Posted

Ingurumen-heziketa: aurrez aurreko heziketa-programa bat programa birtual bihurtzeko erronka

Jakina denez, martxotik dugun pandemia-egoerak sektore askotako lan egiteko modua urratu eta aldarazi duela. Eta hezkuntza, zalantzarik gabe, sektore horietako ba da, eta ez bakarrik ikastetxeei dagokienez, baizik eta baita eduki akademikoetatik kanpo garatzen ziren jarduerei ere. Ingurumenaren arloko heziketa-programak atal horretan sartuko lirateke. Bat-batean, aurrez aurre egin behar zena birtual modura egokitu behar izan zen. Bat-batean, eta abisatu gabe, etorkizuna gure bizitzara etorri zitzaigun.

- - -

Ingurumenaren arloko heziketa eta sentsibilizazioa gero eta protagonismo handiagoa ari da hartzen gure gizartean. Erakundeak eta entitateak jakitun dira Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei hainbat kontzepturen gaineko prestakuntza emateak –hala nola, birziklapena, ekonomia zirkularra, uraren ziklo integrala, garraio iraunkorra eta abar– lagundu egiten duela ingurumenaren gaineko kontzientzia handiagoa duen gizartea sortzen.

Iruñerriko Mankomunitatea erakunde horietako bat da. Bertako heziketa-programak, Mancoeduca izenekoak, hogeita hamar urtetik gorako historia du, eta COVID-19aren pandemia baino lehen Iruñeko eta Iruñerriko 40.000 ikasleri baino gehiagori ematen zien estaldura.

Ibilbide luze horrek eta eskarmentu zabal horrek egiteko modu egonkor eta optimo baten oinarriak jartzen ditu… bat-batean martxoan lehertu zena eta bere burua berrasmatu behar izan zuena.

Aldaketa ustekabekoak izan zen, Jose Alzueta ingurumen-heziketako teknikariak eta programa honen arduradunetako batek gogora ekarri duen moduan. “Hiru egunean egoera goitik behera aldatu zitzaigun. Martxoaren 11n, asteazkena, Mankomunitateak erabaki zuen bere instalazioetara sartzea mugatzea funtzionatzeko beharrezkoa zen minimora. Orduan jakinarazi ziguten bertan behera utzi behar genituela araztegirako, edateko uren araztegietarako, hondakinak tratatzeko zentrorako… bisitak. Funtsezko zerbitzuak bermatu eta haietan lan egiten duten pertsonen osasuna babestu behar zen, eta, hortaz, haietara ikasleak eramatea arriskutsua zen. Hurrengo egunean, osteguna, ikastetxeekin harremanetan jarri ginen bisitak eteteko. Informazio-zentroetara joan gintezkeen artean, Pilategira, San Andres Errotara, Mendillorriko ur-biltegietara eta Artetako iturburura, eta tailerrak egiten jarrai genezakeen ikastetxeetan. Baina ostiralean dena azkartu zen bat-batean. Hezkuntza-sistema osorik itxi zuten aldi baterako, eta gure programa, harekin batera. Asteburu hartan bertan etxean telelanean hasi ginen eta bilerak bideokonferentziaz egiten, oraindik ere hala egiten ditugun bilerak. Izan ere, Mancoeducan lan egiten dugun askok hilabeteak daramatzagu zuzenean elkar ikusi gabe”.

Hasierako nahasmena eta presa gorabehera, egoera hau pizgarri handia izan da ikastetxeetarako jarduera guztiak formatu digitaletara pasatzeko. Alzuetak azaldu digu nola hasi zen digital bihurtze hori: “Bagenekien irakasleak antolatzen ari zirela aurrera jarraitu ahal izateko, eta gurasoak egoerara egokitzen saiatzen zirela. Lankide batek larrialdiko webgune bat prestatu zuen, Mancoeducako baliabideekin, bere hurbileko zirkuluan partekatzeko, eta ideia ona iruditu zitzaigun. Orduan geure gunea sortzen hasi ginen. Baliabideak mailaka biltzen joan ginen (bideoak, jolasak…), gero bilatzaile bat jarri genuen baliabideak hobeki aurkitzeko eta baliabideen hautaketa bat egin genuen gaien arabera. Apirilaren 8an jarri genuen martxan eta Mancosites izena jarri genion”.

Baina laster ikusi zen egoera luzatu egingo zela. “Argi gelditu zenean hura luzerako zihoala, zerbait hobea eskaini behar genuela iruditu zitzaigun –azaldu du Josek–. Hartara, unitate didaktikoak sortu genituen, eta haietan jolasak gehitu genituen, bideoak sortu genituen, eta etxean egin ahal izateko jarduerak asmatu eta egokitu genituen. Talde osoak gaitasun berriak garatu zituen, eta erritmo bizian, gainera. Astero jarduera berri batzuk ateratzen ziren Mancositesera, eta irakasleen artean zabaltzen ziren. 24 kaleratu genituen, eta batzuk argitara atera gabe gelditu ziren”.

Guztira, formatu digitaleko 24 unitate didaktiko, jardueretakoren batean parte hartu duen heziketa-taldearen oso balorazio ona izan dutenak.

Formula berri honek ahalbidetu du, gainera, hemendik aurrera ikasleei eskainiko zaizkien formatuen etorkizunaren gaineko gogoeta egitea; izan ere, balorazio lasaiagoa egin behar badugu ere, bai baitirudi etorkizunean oso garrantzitsua izango dela aurrez aurreko formatuaren eta digitalaren arteko bizikidetza.

“Aurrez aurreko jardueretara itzultzeko desiratzen gaude, harreman zuzena izatera –aitortu du Jose Alzuetak–, baina bien bitartean gauza berriak eta hobeak egitea bilatzen jarraitzen dugu. Unitate didaktikoak berrikusi (eta purgatu) ditugu, eta, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, bisita eta tailer birtualak egiteari heldu diogu. Eta hartara, hiru ardatz horiekin prestatu dugu hasi berri dugun ikasturteko jardueren eskaintza”.

Ziurgabetasunez betetako ikasturtea, Digitala izeneko baliabide-sortaren bidez aurre egiten hasi garena, elkarrekin hezten eta ingurumena zaintzen jarraitzeko, gertatzen dena gertatzen dela… Hobeki ezagutzeko, bideo hau ikustera gonbidatu nahi zaitugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.