Posted

Inork ezagutu nahi izan ez zituen glaziarren sekretuak

Glaziarrek hitz egiten digute, eta duela bi hamarkadatik Mª Carmen Domínguez, Karmenka esaten diotena, matematikaria heziketaz eta ikertzailea eta dibulgatzailea lanbidez, haiek arretaz eta debozioz entzuten aritzen da. Horretarako, munduan bakarra den metodo bat diseinatu du, klima-aldaketaren adierazle gisa erabiltzen dena. Egiten duenaren aldeko sutsua da, eta jarraian dagoen elkarrizketan planetan aztarna positiboak uztera animatzen gaitu.

- - -

Aditua glaziologian, abenturazalea, poloetako esploratzailea, zientzialaria, doktorea Matematikan, unibertsitateko irakaslea eta dibulgatzaile bikaina. Mª Carmen Domínguez asturiarra da jaiotzez eta salamancarra adopzioz, eta Karmenka ezizena bere kolaboratzaile errusiarrei zor die. Bera GLACKMA elkartearen sortzailea da beste kide batzuekin batera. 2001az geroztik elkarte horrek orduro neurtzen ditu, etengabe, deskarga glaziarra esaten zaionaren datuak, hau da, estrategikoki kokatutako zortzi glaziar desberdinetan urtutako izotza. Lau Ipar Hemisferioko poloko inguruneetan daude eta beste laurak Hego Hemisferiokoetan. Metodo bakarra da munduan klima-aldaketaren adierazle moduan.

– Nola iritsi zen matematikari bat zientzia-ikerketaren arlora eta glaziologia bezalako alor hain berezi batera? 

Txikitatik izan naiz naturaren zale amorratua, eta matematikari aplikazio praktiko bat bilatu nahian, zeina beti “erreminta-kaxa” bat dela pentsatu izan dudan, Perito Moreno glaziarrari buruz Adolfo Erasok eman zuen hitzaldi batean aurkitu nuen azkenean. Glaziarren aldeko sutsu bihurtu ninduen hark. Geroztik, 60 espediziotik gora egin ditut poloetara, eta erabateko konpromisoa hartu dut glaziarren errealitatea ikertu eta dibulgatzearekin. 

– Zer sekretu gordetzen dituzte glaziarrek?

Klima-aldaketaren bilakaeraren adierazle onenak dira glaziarrak. Hain sentikorrak dira giro-tenperaturaren edozein aldaketaren aurrean, ezen berehala ohartarazten gaituzte gure planetan gertatzen ari denaren gainean. 

Azken hamarkada hauetan erregistratzen ari garen datuen ordu-segida horiei esker, konturatu gara deskarga glaziarraren balio hori bikoiztu egin zela 13 urtean. Eta ez hori bakarrik, baizik eta bikoiztu egin da berriro gero soil-soilik 4 urtean, eta handitzeko joera horrek jarraitzen du. 

Lurreko prozesu batean hain azkarra den hazkunde bat izatea ikaragarria da. Ozeanoetako uren erregulazioari esker ez ditugu eraginak nabaritu lehenago. Baina orain, eta gero eta indar handiagoarekin, ezaugarri eta joera nagusia izango da atmosferan.

– GLACKMAn ikertzen duzuen errealitate horren dibulgatzaile moduan, zure ustez, zuen ezagutzari buruzko zein mezu iristen zaizkio hobeki publikoari? 

Glaziarretan zuzenean neurtutako datuen emaitzek erakusten duten errealitatearen gogortasuna, inolako manipulaziorik gabe. Glaziarretako izotza urtzearen balio horiek alerta jo zuten duela ia bi hamarkada, baina gizarteak beste alde batera begiratu zuen errealitatea ez ikusteko. Egun, ordea, zoritxarrez, ezinezkoa da ezkutatzea. 

– Irakurri dugu orain itxaropen handia duzula belaunaldi berriekin. Zer ikusten duzu desberdina haiengan eta zein modutan ari zara jokatzen haiekin? 

