Hidrogenoa unibertsoan ugarien dagoen elementua da, eta dauzkan aukera energetikoak oso handiak dira. Elektrizitatea sortzeko aukera fidagarria izango da hidrogenoa? Ibilgailu modernoen erregai berria izango da?
Sendoa Florez Palaciorekin hitz egin dugu. Somorrostroko Telekomunikazioetako eta elektronikako irakaslea da, eta bai ikerketaren arloko zale amorratua ere.
– Egun, zein izango litzateke hidrogenoari eman ahal izango litzaiokeen erabilera nagusia?
Oraindik asko dago ikertzeko, baina, adibidez, garatzeko tenperatura altuak behar dituzten bi industria dira zementuaren industria eta burdingintza. Beharbada, gehien behar dutenak. Eta tenperatura horietara heltzeko, atmosferara karbono dioxido kantitate handiak isurtzen dira. Beraz, berotu ahal izateko, tenperatura altu hori emateko, erregai bat erabiltzea lortuko bagenu baina karbonorik gabea, lorpen ikaragarria izango litzateke. Eta horixe da, hain zuzen, hidrogenoarekin lortu nahi dena.
– Hortaz, hidrogenoa erabiltzeak klima-aldaketaren ondorioak borroka ditzake?
Bai. Egun ditugun arazoetako bat da atmosferara isurtzen dugun karbono-kantitatea. Proiektu batzuk karbono dioxidoa atzematen saiatzen dira, moduren batean sintetizatzeko edo berrerabiltzeko.
Hidrogenoak duen abantaila da ez duela CO2-rik sortzen, eta, beraz, erabiltzen badugu, ez dugu karbonorik isuriko atmosferara.
– Eta hala deskarbonizazio desiratua lortuko dugu…
Hori da. Erregai fosilen mendekoak ez izateko premiak beste mota bateko erregaiak lortzeko premiara eramaten gaitu.
Orain erronka handia hidrogenoa modu berdean eta egungo modua baino merkeagoan lortzeko gai izatean dago, gutxi kutsatzen duten erregaien ekoizpenean aukera egingarri bihur dadin.
Argi dago petrolioa amaitu egingo dela eta beste mota bateko baliabideak bilatu behar direla. Eta ikusi behar da ea hidrogenoak baliabide horiek eman ahal dizkigun.
– Lortu ahal izango da?
Hori lortzeko bidea egin behar dugula uste dut.
Dena den, hidrogenoarekin lotutako proiektu guztiak beti une bakoitzeko egoera politikoaren eta geopolitikoaren mende egongo dira. Hori dela-eta, esan daiteke hidrogenoa oso egoera egokian dagoela aztertzeko, bere erabileran aurrera egiteko, baina ahaztu gabe bere azken ezarpena interes politikoen eta ekonomikoen mende egongo dela beti.
– Zein da bere B aldea? Zein izango lirateke bere erabileraren eragin kaltegarriak?
Batez ere bere kostua. Hidrogenotik abiatuta erregaia edo elektrizitatea sortzea garestia da gaur egun.
Gainera, prozesu horien probetxu handiagoa lortzeko, metal batzuk erabili behar dira eta metal horiek ez dira ugariak lurrazalean. Hori dela-eta, beste formula batzuk bilatzen ari dira, eta arreta berezia jartzen ari da material horien beharra txikiagoa izatean.
Hidrogenoak daukan beste eragozpen bat garraioa da. Gas moduan garraiatzen badugu hodi edo gasbide bidez, hodi horien paretak estali beharko dira barnetik polimero plastikoekin, izan ere, adibidez, altzairuaren poroen barnean sartzeko eta hura hauskor bihurtzeko gai baita. Horrek berriro garestituko lituzke produktuak, kutsatzaileak sortzeaz eta karbono-aztarna handitzeaz gain.
– Eta ezin da garraiatu beste era iraunkorrago batean?
Beharbada. Amoniako forman. Amoniakoa da nitrogeno partikula bat eta hidrogeno hiru partikula. Gainera, likidotu ahal dugu, eta, hortaz, zisternetan, kamioietan, itsasontzietan eta abarretan garraiatu ahal izango genuke. Baina hori ere prozesu garestia da.
– Metatu daiteke?
Bueno, gehien ikertzen ari den alderdietako bat da hori. Izan ere, hori da hidrogenoak orain duen lehentasuna, metatu ahal izatea behar elektrikoko goieneko uneetan erabili ahal izateko, sarea iristen ez den edo itzalaldi handi bat dagoen uneetan. Edo hondamendiak gertatzen direnean. Edo… beste kasu askotan.
– Jeneralean, energia sortzeak hondakina ekartzen du berekin. Gauza bera gertatzen da hidrogenoarekin?
Horixe da. Energia aprobetxatzeko sistema orotatik hondakina sortuko dugu beti. Baten batek esango du energia berdeetatik ezetz, baina energia berde horiek ekipo edo tresneria batzuk behar dituzte eta haiek, era berean, hondakina sortuko dute, nahiz eta energia berdea eta garbia izan.
Hidrogenoarekin gauza bera gertatzen da. Baita energia berriztagarrietatik erauzten den hidrogeno berdearekin ere: haize-instalazioetatik, eguzki-instalazioetatik, fotovoltaikoetatik.
– Eta eragozpen horiek guztiak gorabehera, aztertzen eta ikertzen jarraitzen da. Zergatik?
Propietate fisiko asko dituela ohartu garelako, eta nola funtzionatzen duen, nola jokatzen duen jakin nahi dugu eta, hortik abiatuta, lan egin nahi dugu. Nik uste dut zientzia hor dagoela eta zientziaren eta teknologiaren arloen lana dela gu beti fidagarria eta segurua izango den bide baterantz eramaten saiatzea. Hidrogenoak egungo egoera energetikoaren alternatiba on bat eskain badiezaguke, gure betebeharra da ikertzea.
Hidrogenori buruz gehiago jakin nahi baduzu:
Utzi erantzuna