Posted

Hamar arrazoi, garraio publikoa erabiltzeko

Autoaren mende bizi garen herritarrak gara, eta izugarri mendekoak gara, gainera. Orain arte, auto partikularrerako pentsatutako inguruneetan bizi izan gara, baina joera hori aldatzen ari da. Gero eta pertsona, teknikari eta talde gehiagok eskatzen dute iraunkorragoa den mugikortasuna. Testuinguru honetan, garraio publikoa irisgarritasun unibertsala eta herritarren mugikortasun-gaitasuna bermatzeko aukera onenetako bat gisa ageri zaigu. Hona hemen garraio publikoa erabiltzeko hamar arrazoi on.

- - - -

Urteak daramatzagu klima-aldaketaren aurkako borrokaz eta herrialde guztiek beren berotegi-efektuko gasen isurpenak murriztu behar izateaz hitz egiten. Espainian, atmosferara igorritako CO2gasen isurpen guztien %28,7ren arduraduna da garraioa eta hartan ibilgailu pribatua da arduradun nagusia, Ingurumeneko Kontseilaritzako 2016ko datuen arabera. 

Hori jakinda, mundu osoko administrazioak ari dira oinezkoaren, bizikletaren eta autobusaren aldeko eta ibilgailu pribatuaren aurkako mugikortasun iraunkor baten alde egin behar izatearen gaineko kontzientzia hartzen. Hartara, 2019ko Mugikortasun Astearen kariaz, autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzera animatu nahi zaituztegu.  

Hemen hamar arrazoi on dituzue. Dena abantailak direla ikusiko duzue!

1. Ibilgailu pribatuak baino gutxiago kutsatzen du. Automobilak baino berotegi-efektuko gasen 5,5 aldiz gutxiago kantitate sortzen du. Hirian egiten diren lekualdaketetarako aukera ekologikoena da. Bidaiariak ibilgailu partikularretik autobusera igarotzeak atmosferara milaka tona CO2 gutxiago aireratzea ekarriko luke.

2. Hirietan pilaketak murrizten dira. Ibilgailu pribatuaren erabilera masiboak hiriak buxatzen ditu, eta zikinagoak eta zaratatsuagoak izatea ekartzen du. Hori dela-eta, garraio publikoa aukera ezin hobea da hirietako mugikortasuna hobetzeko eta neurri handi batean pilaketak eta buxadurak saihesteko. Autobus bakoitzak, batez beste, 20 ibilgailu pribatu ordezten ditu.  

3. Kutsadura akustikoa gutxitzen du. `Kilometroko bidaiari´ terminoetan, autobusek ibilgailu partikularrak baino lau aldiz gutxiago inpaktu eragiten dute. Gure herrialdean, oso hiri zaratatsuak ditugu; esate baterako, Bartzelona eta Madril mundu osoko kutsadura akustiko handiena duten hirien zerrendan 7.a eta 16.a dira hurrenez hurren.

4. Zenbait talderen mugikortasuna bermatzen du, besteak beste, gazteena, adineko pertsonena eta mugikortasun murriztua duten pertsonena, ez baitute autorik edo ezin baitute erabili beren joan-etorrietarako.

5. Seguruagoa da. Trafikoko Zuzendaritza Orokorraren arabera, autobusa garraiobide seguruena da. Errepidean heriotza eragiten duten istripuen biktimen %0,2 baino ez dira autobusek eragindakoak.

6. Ibilgailu pribatua baino merkeagoa da. Nafarroan, familia bakoitzak 3.600 euro gastatzen ditu urtean batez beste garraioan, Nafarroako Bidaiarien Garraioko Plan Integralaren arabera. Aurrekontu horren %90 ibilgailua erosi eta mantentzeko gastuei dagokie, Ibilgailuen Ikuskatze Teknikoari, aseguruari…   

7. Eskuratzen erraza da denentzat. Kontzesio-ereduari esker, tarifa merkeak eskaintzen ditu eta, hartara, eskuratzen erraza da denentzat.

8. Denbora aurrezten duzu. Askotan, automobila erabiltzeak ekartzen du leporaino dauden inguruetan aparkalekua bilatu behar izatea. Garraio publikoa erabilita zailtasunik eta estresik gabe iristen da helmugara.

9. Beste jarduera batzuk egin daitezke bitartean, kezkatu gabe. Autobusez edo metroz joateko edo itzultzeko ibilbidea baliatu ahal da musika entzuteko, liburu on bat irakurtzeko, gure profil sozialak berrikusteko edo, besterik gabe, gure gogoetetan murgiltzeko.

10. Hiria bizitzeko toki atseginagoa izango da. Auto-pilaketa gutxiago, kutsadura gutxiago eta berotegi-efektuko gasen isurpen gutxiago egongo da.

Herritarrek azkar egin nahi dituzte joan-etorriak eta ahalik eta modurik merkeenean, baina ingurumenarekiko kezkak denon betebeharra izan behar du. Garraio publikoaren erabilera intentsiboagoa onuragarria litzateke denontzat. 

Erabili garraio publikoa ahal duzun guztietan!

Imagen: Pau CasalsUnsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.