Soil-soilik lau urtean deskarga glaziarra bikoiztu izanaren datu horri benetan kasu egin balitzaio, kontuan hartuta jokatu balitz, jendea mugitu balitz orain egiten duen moduan, jarduteko askoz ere denbora gehiago izango genuen. Baina ez, ondorioak jada gainean izan arte itxaron dugu. Horrelakoak gara helduak. Horregatik, nire azken itxaropena belaunaldi berriak dira. Ingurumenaren gaineko sentiberatasuna barneratuta dutela hazten badira gazteak, etorkizunean, heldu bihurtzen direnean, koherentziaz jokatu ahal izango dute beren ingurunean. Ingurumen-krisiaren konponbidea ekintza txikietan dago, gauza handiak sortzen dituztenetan.  

Horren haritik, haurrentzako dibulgazio-kanpaina bereziak sortzen ari gara. Adibidez, duela gutxi ikasleentzako GLACKMA Zientzia Biltzarraren lehen edizioa egin dugu, eta arrakasta izugarria izan da. Horrez gain, “La llamada del mar” lehen liburua kaleratu berri dugu, “Ikianore, Más Allá del Viento” bildumakoa. 6 eta 111 urte arteko pertsonentzat da, liburua irakurtzeak berdin harrapatzen baititu txikiak eta handiak. Salmentetan lortutako etekinak esklusiboki GLACKMA elkarterako dira, neurtzeko estazioak operatibo mantentzen laguntzeko (). Hartara, estazio horien datuak parte hartuko dugun dibulgazio-mintzaldi eta -ekintzetan azalduko ditugu, eta, hortaz, berriro hasiko da dibulgazioaren gurpila. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu kontzientziak esnatzea.

– Zure mintzaldietako mezuetako bat, gero jende askok erantzuten diona, planetan aztarna positiboa uzteko deia da. Nola lortzen duzu? 

Nik ez dut uste nortasun xarmagarria dudanik, baizik eta pasioz bizi naiz, eta jarrera hori da nire lanean beti lagun dudana, nire ikerketetan, dibulgazioan, nire bizitzan egiten dudan guztian. Iruditzen zait egun pasioa falta dela gure gizartean, eta, beharbada, jendeak nire naturaltasunean hautematen du, hitz egiten dudanean, eta hala iristen zaie GLACKMAren leloa: Utzi aztarna positibo bat planetan!

– Hitz egiguzu zure ikertzaile-lanaz, zer den atseginena hartan eta bai zer den zailena ere. 

Atsegingarriena poloetako eskualdeen mugagabetasunaren edertasunean eta bakartasunean sartzea da. Haietan planetaren bakea sentitzea. Zailena, ostera, etengabe finantzaketa bilatu behar izatea da, etorkizuneko belaunaldientzat ondarea uzten baino saiatzen ez den proiektu bat operatibo mantentzeko finantzaketa.  

– GLACKMAren proiektu berehalakoenez hitz egin diezagukezu?

Ez dakit utopia den… Gure interes berehalakoena da deskarga glaziarra neurtzeko zortzi estazioetako baten bat operatibo mantentzea. Neurketak egiteko ekipoak ordezkatu eta berritu behar ditugu, baina ez dugu inolako finantzaketarik. Horrez gain, estazio pare bat instalatzeko asmoa dugu, berriak: bata Artikoan, eta bestea Antartidan, lehen desizoztea minimoa zen glaziarretan. Orain desizozte hori nabarmen handitu da, eta oso egokia litzateke haren bilakaerari segimendua egitea hain eraginkorra den klima-aldaketaren adierazle horrekin.  

Finantzaketa lortzeko eta, hartara, etorkizuneko belaunaldiei datuen ondarea uztea lortzeko borrokatuko gara, baina aitortu behar dut indarra ahitzen ari zaigula.  

– Amaitzeko, zer esango zenieke klima-aldaketa ukatzen dutenei? 

Ez nieke ezer esango. Argi dagoena da planetak aurrera jarraituko duela, klima-aldaketarekin edo hura gabe. Arazoa giza espezieak du, bera da benetan arriskuan dagoena. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.