ditugun baliabideak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.


Iturriak:
Etxebizitza Iraunkorraren Gidaliburua, Muskizko Udala.
Aurrezte energetikoaren 10 aginduak. Twenergy.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.