Posted

Landareen ospitalea

Pozuelo de Alarcónen, Madrilen, heziketarako bokazioa duen leku bat dago, non, landareak sendatzeaz gain (eta ospitaleratu egiten dira, behar izanez gero), herritarrei erakusten zaien nola zaindu, berriro gaixotzea ekiditeko. Gainera, zainketa intentsiboen unitate bat du, kasu zailenek zainketa espezializatuak jasotzeko, eta bai landareetarako zaindegi bat ere, oporretara joaten direnean herritarrek landareak esku onetan uzteko aukera izateko.

- - - - - - - - - -

Ideia ia nahi gabe sortu zen, baina ez kasualitatez. Pozuelo de Alarcónen (Madril) Ingurumen Heziketarako Gela bat dago, eta gela horrek ibilbide luzea du garapen iraunkorrerako heziketa eta parte-hartze prozesuetan. Elkarlanerako eta topaketarako leku horretan, 2014an, lorezaintzari eta mintegietan jarduteari buruzko ikastaro bat egin zuten, lanbide-trebakuntzarakoa. Irakasleak, Óscar Domínguez botanikariak, ikasleei eskatu zien landare eriak eramateko, fitopatologiako irakasgaia landu eta gaixotasunak aztertzeko, patologiak zehazteko eta sendabide beharrezkoak eta berariazkoak aplikatzeko, hau da, “sendatuz ikasteko”. Landareak ikasleen etxeetakoak izan zitezkeen edo haien hurbileko pertsonenak (senitartekoak, lagunak…). Eta ekimenak ikaragarrizko arrakasta izan zuen, hainbestekoa non, ikasturtea amaituta ere, izurriteak eta gaixotasunak tratatzeko aholkularitza-eskaerak jasotzen jarraitzen zuten. Eta hori ikusirik, Udalak jarraipena ematea erabaki zuen “Landareen ospitalea” izendatu zutenari.

Egun, kontsultak egiten eta eriak egunero artatzen jarraitzen da, nahiz eta asteazkenak izaten dira boluntarioen talde handi batek erizaintza botanikoko lanak egiten dituen egunak, beharrezkoak diren sendabideak emateko landareei, fitopatologoaren, landareen medikuaren, jarraibideei jarraituta. “Pozuelo de Alarcóngo Udaleko Heziketarako eta Herritarren parte-hartzerako Zinegotzigoko Ingurumen Heziketarako Gelatik garatzen da zerbitzua –azaldu dute udaleko kideek–. Ekimen honen ardura zentro horretako teknikariei dagokie, eta haiek Óscar Domínguezen aholkularitza jasotzen dute, baina ingurumen boluntariotzako taldearen lana funtsezkoa da. Landareak maite dituen talde bat da, ikaragarri gozatzen duena lan egiten duen bitartean, ikasten duena eta komunitaterako zerbitzu bat egiten duena”.

Ospitalearen zerbitzua handitzen joan da denborarekin. Izan ere, hasieran heziketarako bokazioa zuen, landareak sendatzeaz gain (eta ospitaleratzea, behar izanez gero), herritarrei erakusten baitzien nola zaindu, landare horiek berriro ez gaixotzeko, baina egun, gainera, berariazko berotegi klimatizatu bat dauka; landareetarako zaindegi bat, oporretara joaten direnean Pozueloko herritarrek landareak esku onetan uzteko aukera izateko; eta zainketa intentsiboen unitate bat, kasu zailenek zainketa espezializatuak jasotzeko. Unitate horretan, gainera, sistema robotizatu bat dago, hezetasuna eta argitasuna kontrolatzeko, herriko institutu bateko robotikako ikasleek sortutakoa.

“Toki honetara gehien etortzen direnak Alarcóngoak badira ere, ahal dugun neurrian, behar duen edonori ematen diogu aholkularitza eta laguntza. Aintzat hartu behar da boluntariotza-programa eskualde mailakoa dela eta, hortaz, laguntza ematera etortzen direnak udalerri desberdinetatik heldu direla. Beraz, ez litzateke arrazoizkoa izango zerbitzua gure herrira mugatzea”, zehaztu dute udaleko kideek.

Eta zer eskaintzen da zehazki zentro honetan? “Landare eri bat duen edonor etor daiteke landareen ospitalera, ukitutako aldearen lagin batekin edo landare osoarekin, loreontzia garraia badaiteke. Ospitalean diagnostiko bat egiten da eta ale bakoitzak behar duen sendabidea aplikatzen da. Produktu fitosanitario berariazkoak erabiltzen dira (ahal bada, etxean egindako erremedioak eta ekologikoak), substratuak aldatzen dira, inausi egiten dira… Sendatzeko, ospitalean gelditu behar badu aleak, etiketa bat jarrita identifikatzen da, erraz lokalizatzeko, eta kontrolerako eta jarraipenerako fitxa bat egiten zaio. Horrekin guztiarekin batera, beharrezkoak diren azalpenak ematen dira gaixotasuna ulertzeko, bere jatorria eta berriro gaixotzea ekiditeko. Bizkortzeko behar duen epea igarotzen denean, jabeak landarea jaso dezake, batere ordaindu gabe”. Landareak artatzeko baldintza bakarra da ospitaleraino eramatea, nahiz eta zalantzak ere argitu daitezkeen kontsultetarako online zerbitzuaren bidez. “Bai, kasu horretan oso erabilgarria da kontsultarekin batera landarearen argazkiak helaraztea, ahalik eta hobekien zehazteko kasu bakoitza”.

Lehenago esan den moduan, ospitalearen zerbitzuaz gain, landareak zaintzeko zerbitzua ere eskaintzen da, “batik bat, oporretan kanpora joan behar duten pertsonentzat, eta abar. Kasu horretan, zainketa eta arreta gehien behar duten landareak lehenesten dira, hala nola bonsaiak, orkideak…, baina baita sentimenduzko atxikimendu berezia duten landareak ere”. Zerbitzu hori baliatzeko, aurretik jakinarazi behar da instalazioetara eraman nahi diren aleen kopurua, plazak libre daudela egiaztatzeko helburuarekin.

Landareen ospitalea Ingurumen Heziketarako Gelan dago, Húmeran, Pozuelo de Alarcónen, Adolfo Suarez Basoko Parkearen ondoan. Zehazki, basoko eremu enblematiko horrek 150 hektareatik gora ditu, eta herriak leheneratu du, herritarrek gozatzeko aukera izan dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.