Online merkataritzak goraldi handia izan du, eta, nahiz eta horrek onura handiak ekartzen dituen erosotasunari dagokionez, ingurumenerako kalte handia ere ekartzen du: CO2 gasen isurpenak emendatzea, mugikortasunarekin lotutako zailtasunak ugaritzea, hondakinak sortzea… Enpresak eta erakundeak eragin kaltegarri horiek minimizatzen saiatzen ari dira, baina ez dago zalantzarik: erosketa arduratsua da haiek kudeatu eta kontrolatzeko gakoetako bat.

Internetek iraultza ekarri du gure bizitzetara. Mota guztietako informazioa eta datuak eskuratu ditzakegu. Hori guztia posible izateko, ordea, erabiltzen ditugun argazkiak, txatak eta bideoak gordetzen dituzten datu-zentroek, haiek igortzen dituzten telekomunikazioen sareek eta erabiltzen ditugun azken gailuek energia asko kontsumitzen dute eta pentsatzen duguna baino CO2 gehiago aireratzen dute atmosferara.