Auto berria erostea planteatzen ari naiz. Baina, zein? Elektrikoa? Beharbada, baina pixka bat itxaroten badut, merkeagoak eta bateria-autonomia handiagokoak merkaturatuko dituzte. Hibridoa? Ez dakit zein puntutaraino den aukera onena; izan ere, laster erosteko aukera gehiago eta hobeak egongo dira… Eta, autoz ibili ordez, garraio publikoa aukeratzen badut? Ez dut konbinazio onik, patxadaz aztertu behar dut. Dena den, bizikletaren edo patinete elektrikoaren alde ere egin dezaket. Badut bidegorririk joan behar dudan tokiraino? Ongi zaindu ahal izateko beharrezkoa den ezagutza daukat? Zein da indarrean dagoen araudia?
Argitalpen hau irakurtzen ari den edonork bere buruari egin diezazkiokeen ohiko galderak dira horiek, mugikortasuna aldatzen ari baita, eta azkar egiten ari da, gainera.
“Mugikortasun iraunkorra, osasungarria eta segurua”. Hori da Mugikortasunaren Europako Asteak aurtengo aukeratu duen leloa, ohikoa den moduan, irail erdialdera egiten den aste honetarako (aurten, irailaren 16a eta 22a artean). Leloak omenaldia egin nahi de pandemiaren ondorioz herrialdeek izan dituzten zoritxarrei, eta, gainera, Europan eta mundu osoan aurrekaririk izan ez duen osasun-krisi honetatik sortzen diren aldaketarako aukeren gaineko hausnarketa sustatu nahi du.
Horrez gain, asmoa da, batetik, hirietan autoa irrazionalki erabiltzeak osasun publikorako eta ingurumenerako dituen ondorio txarrei buruz sentsibilizatzea herritarrak eta politikariak, eta, bestetik, garraiobide iraunkorragoak, hala nola garraio publikoa, bizikleta edo oinez egiten diren joan-etorriak, erabiltzeak dituen onurei buruz sentsibilizatzea. Izan ere, hori da 1999an bere buruari jarri zion helburu nagusia, Europan mugikortasunari aste bat eskaintzeko ekimena sortu zen urtean.
Aste honetan, hain zuzen, Europako zenbait udalerrik urtero aurkezten dituzte mugikortasun aktiboa sustatzeko eta atmosferara isurpen gutxi edo batere ez igortzen duten garraiobideak erabili eta bultzatzeko hartzen ari diren neurriak.
Iruñeak (Nafarroa) ekimen honekin bat egin nahi du, Udalak sustatuta eta bai beste erakunde batzuek ere, besteak beste, Iruñerriko Mankomunitateak. Izan ere, azken horrek, irailaren 19an, igandea, Mendillorriko ur-biltegietan, Mugikortasun Iraunkorraren I. Azoka egingo du.
Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (bizikletak eta patinete elektrikoak) konpontzeko guneak; bizikleta berriak eta bigarren eskukoak saltzeko guneak; patinete elektrikoen salmenta; ibilgailu elektrikoei buruzko informazioa emateko eta saltzeko standa eta erakusketa; mintzaldiak Nafarroako Patinete Elektrikoen Elkarteko kideekin; topaketak udaltzainekin, bide-heziketari buruz; ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneei buruzko informazioa; ibilgailuen erakustaldia eta proba, ur-biltegietako parkeko zirkuituan; ibilketa nordikoko saioa, lau kilometrokoa, Mendillorritik San Andres Errotaraino eta Atarrabiako Pilategiraino; eta musika-girotzea, “Open air” taldearekin. Jarduera horiek guztiak egingo dira, mugikortasun iraunkorraren gainean sentsibilizatzeko xedea ez ezik, mugikortasun iraunkorrari buruzko kezka duen eta autoa aparkatuta utzi nahi duen edonori mugikortasuneko eko-aholkulariaren figura hurbiltzeko xedea ere baduen jardunaldi batean.
Gainera, aste honen ospakizunak ikasturtea hasi eta errutinara itzultzearekin bat egin duenez, Mankomunitatearen ingurumen heziketarako programak, Mancoeducak, Nafarroako Unibertsitateko Museoko talde pedagogikoarekin lankidetzan arituta, zientzia eta artea batzen dituen jarduera bat sortu du.
Jarduera horretan, ikastalde bakoitzak hainbat dinamika egingo ditu, arnasten duen airearen ezaugarriak ezagutzeko. Beren ikastetxearen inguruetan ibiliko dira paseoan, airearen kalitatea aztertzeko gailu batzuekin eta neurketak egingo dituzte. Gero, ikasgelara itzuliko dira, eta datuak aztertu eta ondorioak aterako dituzte. Amaitzeko, ondorio horietan oinarri hartuta, norberak bere artelana egingo du eta “Arnasten dugun airearen historia” izenburua jarriko dio.
Horren antzeko jarduera bat, baina familientzat, egingo da irailaren 18an eta 19an, larunbata eta igandea, Nafarroako Unibertsitateko Museoan, goizeko ordutegian.
Izan ere, etorkizunean helduak izango direnak sentsibilizatzen hastea da programa honen eta, oro har, hiritar guztien lehentasuna, mundua nola doan aldatzen ikusten baitute eta bai mugitzeko modua ere.
Utzi erantzuna