Posted

Lord edo Lady titulua, natura-erreserba bat kontserbatzeagatik

Eskoziako Highlands eskualdeko txoko batean, bertako flora eta fauna lehengoratu eta berreskuratzen aritzen den natura-erreserba bat dago. Mundu osoko ekarpenei esker finantzatzen da. Hain zuzen, oinordetzako oroigarri-lursailak saltzean datza ekimena, eta lursail horietara joan daiteke, bertan kanpatu ahal da edo zuhaitz bat landatu. Eta erosten dituenak lord edo lady titulua eskuratzen du, gainera.
HightLand Titles

- - - - - - - - - - - - - - - -

Peter Bevis, heziketaz botanikaria, ohartu zenean Eskoziako Highlands eskualdeko txoko bateko baso-masaren %98 ebaki egin zela eta bertako basoaren orban bakartu eta txiki batzuk baino ez zirela gelditzen, zer egin zezakeen galdetu zion bere buruari.

Orduan, ehun hektareako lursail bat erosi zuen, giza jardueraren ondorioz oso hondatuta zegoena. Hasieran landu egiten zen lur hori, gero abereentzako bazkalekua izan zen eta, azkenean, zuraren ustiapenerako erabili zen. Ondorioz, kanpoko espezie asko landatu zituzten, merkeak eta azkar hazten zirenak, eta, flora endemikoaren gainean eragina izateaz gain, faunarengan ere izan zuten.

Behin lursail hori erosita, eta buruan zerabilen ideia bat egikaritzeko helburuarekin, Stewart Borlandekin harremanetan jarri zen. Biek ala biek Highland Titles sortu zuten, ingurumen-erreserba bat, eta bertako espezieak dagokien protagonismoa berreskuratzen joan daitezen lan egiten du egun.

Proiektua abiarazi zutenean, erreserba inguratzen zuten bi bide baino ez zeuden. Bost urtean bide gehigarrien sare bat sortu zuten, bi urmael artifizial, etxola bat, orain bisitariei harrera egiteko balio duena, eta aparkaleku bat.  

Jarraian, Sitkako izeia (harizko musika-tresnak egiteko erabiltzen den koniferoa) eta izei gorria kentzen hasi ziren, urkiei beren tokia emateko. Baina mantso egin zuten, naturak lortua zuen oreka ez aldatzeko bat-batean.

Denborarekin, Peter eta Stewarten beste lehentasunetako bat erreserbako animalientzako habitatak sortzea izaten hasi zen. Eskoziako basa-katua, adibidez, galduta dago herrialdeko gainerako lekuetan. Dozena bat ale besterik ez zegoen Highlands eskualdean, eta, horrenbestez, hura salbatzea erreserbako helburu garrantzitsuenetako bat zen. Hartara, berreskuratzeko zentro bat sortu zuten. Amak abandonatu zituen hiru kume izan ziren estreinatzeko arduradunak, eta gero aske utzi zituzten. Eta geroztik, noizean behingo egoiliar gehiago hartzen jarraitu du zentroak.

Aldaketa horiek guztiek berekin ekarri zuten duela denbora luzetik erreserbara joaten ez ziren animaliak itzultzea. Eta bai inoiz bertan izan ez zirenak han gelditzea ere. Eta horrek eragin zuen Peterrek eta Stewartek ikuspegia aldatzea eta ez erreparatzea hainbeste zuhaitzei, baizik eta oreka ekologikoak bilatzen joateari.

Kontserbazio-proiektua gauzatzeko, sustatzaileek dirua behar zuten, eta orduan kanpaina original bat jarri zuten abian lortzeko: oroigarri-lursailak saltzea, hau da, Eskoziako lur-zatien lursail sinbolikoak.

Egun, 100.000 pertsonatik gora dira mundu osoan lursail horietako bat erosi dutenak. Eta kopuruak gorantz egiten jarraitzen du.

Hain zuzen ere, erosten duenak, zuzenean, oinordetzako jabetza modu baten gaineko eskubide pertsonala du, hurrengo belaunaldiei utz dakiekeena eta ez dagoena zergapetuta. Halaber, lursaila bisitatzeko eskubidea, bertan kanpatzekoa edo zuhaitz bat landatzekoa eskuratzen da. Eta horrez gain, sari bat jasotzen du: lord edo lady ziurtagiri bat, ohorezko titulu bat, Eskozian norbait lurren jabe denean titulu horren merezidun baita.

Bere aldetik, Highland Titlesek jabe erregistratua izaten jarraitzen du, eta, hortaz, lurra natura-erreserba gisa kudea dezake. Eta, gainera Highland Titles Charitable Trust for Scotland irabazteko asmorik gabeko erakundearen jabetza denez, bermatzen da lurra kontserbaziorako xedeekin baino ez dela erabiliko.

Lursailen eskaintza askotarikoa da, eta bai erosten dituztenen pertsonen profilak ere. Hartara, 100 oin karratu 180 euroren truke erosteko aukera dago, 10 oin karratu 90 euroren truke edo oin karratu 1 60 euroren truke (36 euro, deskarga ekologikoarengatik bada). Eta bikotean erosi nahi duenak ere ad hoc edo berariazko eskaintza bat du.

Eta hala ari da mundua land-lord edo land-ladyz betetzen, eta haiek, beren ekarpenekin, Eskoziako txoko bat lehengoratzen ari dira.

Argazkiak: Highland Titles

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.