Posted

ITURRIKO URA, MESEDEZ!

Iturriko ura kontsumitzearen aldeko ekimenek, batez ere ostalaritzako eta sukaldaritzako establezimenduetan, gero eta indar handiagoa dute. Arrazoi asko eta askotarikoak daude botilaratutako ura ez den beste ur kontsumo bat aukeratzeko.

Parisen, eau de garrafe esaten diote, eta kristalezko botila modernoetan zerbitzatzen duten kalitate bikaineko iturriko ura da. Legeak behartzen ditu jatetxeak, baina turismoko gidek ohartarazten dute zerbitzariei argi utzi behar zaiela edateko iturriko ura edo “l’eau de robinet” besterik ez duzula nahi.

Ingalaterrak ere badu izen bat ur honetarako. Hain zuzen, han jug of tap water esaten diote, eta eskubide bat da, legeak babestutakoa, eta zaintzen du Ingalaterrako, Eskoziako eta Galesko zeinahi establezimendu lizentziadunetan ura zerbitzatzea, gizakiok kontsumitzeko egokia dena, dohainik, eskatzen duenari. Garrantzitsua da “lizentziaduna” esan den xehetasun hori, izan ere, epigrafe horren pean tabernak, jatetxeak, diskotekak, pubak, janari azkarreko lokalak, antzokiak, zinemak eta udalaren mende dauden espazio publikoak eta lantokiak baitaude; ez, ordea, kirol estadioak, aisiarako zentroak, kirol klubak edo jolas parkeak. Dena den, gerta liteke, nahiz eta ura ez kobratzea, edalontziak erabiltzeagatik kopuru txiki bat ordainaraztea bezeroei.

Nafarroan, eta zehazkiago Iruñean eta Iruñerrian, Iruñerriko Mankomunitateak 2010az geroztik kristalezko pitxer berrerabilgarri batzuk jartzen ditu ostalaritzako sektorearen eta udal zentroen eskura. Diseinu ergonomiko berezi eta erakargarria dute, eta idazkunak gaztelaniaz, euskaraz eta braillez. Gainera, Hondakinen Foru Legeak, ekainean onartuak, eskatzen duten ostalaritzako edo sukaldaritzako establezimenduetako bezeroei iturriko ura zerbitzatzera behartzen du.

Donostian ere eskaintzen dituzte pitxerrak, webgune honetan eska daitezkeenak: . Eta, oro har, ura aurkezteko ontziak erabilgarri izateari irtenbidea aurkitzeko helburua dute, eta bai iturriko ura kontsumitzea sustatzeko eta hondakinak sortzea gutxitzeko ere.

Garagardoarekin eta kafearekin batera, ostalaritzako establezimenduetan errentagarrienetakoa den edarietako bat da ura. Agian hori izango da sektorea neurriarekin pitin bat nahigabetuta edo haren kontra agertzearen arrazoia. Batez ere, ekartzen dien kostu logistikoarengatik: pitxerrak eskuragarri eduki behar dituzte, edalontzi gehiago garbitu behar dute edo ura edalontzian edo pitxerrean zerbitzatu behar duen zerbitzariaren laneko kostua ordaindu behar dute.

Baina botilaratutako uraren kulturari lotutako hondakinak dira, neurri handi batean, joera berri honen atzean daudenak. Botilaratutako ur gehien edaten den Europako bost herrialdeetako bat eta munduko hamar herrialdeetako bat da Espainia: 126 litro dira pertsonako eta urteko. Kontsumo handi horrek berekin dakar ingurumenerako kostu handi bat, batez ere hondakin plastikoak sortzeak eragindakoa, jeneralean botilak egiteko erabiltzen direnak, eta ura lortu eta garraiatzeko natura baliabideak eta energetikoak ustiatzea.

Hartara, gero eta gehiago dira natura baliabidea erabiltzea xede duten ekimenak, Espainian, geografiaren %96,1ean, kalitate egiaztatua baitu. Hain zuzen, azken ekimenaren protagonista OCU kontsumitzaileen elkartea izan da. Asmoa izan da nabarmentzea iturriko ura kontsumitzea gomendagarriena dela, merkea delako, aukera osasungarriena delako, hondakin gutxien eragiten duena eta, oinarrizko ondasuna denez, premia-premiakoa, beti kontsumitzaileen esku egon behar duelako.

Nafarroak legeak egin ditu jada kontu honen gainean, eta, ostalaritzako establezimenduetan iturriko ura kontsumitzea errazteaz gain, botilak saltzea debekatzen du eraikin publikoetan, ospitale eta enpresetan izan ezik. Azken horietan, nolanahi ere, “edateko ona den eta dohainik eskuratzekoa den uraren iturri bat” kokatu eta mantentzera behartuta egongo dira. Gainera, ekitaldi publikoetan, “administrazio publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutakoetan, edari ontziratuak saltzearen eta banatzearen alternatibak ezarri beharko dira” eta iturriko ura eskuratu ahal izatea bermatu beharko da “berrerabilgarriak diren edalontziekin edo ura botila berrerabilgarrietan”.

Europan, jatetxeetan, ostatuetan eta janari-zerbitzuetan ura dohainik ematea sustatzeko lanean ari dira estatu kide guztiak. Andaluzian eta Balearretan, antzeko proiektu normatiboak dituzte, onartzeko zain daudenak, eta Valentziako Erkidegoan oso antzekoa den legez besteko proposamen bat aurkeztu dute. Gaztela eta Leonen, sukaldaritzako establezimenduek debekatuta dute ontziratuta ez dagoen ura kontsumitzeagatik kobratzea.

Iturriko urarekin ‘harremana izateko modu berri honek’ aurrez aurre dituen oztopoetako batzuk hauek dira: gure eskubideak zein diren ongi ez jakitea, iturriko ura eskatzean nolabaiteko deserosotasuna sentitzea edo uraren kalitateaz mesfidatzea. Dena den, eta artikulu honetan adierazten den moduan, inolako arazorik gabe edan dezakegu.

Iturriak:

https://www.diariodenavarra.es/noticias/navarra/2017/12/10/bares-restaurantes-ofrecer-agua-grifo-ley-residuos-selecciondn-566111-300.html

http://www.mcp.es/agua/uso-responsable/agua-de-grifo-en-los-restaurantes

https://www.iagua.es/noticias/redaccion-iagua/andalucia-obligara-bares-y-restaurantes-dar-agua-gratis

https://www.nuevatribuna.es/articulo/economia/escandaloso-negocio-agua-embotellada/20171227165446146742.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.