Posted

Interneten erabilera iraunkorra

Itxura batean Whatsapp aplikazioa kontsultatzea bezain garrantzigabea den jarduera batek, mezu elektroniko bat bidaltzeak edo webgune batera joateak ikusezina dirudien aztarna energetikoa sortzen du, baina eragin globala duena, urte batean munduko aireko bidaiek sortutakoa bezain handia.

- - -

“Interneten erabilerak eragiten duen CO2-a kalkulatzea egiatan zaila da. Gizateriak inoiz eraiki duen azpiegitura handiena da, eta aktore gehiegi inplikatzen du”. Joana Moll espainiar artistak esandako hitzak dira. Duela urte batzuetatik hona, Google erabiltzeak dakarren kostu energetikoa ikusgai egitea hartu du helburutzat.

CO2GLE izeneko proiektuan, Googlek eragiten duen CO2-aren kalkulu edo zenbatespen bat aurkezten digu Mollek, janavirgin.com webgunea irekitzen denetik eta egiten dugun kontsultak irauten duen denboran.

Egiatan, Internetez edo beren zerbitzuak eskaintzeko datuak erabiltzen dituzten gailuez (sakelakoak, eta abar) egunero egiten dugun erabilerak munduan duen aztarna energetikoak ariketa zaila dirudi, kontsumo globalean zenbait elementuk esku hartzen baitute: datuen zentroak erabiltzen duen energia (%48), datuak igortzen dituzten telekomunikazioen sareak (%14) eta azken erabiltzailearen ordenagailua edo gailu mugikorra (%38).

Zenbait erakundek, besteak beste, Greenpeacek, kalkulatzen dute teknologia informatikoen arloak gutxi gorabehera munduko elektrizitatearen %7 kontsumitzen duela eta hori munduko CO2igorpenen %2 dela. Hegazkinen industriak sortutako bera da kopuru hori, zehazki.

2018aren amaieran, munduko biztanleen %51,2k erabiltzen zuten Internet, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren datuen arabera. Errealitatea hori izanik, asko dira teknologiaren erabilera hain orokortu horrek ingurumenean duen eraginaren gainean arreta eman nahi duten ekimenak eta ahotsak. 

Esate baterako, informazioa eta datuak eskuratzeko orduan eskaintzen dizkigun erraztasunengatik Internetek gure bizitzetara iraultza ekarri duela nabarmena dela-eta,  clickclean.org bere plataformaren bidez Greenpeacek gogora ekartzen digu hori posible izateko “datuen zentroek energia asko eta asko” behar dutela “erabiltzen ditugun argazkiek, txatek eta bideoek funtzionatzeko”. Hori dela-eta, 2009az geroztik, beren instalazioak energia berriztagarriarekin funtzionaraztera bultzatzen ditu enpresa handiak, nagusiki ikatza jatorri duen energia erabili ordez. 

Ikusi zure app edo aplikazio gogokoenek energia berriztagarria edo energia zikina erabiltzen duten 

BESTE EKIMEN BITXI BATZUK

Green Web Foundation erakundeak ahalbidetzen du egiaztatzea eskuarki bisitatzen ditugun webguneek energia berriztagarriak erabiltzen dituzten edo, gutxienez, karbono-aztarnarik uzten ez duten web-ostatatzeetan kokatuta dauden. Proba egin dugu blog honen helbidearekin eta berdetzat jotzeko parametroak betetzen dituela ikusi dugu. 

Beste webgune batzuek, adibidez websitecarbon izenekoak, gainera, webgune bakoitza bisitatzean sortzen diren CO2gramoak adierazten dizkigute. Gure kasuan, 0,85 gramo dira orri bakoitzeko. 

ZER EGIN DEZAKET ERABILTZAILE GISA INTERNET ERABILTZEAGATIK NIRE CO2IGORPENAK MURRIZTEKO?

Energiaren erabilerarekin lotutako gaietarako Belgikako magazinak aholku hauek ematen ditu Interneten erabilera iraunkorragoa egiteko.

1. Posta elektronikoaren bidez bidaltzen diren dokumentuen tamaina murriztea, mezuaren pisua gutxitzeko.  

2. Hipertestuko loturak edo estekak erabiltzea, gehitutako fitxategien ordez, eta dokumentu handiak konprimatzea. 

3. Ez zabaltzea mezu-kateak, eskaerak, umorezko irudiak, albiste faltsuak edo esamesak.  

4. Jada irakurrita dauden mezu elektronikoak erregulartasunez ezabatzea eta zakarrontzia hustea ahaztu gabe. 

5. Baja ematea irakurtzen ez diren buletin edo albistegietan.

6. Jakinez gero, webgunearen helbidea idaztea, hartara bilaketa-motor baten bidez iritsi ordez. 

7. Webgune berberetara erregulartasunez joz gero, gogoko bihurtzea eta haietara sistema horren bidez iristea.

8. Telefono adimenduna optimizatzeko eginkizuna erregulartasunez erabiltzea, beharrik gabe bigarren mailan exekutatzen diren aplikazioak geldiarazten dituena, eta beharrik gabe beteta dagoen memorian tokia egitea, memoria hustea, daturik ezabatu gabe.

Eta gu beste puntu bat iradokitzera ausartzen gara: besteak beste Ecosia bilatzailea erabiltzea, Bing bilatzailearekin batera lan egiten duena, eta klikak zuhaitz bihurtzen dituena, jasotzen dituzten diru-sarreren %80 inguru zuhaitzak landatzearekin lotutako mundu osoko irabazi asmorik gabeko erakunde desberdinei ematen baitizkiete. 

Informazioaren gizarte integratzaileago baterako sarbidea errazten du Internetek, mundu mailako gizarte baterakoa, baina ez ditugu ahaztu behar haren erabilerak ingurumenean ere badituen eraginak. Hori dela-eta, zeinahi ekintza txikik, txikia bada ere, inpaktua murrizten laguntzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.