Posted

Ez dago ezer txarragorik okerreko tokian egotea baino

- -

Sortzen ditugun gai organikoen erdiak baino gehiago gainerakoen edukiontzira botatzen ditugu. Eta hori ez da haien tokia. Gai organikoak baliatzeko eta ingurumena babesteko, edukiontzi marroira bota behar ditugu. Hori bada haien tokia. Ohartarazpen honekin, Iruñerriko Mankomunitateak (IM) kontzientzia harrarazi nahi digu alderdi honen gainean: etxebizitzetan sortzen ditugun hondakin organikoak edukiontzi marroira bota behar ditugu, hori baita haiek botatzeko toki zuzena.

Iruñerriko Mankomunitatearen (IM) azken publizitate-kanpainaren helburua herritarrei kontzientzia harraraztea da eta, hartara, egun zabortegira iristen diren hondakin organikoen kantitatea murriztea. Sentsibilizazio ekintza-mota honek ahalbidetzen du gogora ekartzea lege* bat dagoela, zeinak jasotzen duen etxebizitzetan sortzen ditugun gai organiko guztien %70 bereiztera iritsi behar dugula 2027rako. Egun, eta urte horretarako bederatzi urte baino ez direla gelditzen kontuan hartuta, gai organikoen %16 baino ez ditugu bereizten.  

Ez da batere datu ona, eta are gutxiago beste bilketa-mota batzuekin alderatzen badugu, besteak beste, paperaren edo beiraren bilketarekin, Iruñerrian %70etik gorakoak baitira. IMko Ingurumen Sentsibilizazioko Arloaren arduradun Carmen Villanuevak azaldu duenez, “hondakin horiek oso sentsibilizatuta dagoen gizarte baten babesa duten eta duela hamarkada batzuk ezarri ziren gaikako bilketa-sistema batzuk dituzte. Gai organikoen kasuan, ordea, antzeko emaitzak lortu behar ditugu, baina denboraren erdian egin behar dugu”

Sentsibilizatzeko xedea izanda erakundeak abiarazi duen azken publizitate-kanpainan, Iruñeko eta Iruñerriko gizarteak estimua dien kultura- eta/edo gizarte-elementuak erabili dira, esate baterako, billabesak, eta bai identifikazio berezia eragiten duten elementu ikonikoak ere, adibidez, Caravinagre kilikia. Hain zuzen, elementu horiek beren ohiko testuingurutik atera dira eta egoera harrigarriak sortu dira, umore-ukituak dituztenak. Horren guztiaren xedea da hondakinak “norberarenak” bezala aurkeztea, egokiak ez diren tokietara iristea saihesteko norberak ardura hartzea eskatzen dutenak. 

Kanpaina hori gai organikoak bereiztea hobetzea lortzeko IMk markatutako estrategian pauso bat gehiago da. Lehenbizikoa edukiontzi marroia izan zen, 2013tik aurrera pixkana ezarri zena Iruñerri osoan. Xedea, hain zuzen, kalitate oneko gai organikoak, eta material desegokirik gabeak, bereiz biltzea zen. 2018ko ekainean, bigarren fase bat jarri zen abian, Azpilagañan eta Artika Berrian etxebizitza bakoitzari lotutako txartel elektroniko baten bidez irekitzen diren edukiontziak kokatuta. Azkenik, 2019tik aurrera, eta herritarren erantzuna ona izan dela ikusirik, txartel elektronikoaren esperientzia hedatuko da Iruñerri osora, mailaz maila.

Horrenbestez, herritarren ohiturak aldarazteko eta jatorrian egiten den bilketa hobetzeko ahalegina egiten jarraitzen du Mankomunitateak, “sortzen ez den hondakina baino hoberik” ez baitago. Carmen Villanuevak gogorarazi digu, gainera, hondakin organikoen kasuan, gainerakoen edukiontzira botatzen badira, zuzenean zabortegira joaten direla eta, beraz, energia edo ongarri bihurtzeko aukera galtzen dela. 

“Sentsibilitate hori ahalik eta pertsona gehienengan piztu behar dugu –aitortu du Villanuevak–. Argi dugu zenbat eta kontzientzia duten pertsona gehiagok bat egin orduan eta emaitza hobeak lortu ahal izango dugula gero”. Izan ere, herritarren laguntzarekin baino ezin izango baita iritsi *Nafarroako Hondakinen Planak finkatutako portzentajeak lortzera. 

*Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen du helburu moduan lortzea gai organiko guztien %50 bereiztea 2020rako 5. edukiontzian, material desegokiak gehienez ere %20 direla, eta %70 bereiztea 2027rako, material desegokiak gehienez ere %10 direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.