Posted

Gobada ekologikoagoa egiteko aholkuak

Denbora-ezak, ia ahaleginik gabe emaitza onak eskaintzen dituzten produktu berrien erosotasunak edo ezjakintasunak ekartzen dute askotan ez egitea janzten ditugun arropen garbiketa edo higienizazio ekologikoa. Arroparen ohiko kontsumo-zikloari jarraituta, aholku erraz batzuk bildu ditugu, “garbitzeko modu garbiagoa” lortu ahal izateko, eta, batez ere, modu iraunkorragoa.

- - -

1. Arropa-garbigailua beteta jartzea.

Twenergy atarian jasotzen duten moduan, etxean kontsumitzen den energiaren %40 inguru etxetresna elektrikoak erabiltzeari (%30) eta ur beroa sortzeari (%10) dagokio, eta, beraz, arropa-garbigailuak karga optimoarekin beteta erabiltzeak ur- eta argindar-gastua kontrolatzen laguntzen du. Antolaketa behar da kolore edo oihal bereko jantziekin karga maximoetara iristeko garbigailuak lortzeko, baina ez da lan zaila. 

2. Arropa-garbigailuaren aukerak konfiguratzea.

Egungo arropa-garbigailu askok ur-kantitatea garbitu behar den arropa-kantitatera egokitzeko aukera ematen dute. Gainera, eko konfigurazioak aukeratzea komeni da, garbiketa arrunt batek baino ur gutxiago erabiltzen baitute. Era berean, ahal den guztietan, garbiketa-ziklo laburrak jar daitezke eta ur hotzagoa erabili. WMFk gogorarazten digun moduan, ur hotza erabiltzeak arropa garbitzeko behar den energiaren %80 aurreztea ere ekar dezake, eta, ondorioz, atmosferara karbono-dioxido gutxiago igortzea. Azkenik, eraginkortasun energetikoan sailkatutako arropa-garbigailuen modeloak erabiltzeak energiaren erabilera optimizatuko du.

3. Garbigarri organikoak edo zertifikatuak erabiltzea. 

Belgikako Natur Zientzien Errege Institutuak gogora ekartzen digun moduan, ura fosfato, disolbagarri, agente tentsioaktibo eta egungo garbigarrietan dauden beste substantzia kimiko batzuekin kutsatzen ez duten xaboiak eta garbigarriak erosteko orduan irtenbide ekologiko ugari dago merkatuan: Europar Batasuneko etiketa ekologikoa duten garbigarriak; xaboi kontzentratu likidoak, hautsezkoak baino hobeak; Marseillako xaboia txirbiletan, gobadarako; xaboi beltza lurra garbitzeko; ozpin beroa zikinkeria kentzeko; sodio-bikarbonatoa (ozpinarekin edo gabe) eltzeak, konketak eta abar garbitzeko arrastoak egin gabe…  Ç

4. Tratamendu-produktuak aldatu eta aukera naturalagoak baliatu.  

Zuritzaileen edo aurretratamendua egiteko produktuen ordez bikarbonatoa, limoia edo ozpina erabil daitezke, ur epelari gehituta, gure jantzietarako nahi genuen eragin garbitzailea edo zuritzailea lor baitezakete. Arropa uretan eduki ondoren Marseillako xaboiarekin igurzteak emaitza hobeak lortzen ere lagunduko du.  

5. Kantitatea dosifikatu eta behar dena baino gehiago ez erabiltzea. 

Garbigarriak eta beste produktu batzuk erabiltzean (besteak beste, gorago aipatu direnak), garrantzitsua da beharrezkoa den kantitatea baino ez erabiltzea, gehiegi erabili gabe, hartara, hustubidetik joaten diren kutsatzaileen kantitatea murrizteko.  

6. Lehorgailuaren ordez airea erabiltzea.

Arropa aire zabalean zabaltzea lehorgailua jarrita baino argindar gutxiago erabiltzen lagunduko digun aukera da. 

Gomendio horietako askok denbora gehiago eta ardura handiagoa eskatuko digute. Eta bai denda espezializatuetara edo produktuak soltean edo aleka saltzen dituztenetara –gero eta ohikoagoak, beste alde batetik– joatea ere. Baina ez dago zalantzarik: eraginak eta ondorioak onuragarriak izango dira planetarako eta bertako biztanleentzat… Garbiketa “garbiagoa” lortzea gure ardura da, eta bakoitzak bere hondar-alea jar dezake, denon artean ohitura onen hondartza eratzeko aukera izan dezagun. 

ITURRIAK: WMF, El Blog Verde(CC BY-NC 2.1 ESlizentzia), Twenergy eta www.jedonnevieamaplanete.be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.