Posted

Iturriko ura, konfinamenduan ere segurua eta kalitatekoa

Nahi gabe, ura oso elementu garrantzitsua bihurtu da COVID-19ak eragindako krisi honetan. Xaboiarekin batera gure eskuak eta ingurunea higienizatzeko erabiltzeak ekarri du egun ezinbesteko elementua izatea. Baliabide naturala da, segurua, merkea, babestua eta ur-hornidurako eta -saneamenduko operadore guztiek bermatua, iturriko ura osasungarria eta segurua dela gogora ekartzen diguten operadoreek.

- - -

Konfinamenduaren hasieratik, botilaratutako uraren kontsumoa %50 baino gehiago handitu dela adierazi du duela gutxi Luis Babianok, Hornidurako eta Saneamenduko Operadore Publikoen Espainiako Elkartearen kudeatzaileak (Aeopas) hedabide digital batean. Baina ez dago osasun-arloko justifikaziorik beharrezkoa ez den gastu hori egiteko, Iruñerriko Mankomunitateak gogora ekartzen digun moduan: “Ez dago koronabirusik tratatutako uretan, eta horrenbestez, erabat baztertuta dago elementu horren bidez kutsatzea”.

Iruñearen kasua operadore publiko eta pribatu guztiek jarraitu dutenaren oso antzekoa da, MITECOrekin koordinatuta (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa), ur osasungarria eta kalitatekoa ez ezik, edozein egoeratan bermatuta dagoen hornidura ere, eta behar duten etxebizitza eta industria guztiei, bermatzen baitute.

Garrantzitsua da gogoraraztea ura edateko on bihurtzeko kloroa baliatzen duten tratamenduek jardueragabe uzten dituztela birus erresistenteenak. Nazioarteko erreferentziazko erakundeek egiaztatutako ebidentziak dira, eta horixe bera berretsi digu IMk: “Iruñerriari zerbitzua ematen dioten edateko uren araztegietan egun egiten diren desinfekzio-jardunbideek kontsumorako urak birus honen aurrean babesteko maila egokia ziurtatzen dute. Hori dela-eta, iturriko urak osasungarria izaten jarraitzen du eta beti bezala kontsumitzen jarrai daiteke, kalitatea bermatuta baitago.

Prebentzio-moduan, IMk klorazio-maila sendotu du, osasun-agintarien gomendioei jarraituta, eta berretsi du, arazketaren ondoren ibaira isurtzen diren hondakin-urak aztertu eta gero, birusik ez dela detektatu ur horietan.  

Inguruabar horiek guztiek errazten dute erabateko normaltasuna Gobernuak funtsezkotzat jotzen duen baliabide honen horniduran eta kudeaketan, eta etxebizitzetan iturriko ura kontsumitzea sustatzera bultzatzen gaituzte, ahaztu gabe, jakina, arduraz erabili behar dela, ingurumena ere zaintzeko eran.

Abantailak agerikoak dira: besteak beste, ez dugu kutsatzaileen arriskupean egon behar dendetan eta supermerkatuetan, osasun-kontrolak dituen eta denok modu seguruan eta merkean eskura dugun elementu bat erosi nahi izateagatik.  

ALDAKETAK URAREN KONTSUMOAN ALARMA-EGOERAN 

IMk eman dizkigun datuen arabera, alarma-egoeran ia %10 gutxitu da ur-kontsumoa, joan den urteko aste berberean erregistratutako datuekin alderatuta (754 l/s batez beste, eta 2019an 836 l/s batez beste). Gainera, aldaketa nabarmena erregistratu da orduen araberako kontsumoan. Hartara, lanegun arrunt batean, kontsumo maximoa goizeko zortzietan erregistratzen da, eta bi igoera-punta egoten dira eguerdian eta gauean. Une honetan, ordea, kontsumo maximoa goizeko hamaiketara edo hamabietara atzeratuta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.