Posted

Ezagutu hondakinen prebentziorako europako ideia onenak

Egunetik egunera ingurumenaren egoeraren jakitunago gara eta era arduratsuagoan jokatzen saiatzen gara. Orain, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen (European Week for Waste Reduction) 2018ko edizioko sariei esker, hondakinak saihesteko Europako ideia onenak izango liratekeenen berri izan dezakegu. Aurten parte hartu duten 14.347 proiektuetatik sei hautatu dituzte, eta haietatik bi Kataluniakoak dira eta bat Euskadikoa.

-

Guztira 14.347 proiektu, parte hartu duten 30 herrialde, 81 izendapen, 16 finalista eta 6 sari. Horiek dira Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen 2018ko edizioko datu nagusietako batzuk, duela gutxi proiektu garrantzitsuenak aukeratu dituena administrazio publikoaren, GKEen, enpresen, ikastetxeen, herritarren eta Europako sari bereziaren kategorian.

PROIEKTU IRABAZLEAK

Administrazio publikoaren atalean, Kataluniako Sant Vicenç de Castellet udalerriko Udalada irabazlea, hondakinik gabeko maratoiari esker: Eskolako hamaiketako iraunkorrak

Ekintza hau fase desberdinetan banatu zuten. Lehenbizi, eskolako hamaiketakoetan erabiltzen zituzten ontzien kantitatea murrizten saiatu ziren, eta gero, produktu osasungarriak kontsumitzera animatu zituzten ikasleak. Bartzelonako udal honek uste du premiazko neurriak hartu behar direla klima-aldaketa arintzeko, eta, nahiz eta zenbait urte daramatzan Europako Astean parte hartzen, hau izan da helburu zeukaten eragina izatea lortu duten lehen aldia.

Gobernuz kanpoko erakundeen atalean, lehen saria Ipar Irlandara joan da, Cloughmillseko gauzen liburutegia proiektuarekin.

Toki horretan, herritarrek gauzak har ditzakete maileguan, adibidez, xurgagailuak, tresnak, josteko makinak…, “objektuen jabeak” izan behar dugula pentsatzeko modua aldarazten saiatzeko. Liburutegi horretako kidea izatea nahikoa da erabiltzaileek libreki hartu eta erabili ahal izateko material guztia. Eta horrez gain, arduradunek herritarrak animatzen dituzte jada erabiltzen ez dituzten gauzak bertan uztera, katalogoan sartzeko.

Enpresen kategorian, aitortza nagusia IMQ klinikak eskuratu zuen, Bilboko Zorrotzaurre auzoan

Urgaineratutako kutsatzaileak ekintzan, ingurumen-arloko profesionalekin batera, endoskopiak egitean edo esterilizazio-, mantentze- eta garbiketa-prozesuetan sortzen diren hondakinek dituzten osagai kimikoak aztertu zituzten. Bere jardunak ingurumenari ekar diezaiokeen eragina murrizteko asmoa du klinikak, hain zuzen, produktu kutsatzaileenak ordeztuta, haien eraginak osasunean eta ingurumenean egiaztatu eta merkatuan alternatiba egokiak aurkitzen direnean. Beren ingurumen-kudeaketaren, langile guztien osasunaren eta gaixoei mediku-arretako zerbitzuak ematearen arteko orekari eusteko modu honek EWWR sari bat eskuratzea ekarri die.

Ikastetxeen kategorian, Irlandako Saint Fintango eskola nazionalak eskuratu zuen saria EWWRn garbiketa berdea ekintzarengatik. Proiektu horretan, hain zuzen, garbigarrien ontzi hutsak biltzera animatu zituzten ikasleak. Gero, osagai naturalak erabilita, besteak beste, limoia, ozpina eta olio bereziak, ikasleek egindako garbigarriekin berrerabili zituzten ontzi huts horiek. Hartara, ekintza oso ontzat jo zuten, batetik, ingurumena eta, bestetik, segurtasun pertsonala zaintzea dakarrelako. 

Herritarren kategorian, Europako Astearen irabazleak Marina Seder Colomina eta Morgane Robert izan dira, Frantziako Les Lilas hirikoak. Ekintza, zehazki, Biohondakinen festa-pisaketa izenekoa da. Aspaldi biohondakinak botatzeko bi edukiontzi jarri zituzten. Orain, haien erabilera handitzea lortzeko, hiriko biztanleei galdetu diete sortzen dituzten hondakinen gainean, edukiontzi horiek erabiltzera animatzeko. Ekintza honen helburua, batetik, birziklapenaren maila handitzea da, eta, bestetik, berrerabilera sustatzea, sortzen ditugun hondakinen herena konpostajerako erabiltzeko aukera izango baikenuke.   

Azkenik, Europako sari berezia Kataluniako Navàs udalerriko Sant Josep ikastetxeari eman zioten, Alfabeto artistiko iraunkorra izeneko ekimenarengatik. Ekintza honetan, sei herrialdetako ikasleek, Sant Josep ikastetxeko gidaren pean, alfabeto bat egin zuten, iraunkortasunaren gaineko mezu adierazgarriekin. 

Emaitza liburu elektroniko bat da, parte hartu zuten eskola guztien artean partekatu dutena, eta bai ikasleen taldeekin egindako eztabaida esanguratsuak ere, besteak beste, prebentzioaren eta hondakinen hautaketaren gaiari buruz egindakoak. Artea eta literatura konbinatzen dituen proiektua da, esanahiz beteriko alfabeto bat sortzeko. Zenbait letra banatu zituzten herrialde bakoitzeko, eta parte hartu zuten ikasleek, irudimena erabilita, mezu adierazgarri bat idatzi zuten, iraunkortasunarekin lotutakoa, zegokien letra bakoitzeko.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen hamaikagarren edizioa 2019ko azaroaren 16a eta 24a artean izango da. Ideia berritzaile eta originalen bat baduzu, kalitateko edukia duena, ikusgarritasun handikoa eta iraupen luzeko eragina duena, ez izan zalantzarik aurkezteko. Agian, hurrengo urtean ideia horretaz mintzatuko gara blog honetan, batek daki!

Argazki: www.ewwr.eu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.