*Argazkia: Albaola Itsas Kultur Fundazioa
Aurreko argitalpen batean (irakurri hemen) Japoniako teknika bat deskribatu genuen, zuhaitzik moztu behar izan gabe egurra ekoizteko bidea ematen zuena. Izan ere, teknika horren edertasun apaingarriarengatik, oraindik ere lantzen duten eta lorategietan erabiltzen duten teknika da.
Baina ez da Japoniaraino joan behar, basoen iraunkortasuna babesten duten egur-industriako jardunbide desberdinak aurkitzeko. Morratzea eta ipinabarrak haztea, esate baterako, ezagunenetakoak eta hurbilenetakoak ditugu.
Morraketa teknika bat da. Zuhaitzak gazteak direnean, adarrak mozten dira 2-4 metroko altueratik aurrera eta adarrak zabalean hazten uzten dira. Adarrak aldian behin mozten dira, eta, hartara, zuhaitzek itxura berezia hartzen dute: enbor lodiak eta motzak izaten dituzte, eta adaburu zabalak.
Morraketak bateragarri egiten du baso-ustiapena abereen zaintzarekin, adarrak altuera jakin batean moztean, abereak kimu berrietara heltzea eragozten baita. Gainera, aintzat hartuta zuhaitz morratuak urte askoan bizi daitezkeela, haietako askok balio berezia dute biodibertsitatea kontserbatzeko.
Teknika hau ohikoa zen XX. mendean eta bai aurreko mendeetan ere, ikaztobiak hornitzeko, eraikuntzarako piezak lortzeko, makilak egiteko baratzerako, hesolak… Pieza bakoitza ebaketa-mota jakin baten bidez lortzen zen, eta teknika desberdin bat behar izaten zuen.
Morraketaren bidez, adarrak naturalki hazten uzten ziren, gero hamabost edo hogei urtean behin mozteko, baina ipinabarrak haztearen teknika bonsaien teknikatik gertuago zegoen: inausi, ebaki, gidatu…
Teknika hori haritzetan baino ez zen aplikatzen, haritzaren zura egokia baita ontzigintzarako, hala landutako zuhaitzen azken helburua. Alea gaztea zenean, ebaki egiten zen bi adar bakarrik uzteraino eta adar horiei forma jakin bat ematen zitzaien; ontzi bateko pieza jakin bat bihurtzeko nahi zen forma, hain zuzen.
Hain zuzen ere, Pasaiako Albaola museoa (Gipuzkoa) prestatu zenean ezagutu zen teknika hau. XVI. mendeko San Joan ontzia antzinako tekniken bidez berreraikitzeko xedea hartu zuen museoak. Orduan, Kanadako langile adituek Ternuko uretan murgildutako itsasontziaren hondakinak aztertu zituzten, eta ohartu ziren piezetako bakoitza eratzen zuen zuraren forma ez zela naturala, gida baten bidez lortutakoa baizik. Egokiak ziren ikerketak egin eta gero, ondorioztatu zuten teknika hori XV. eta XVIII. mendeen artean erabili zutela, euskal ontziolen jarduna frenetikoa eta euskaldunak Europa osoko ontzigintzako erreferenteak izan ziren garaian.
Hori guztia aintzat hartuta, museoaren arduradunek hitzarmen bat izenpetu zuten Nafarroako Sakana haranarekin, tradizioz industria hori hornitu zuen baso-lekua.
Denborarekin, jardunbide horiek erabiltzeari utzi zen, nagusiki, elikatzen zituzten industriak desagertu egin zirelako. Edonola ere, haien eraginak etorkizunerako gelditu ziren eta orain esan dezakegu baso morratuek eta ipinabarrek egun balio historiko handia dutela.
Iturriak:
Miguel Mari Elosegi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako eta Ingurumenerako Departamentua.
Xabier Agote, Albaola Fundazioaren lehendakaria.
Utzi erantzuna