Posted

Ikasleak eta ikastetxeak, ingurumenarekiko konpromisoa hartuta

Duela urte batzuetatik hona, hainbat ikastetxek konpromiso aktiboa hartu dute beren ikasgeletan eta prestakuntza-espazioetan hondakinak prebenitu eta era eraginkorrean kudeatzearen arloan. Iruñerriko Mankomunitatearen berariazko programa bat da, ikastetxe bakoitzaren ingurumen-arloko kezkei erantzuten laguntzen duena.

- - -

Ikastetxe batzuek hamaiketakoko hondakinak murriztea planteatzen dute, bereziki, aluminiozko papera erabiltzea; beste ikastetxe batzuek sortzen dituzten hondakinen kantitatea ezagutu nahi dute, hartara, murriztea eta bereiztea hobetzeko; beste batzuei jan-edanak alferrik galtzearen gaia interesatzen zaie; eta beste batzuei, berriz, eskolan konposta egitea, eta horretarako ikasleek eta irakasleek parte hartzen dute, eta gai horretan familiak inplikatzeko modua bilatzen dute.

“Zure ikastetxeko iraunkortasuna hobetu” programa orain dela hiru urte jaio zen, Mancoeducaren barnean (Mancoeduca Iruñerriko Mankomunitatearen ekimen bat da, heziketaren arlokoa, 30 urte dituena jada), eta geroztik izan duen onarpenak eta lortu diren jardunbide egokiek erabat harritzen dute haren ardura duen taldea. 

“Itxaropenak eta helburuak ikastetxe bakoitzak markatzen ditu. Epe ertainerako helburuak izan behar dute, progresiboak hezkuntzako maila desberdinak inplikatzean, ikastetxeko espazio desberdinak edo jorratu beharreko edukienak kontuan hartuko dituztenak, pixkana eginez aurrera, baina hobekuntzak finkatzen”, adierazi du Marta Vital IMko Ingurumen Heziketako programako teknikariak. Era berean, ardura duten irakasleen lana eta inplikazioa nabarmendu du, eta bai, oro har, ikastetxe osoarena ere: “Irakaslearen gogo bizia oso garrantzitsua da eta kasu askotan “isila”. Oso baliabide gutxirekin irakasleek gauza berezi eta apartekoak egiten dituzte”.

Ikastetxeen iraunkortasuna hobetzeko programa lau arlotan landu ahal da: hondakinen kudeaketa, konpostajea, jan-edanak alferrik galtzea eta hamaiketako arduratsua.

Aukeratu den hobekuntza-helburuaren arabera, adibidez, ikastetxe batzuek jakingo dute ikasle talde batek edo ikastetxe oso batek sortzen duen aluminio-kantitatea; beste batzuek sortzen dituzten hondakinak bereizteko hobekuntza-ekintzak jarriko dituzte abian; bete batzuek eskolako jantokian edo jolastokian sortzen diren elikagai-hondakinetan sakonduko dute. Beste batzuek, berriz, nahiago izan dute Nafarroako Elikagaien Bankua ezagutu eta harekin elkarlanean aritu, bilketa handietan eta ondorengo sailkapenean lagunduta; eta beste batzuek hamaiketakoko frutaren hondakinak edo eskolako baratzeko hondakin organikoak konposta egiteko ontzietara botatzen dituzte.

Edozein dela ere ikastetxe bakoitzaren beharra edo kezka, abiapuntua edo irakasleek garatu nahi duten arloa, Iruñerriko Mankomunitateak baliabide desberdinak eta heziketa-proposamenak emateko modua aurkitu du programan, hartara, ikasleek eta irakasleek esperientzia onena lortu ahal izateko.

Esperientzia hau, gainera, gauden ikasturte honetan, are atsegingarriagoa izan daiteke, izan ere, Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoak sariketa baterako deia egin baitu. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetarako da, eta xedea da hondakinak prebenitu eta kudeatzearen gaian ikastetxeen jarduketa berritzaileen garrantzia nabarmentzea. Nafarroa osoko 28 ikastetxek erantzun diote sustagarri interesgarri horri, eta beren proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte.

Marta Vitalek aitortu du ingurumen-arloko heziketa bilakaera izaten joan dela Mancoeduca martxan den urte hauetan guztietan: arazoen ingurumen-ikuspuntuak izatetik haien alderdi soziala eta ekonomikoa ere barnean hartzen dituzten ikusmoldeetara igaro da. Eta ikuspegi metodologikoari dagokionez ere aldatu da: “Jardueren xedea ez da jada prestakuntza eta informazioa ematea bakarrik, baizik eta hautemateko, ikasteko, baloratzeko eta ingurunean bakarka eta taldeka jokatzeko modu berriak ere bultzatzen dituzte”.

Alde horretatik, ikasleek ikastetxe bakoitzean gauzatzen dituzten ekintzek haiek mugiaraztea eta heziketa-komunitateko gainerako kideak, barnean hartuta familiak, inplikatzea bilatzen dute.

Iruñerriko Mankomunitateak ematen dituen zerbitzuetan eta baliabideetan arreta jarrita, iraunkortasunerako ingurumen-heziketarekin lotutako heziketa-ekimenak kudeatzen eta antolatzen 30 urteko esperientziaren ondoren, Mancoeducak ikusi ahal izan du, eta pozik gainera, bere lanak eragin biderkatzailea duela jardueretakoren batean parte hartzen duen neska edo mutiko bakoitzaren familia-ingurunean. “Ikasleek sentsibilitate berri hori etxean transmititzen dute”, adierazi du Vitalek, eta zalantzarik gabe baieztatu du Iruñerriko ikasleriak maila handia duela ingurumen-arloko heziketan eta sentsibilizazioan.

Txikiek naturarekin harreman handiagoa izatea eskatzen duten ahotsak asko diren garai honetan, garrantzitsua da gizarte garatuetan hain egungoa den arazo hau geldiarazten saiatzen diren jardunbide egokiak nabarmentzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.