Posted

Krispetak, sare sozialak eta ingurumen-aktibismoa

Peli, krispetak, lagunak eta TikTok bideoak. Tartean ingurumen-aktibismoa piztea nerabeengan, ingurunearekiko errespetua sustatzeaz gain.  Horixe da Iruñeko Udalaren COworkids programaren barnean dagoen #krispetaktiktoken ekimenak eskaintzen duena. Jarduera horretan Tiktok sare soziala ikaskuntzarako eta elkarlanerako tresna bihurtzen da.

- - - - - - - - -

Krispetak, Tiktok, ingurumen-aktibismoa, nerabezaroa, ingurunearekiko errespetua… Zertaz ari gara hitz egiten?

#krispetaktiktoken ekimenari buruz, Iruñeko Udalaren COworkids programaren barnean dagoen eta 13 eta 17 urte arteko nerabeentzat den doako jarduera berri bati buruz. Haren xedea da gizarte-arloko kezkak eta ingurumen-aktibismoa piztea nerabeengan, ingurunearekiko errespetua sustatzeaz gain.  

Celia Pinedo Pardo COworkids programaren koordinatzailearen arabera, “COworkidsek martxan daraman urtearen ondoren, egiaztatu dugu izena emandako gehienek 6 eta 12 urte artean dituztela. Hori dela-eta, funtsezkoa iruditu zaigu nerabeentzako berariazko jarduerak sortzea. Lehenbizikoa udako eko-kanpamentua izan zen, eta bertan 13 eta 17 urte arteko 80 neska-mutilek eman zuten izena. DJ saioak, piraguismoa eta ingurumenaren inguruko jolas-jarduerak egin genituen. Arrakasta handia izan zuen, eta horrek nerabeei aisia alternatiboa eta osasungarria eskaintzen jarraitzera animatu gintuen. Hartara, aurreneko esperientzia horretatik jaio zen #krispetaktiktoken, nerabeekin gune dibertigarriak sortzen jarraitzeko.

Eta hala bihurtu da Tiktok sare soziala ikaskuntzarako eta elkarlanerako tresna, sormen- eta jolas-jarduera batean. “Lehenago aipatu dudan eko-kanpamentuan, trukerako tarte bat zegoen, zuzendutako jarduerarik gabea, besterik gabe, hitz egiten eta harremanetan aritzeko tarte bat. Ohartu ginen tarte horretan nerabeek dantza asko egiten zituztela Tiktok erabiliz. Ia arratsaldero gertatzen zen zerbait zen, eta harremanak izateko aukera ematen zien. Gainera, esaten ziguten gogokoen zuten sarea zela, bideoak azkar zabaltzen zirelako eta dibertigarriak zirelako. Eta, beraz, sare horrek eskaintzen zituen heziketa-aukerei buruz ikertzea erabaki genuen.

Egia da, beste edozein sare sozialek bezala, gaizki erabiltzeak bere arriskuak dituela. Baina pentsatu genuen, hain zuzen, aukera ona izan zitekeela sareen erabilera arduratsuaz ohartarazteko, horren gainean hezteko, eduki arduratsuak eta mezu sozialak dituztenak sortzean… Eta, horrenbestez, ikaskuntzarako eta elkarlanerako tresna gisa sare sozial hori aukeratu genuen, ikuspegi dibertigarri eta ludiko batetik erabiltzen dena eta, horrez gain, haien sormena sustatzen duena”, gehitu du. 

#krispetaktiktoken saioak abiarazteko, Ecozine jaialdiko film labur bat ikusten da eta krispetak jaten dira aldi berean. “Jaialdiko urte desberdinetako hainbat film hautatu dira, Ingurumen Hezkuntzarako Museoaren irizpideari jarraituta. Era berean, egokiak dira nerabeentzat. Adibidez, filmetako batzuk hauek dira: “La plastikería”, “Octubre otra vez” eta “Dos tomates y dos destinos””, adierazi du.

