Posted

Material berrien bila

Erauzi ordez materia birsortuko duen industria alternatibo bat sortzean laguntzea, naturako prozesuak imitatuz; edo konponduko duena, hondakinak lehengai moduan erabiliz. Hori da etorkizuneko profesionalei prestakuntza ematen dien Elisava unibertsitate-eskolaren helburua. Profesional horiek, hain zuzen, diseinuaren arloan ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin adiskidetuko gaituzten material berriak aurkitzearen erronka izango dute aurrez aurre.

- - - - - - - - - - - - - - - -

Sara Unzueta Diseinuko eta industria-diseinuaren ingeniaritzako graduko ikaslea da Elisava unibertsitate-eskolan, eta Seeds izeneko proiektua aurkeztu du. Haziekin egindako jantzi bat da. Prozedura hasteko, hiru dimentsiotan inprimatzen da piezaren patroia, jantzia erosiko duen pertsonaren neurriekin. Molde hori haziz betetzen da, eta gero erein egiten da. Haziak ernamuindu egiten dira, sustrai bihurtzen, eta sustrai horiek piezaren patroiaren forma hartzen hazten dira. Azken emaitza sustraien bidez sortutako jantzi batean egikaritzen da, eta bereiz gelditu diren zatiak juka-hariaren bidez batzen dira.

Bitxia, ezta? Eta bai asmo handikoa ere.

Izan ere, proiektu hau ez da gelditzen ehun-produktuak prestatzean. Harago doa. Proiektu honek tokiko ekoizpenaren alde egiten du, eta lehengaia ekoizten duen taldearen eta talde kontsumitzailearen artean lotura bat sortu nahi du, balio berezia ematen dion jantziarekin identifikatzen dena.

Fast fashion kontzeptuarekin zerikusirik ez duen zerbait da. Jantzi berriak erostera bultzatzen gaituen moda azkar eta kostu baxukoa, jeneralean kalitate gutxiko eta eskalan egindako jantziak. “Hain zuzen ere, proiektuak slow fashion esaten zaiona sustatzen du, gizartearen erosteko eta kontsumitzeko modua aldaraztea ekarri duen kontsumo posmodernoaren aldarrikapen moduan. Moda ekologikoaren kontzeptu berri honen barnean, proiektua Growing Textiles esaten zaienen parte da. Zehazki, diziplina horrek alternatiba iraunkorrak proposatzen ditu etorkizuneko ehungintzan”, adierazi dute eskolako kideek.

Hau da, ekonomia zirkularraren printzipioek zuzentzen duten moda, jantziak naturatik abiatuta diseinatu nahi dituena, gizakiok ingurumenari eragiten diogun inpaktua minimizatzeko, jatorri berriztagarriko eta biologikoko materialak erabiltzea sustatzen duen moda, egungo ehungintzako ehunen alternatiba moduan.

Horrenbestez, esan daiteke Seeds unibertsitate-eskola honen filosofiaren oinordeko duina dela. Bertan, Marta González Elisava Researcheko ikertzaile senior eta Materials Narratives plataformaren arduradunaren hitzetan, “inguruan ditugun materialak zeharkako moduan ulertzen ditugu, begirada sozial, kultural, iraunkor eta teknologiko batetik”. Zerbaitegatik ari da eskola honetako Ikerketa Saila material berrien ikerketan eta sorreran ardazten, eta aldi berean arreta jartzen belaunaldi berriei prestakuntza ematean, diseinu iraunkorraren profesional gisa.

Erauzi ordez materia birsortuko duen industria alternatibo bat sortzean lagundu nahi dugu, naturako prozesuak imitatuz; edo konponduko duena, hondakinak lehengai moduan erabiliz. XXI. mendeko berrikuntza handienak biologiaren eta teknologiaren arteko elkargunean aurkituko direla uste dugu”.

Ez da blog honetan Elisavaz hitz egin dugun lehen aldia. Aurreko argitalpen batean (hemen irakurri) Clint azaldu genuen, ehun-jantzien biloekin egindako papertegiko material berria.  “From the ashes”, Master in Design Through New Materials masterreko Benedikt Dietz ikaslearena, European Product Design Award saria jaso berria da. Proiektu horrek beira-errezeta zaharrak hornidura-kate zirkular berriekin birdefinitzen ditu, besteak beste, errautsak eta itsasoko maskorrak. Teknologia digitalak eta/edo bio-fabrikatzea baliatzen dituzten fabrikatze-teknika berriak, zelulak, algak, onddoak, bakterioak eta landareak… sortzeko. Horiek guztiak ikastetxe honetan egiten den lanaren adibideak dira, non “propietate pasiboez gain, haien propietate aktiboak eta dinamikoak” interesatzen zaizkien, “propietateak aldatzen dituzten produktuak garatzeko bidea ematen baitute, ingurunera egokituz eta/edo produktu eta sistema dinamiko multifuntzionalak”, gehitu du Martak. 

Baina, izango al dute ibilbidea material hauek? Heziketaren eta prestakuntzaren mailan beren garrantzia izatea ulertzen dugu, batik bat ikasleei kontzientzia harrarazteko. Baina ikerketa eta sorkuntza hauek guztiek merkatuan toki bat izateko aukera edukiko dute gero? “Zalantzarik gabe, baietz uste dugu. Clint materialaren kasuan, industriak interes handiarekin hartu du. Material hau eskuratzeko asmoa eta interesa agertu duten 30 enpresa daude. Hori da gure helburuetako bat. Ikasleek begirada beti industria-eskalagarritasunean jarrita izatea sustatzen dugu hemendik”, ziurtatu du ikertzaileak.

Merkatuan sartu eta ezartzea lortu edo ez, argi dagoena da materialen moldakortasuna ezagutzeak abiapuntu moduan balio duela etorkizuneko profesionalen sormena bultzatzeko; ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin adiskidetuko gaituzten bide berriak aurkitzeko erronka aurrez aurre izango duten profesionalena, hain zuzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.