Posted

Lantxotegi: naturak integratzeko ere balio duenean

Lantxotegi lantegi eskolako Nekazaritzako Lorezaintzako lehen eta bigarren mailako ikasleek oso agindu berezia jaso zuten ikasturte hasieran: loreekin Arga ibaiaren meandroa eta ibaiertzak birsortzea Iruñeko Guadalupeko Bastioian. Emaitza artistikotik harago zihoan erronka zen.

- - - -

Lantxotegi lantegi eskolako Nekazaritzako Lorezaintzako lehen eta bigarren mailako ikasleek loreekin Arga ibaiaren meandroa eta ibaiertzak Iruñeko Guadalupeko Bastioian birsortzeko agindua jaso zuten. Agindu hori, hain zuzen, Mikel Baztan Iruñeko Udaleko Lorezaintza arduradunak egin zien, erakunde hori hartu baitzuen gogoan nerabeak eta gazteak laneratzeko lanarengatik ‘Iruña Loretan’ jaialdiko “Loreak kausa baten alde” jarduerarako. Jaialdi hori aurtengo martxoan eta maiatzean egin da.

Lantxotegi Nafarroako gizarte-erakunde bat da, 1983az geroztik gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten gazteekin lan egiten duena, gizarte-hezkuntzako alternatibak eskainita, garapen pertsonala, soziala eta profesionala jarraitu eta sendotzeko bidea emango dietenak. Hezkuntza-arloko hiru programa desberdinen bidez lortzen dute hori, eta haietako batek nekazaritzako lorezaintzan eta lore-konposizioetan jartzen du arreta.

6.000 landare, 100 metro koadroko lursaila, bi lanegun, eta 15 eta 17 urte arteko 16 ikasle. Horiek dira emaitza artistikotik harago doan proiektu baten xehetasun deigarrienetako batzuk.

“Programa hau urteko prestakuntzaren barnean sartzea erabateko erronka zen”, aitortu du Menchu Andradek, Lantxotegiko Nekazaritzako Lorezaintzako Programaren arduradunak, baina, era berean, hau adierazi du: “Hau bezalako esku-hartzeetan parte hartzeak eskola kalera ateratzeko aukera ematen digu, gure gazteen lana eta ahalegina jendaurrean erakustekoa eta profesionalekin lan egitekoa, besteak beste, Iruñeko Udaleko Lorezaintza eta Mintegietako Zerbitzuko langileekin”.

Arga ibaiak Iruñean eta Iruñerrian egiten duen ibilbidea tagetes, petunia, berbena-belar eta lobelia landareekin birsortzeko agindua ikaskuntza-erronka handia zen, gazteen taldeari ekartzen zion aitortza eta balorazioarengatik, eta horrek zekarrenarengatik beren hazkunde pertsonalerako. Jeneralean, ikasketak utzi dituzten gazteak dira eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradurik ez dutenak. “Eder-eder egiteko gogoz eta irrikaz ginen, bagenekien-eta jende asko joango zela ikustera”, adierazi du Andradek.

Parte hartu duten ikasleek ondokoa adierazi dute egindako lanaz: “Lana erraza izan da. Gogorrena Zaldi Zuriaren ingurutik Guadalupeko Bastioiraino dagoen garaiera maila saihestea izan da 6.000 landareak eramateko, eta bai egin behar izan ditugun probak eta lore-aldaketak ere”

Ziurtatu dute hau bezalako proiektuek taldean lan egiteko eta gauza berriak ikasteko modu berri bat ekartzen dutela. Oro har, lan baten aurrean beren burua antolatzen ikasteko, elkarri laguntza ematean eskuzabaltasun handiagoa sentitzeko, erronka fisikoen aurrean indar eta kemen handiagoa izateko, eta epeak betetzeko balio izan die. Inongo zalantzarik gabe, ezaugarri edo bertute horiek oso baliagarriak izango zaizkie gero lanpostu batean hastean. “Nekazaritzako Lorezaintzako oinarrizko gradua eratzen duten bi ikasturteak egin eta gero, Erdi Mailako prestakuntzan jarrai dezakete edo lanean has daitezke, nekazaritzako peoi lanak egiteko mintegietan edo kirol-zelaietan, edo lorezaintzako laguntzaile lanak egiteko”, zehaztu du Andradek.

Lantxotegiren ardura duten langileen ustez, zeharkako prestakuntza eskolan ematen diren heziketa-graduak bezain garrantzitsua da. Hor hartzen dute erabateko protagonismoa ingurumen-edukiek. 

“Loreak kausa baten alde” programarako Arga ibaiaren meandroa birsortzea; Lorategi Jangarrien Lehiaketa –joan den urtean eskola irabazlea izan zen–; udaleko natura-ingurunearen gaineko sentsibilizazio-, konponketa-, babes- eta kontserbatze-jarduerak; eta eremu lorategidun bat sortzea, baratze ekologiko batekin, komunitaterako, Berriozarko herritarren erabilera eta gozamenerako beren lan nabarmenenen adibide batzuk dira, eta Lantxotegik natura eta ingurumena gizarteratzeko eta laneratzeko elementu moduan nola erabiltzen dituen erakusten digute. 

Beste proiektu bitxi batzuk ezagutzen dituzu eta haietaz hitz egitea nahi duzu? Eman haien berri. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.