Gero, parte hartzen duten taldeek arratsalde bakoitzean bideo bat prestatzen dute, sareetan ingurumen-arloko mezua biral bihurtzeko, COworkids programak kudeatzen duen Tiktokeko kontuaren bidez. “Hartara, #krispetaktiktoken saiora joaten diren nerabeen artean ingurumen-aktibismoko mezuak eragina badu, jarduera arrakastatsua izango da. Baina argi dagoena da, gainera, nerabe horiek, bideo horiekin, beren mezua zabaltzeko aukera izango dutela, eta, hortaz, zenbat eta zabalkunde handiagoa eman, orduan eta pertsona gehiagorengana iritsiko dela eta errazagoa izango dela beste norbaitengan eragina izatea”, esan du.

Talde antolatzailea oso pozik dago ekimenak izan duen harrerarekin: “Nerabeengana heltzea erabateko erronka dela jakitun gara, beren hizkuntza hitz egitea, haien kezkak eta harremanak izateko modu berriak ezagutzea. Horregatik, oso pozik gaude harrerarekin. Izena emateko aste bakar batean, talde guztiek aurrera jarraitu ahal izateko gutxieneko parte-hartzaile kopuruak ziurtatzea lortu genuen. Eta gero jende gehiagok egin du bat ekimenarekin. Beraz, izugarri kontent gaude”.

Izen-ematea bakarka egin da, baina asmoa taldean lan egitea da. “Gure helburua da talde txikien artean talde-unitate bat sortzea, osorik hartuta. Izan ere, azken saioetan, taldeko bideo batean lan egingo dute, denek elkarrekin parte hartuta”, amaitu du.

Bideo hori, hain zuzen, dokumentalen, krispeten eta sare sozialen artean azaleratzen joan den ingurumen-sentsibilitate guztia biltzen saiatuko da.

*Zer da COworkids?

Iruñeko Udalaren programa bat da, haurtzaroaren, nerabezaroaren eta familiaren arloko prebentziorakoa. Komunitate Ekintzarako Alorraren mende dago. 2021eko urtarrilean sortu zen, hiriko hamalau auzoetan, neska-mutiko guztiei prebentzio-zerbitzu bat eskaintzeko. Gizarteratzeko arloko 14 teknikarik, pedagogo batek, psikologo batek, komunitate-teknikari batek eta koordinatzaile batek eratzen dute. Sarean lan egiten du Udaleko beste arlo batzuekin eta haurrekin lanean aritzen diren erakundeekin, eta egun 880 neska-mutikori eta neraberi ematen die zerbitzua, haien familiez gain.

Arratsaldero, astelehenetik ostiralera, jarduerak egoten dira 16:30etik 19:30era, hamalau auzoetan. Jarduerak doakoak dira, sarbide unibertsalekoak, eta talde bakoitza, gehienez ere, 20 parte-hartzailek osatzen dute.

Eguneroko jarduerak, besteak beste, hauek dira: eskola-laguntza ematea, saskibaloian, xakean, pilotan, futbolean aritzea, antzezten aritzea, zumban eta 3D diseinuan aritzea. Jarduera horietan, bereziki sormenaren eta jolasen laborategian, haurren eskubideetan eta Garapen Iraunkorrerako Helburuetan oinarritutako programazioak lantzen dira. Sentsibilizazio-lan horren emaitza moduan, eztabaidak sortzen dira, gero Iruñeko Haurren eta Nerabeen Parte-hartze Organoan jorratzen direnak. Halaber, arratsaldero, askari osasungarrien menuak eskaintzen dira, elikadura osasungarri eta askotariko batek duen garrantziari buruz zeharka sentsibilizatzeko.  

Jarduera horietan, talde teknikoak eguneroko jarraipenak egiten ditu, eta jarraipen horiek ahalbidetzen dute garaiz jardutea, haurrengan eta nerabeengan zaurgarritasun-zantzuren bat antzemanez gero.

Asteburuetan, dantza-jarduerak egiten dira COworkids larunbatak! saioan, eta oporraldietan kanpamentuak antolatzen dira hiriko leku desberdinetan. 

Eta hori guztia, Iruñeak Haurren Hiri Lagun gisa duen betekizunari erantzuna emateko helburuarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.