Ardizaintzak eta arteak printzipioz ez dute zer ikusirik. Baiana bat-batean “Muturbeltz” izeneko elkarte bat sortzen da eta denak bat egiten du.
Ardi baten marrazkiaren laguntzarekin, elkarteak bere jarduketa-printzipioak eta lortu nahi dituen helburuak egituratu ditu. Buruan, elkarteak abiapuntu dituen balioak leudeke: babestea, sortzea, parte hartzea eta hedatzea. Beste alde batetik, ardiaren lau hankak leudeke, haietako bakoitza sail desberdin moduan ulertuta: artea, artilea, esnea eta haragia.
ARTEA
Mutur Beltz elkarteak urtero egiten du Ondo bizi arte-egonaldirako deialdia, Karrantzan. Edizio bakoitzean, deialdi publiko bat eginda, artista batzuei gonbidapena egiten zaie elkarteko kideekin batera bizitzeko. Hartara, sortzaile horiek, beste esperientzia batzuez gain, hauetaz gozatzeko aukera dute: bisitak hainbat baserritara, ingurunea ezagutzea, bilera Mutur Beltz ardien hazkuntza zaintzeko eta babesteko Avascane euskal elkarteko artzainekin batera eta abar. Horrenbestez, elkarte horren artzaintza-jarduna hurbiletik ezagutzeko modua izaten dute, baita Muturbeltza ardi arraza ezagutzekoa ere. Arraza hori bertakoa da eta galzorian dago.
Jasotako diru-bekaren ordainetan, artista parte-hartzaile bakoitzak lan bat egiten du, gero formatu desberdinetan aurkezten dena: ate irekien jardunaldiak, mintzaldiak, debateak Edizio guztietan, gainera, argitalpen bat kaleratzen da eta lanak erakusgai jartzen da ArTzai TopaKeta arte eta nekazaritza-artzaintza topaketan. Helburua: egindako lanaren eta Karrantza Haranaren zabalkundea aberastea.
ESNEA eta HARAGIA
Betidanik, esnea eta haragia izan dira ardi zaintzaren errendimendu-bide ohikoenak. Avascane elkarteak produktu horiek sustatzearen alde egiten du, eta Mutur Beltz elkartea elkarlan estuan aritzen da harekin 2016az geroztik Karrantzan ArTzai TopaKeta arte eta nekazaritza-abeltzaintza topaketa antolatzen.
Mota desberdinetako jarduerez betetako topaketa izaten da, sukaldaritzari ere jartzen diona arreta. Hain zuzen, herri-bazkari bat egin ohi dute eta bertako produktuekin Karrantzako jatetxe desberdinetan prestatutako jakiak eskaintzen dituzte: ardiki-gisatua, gazta freskoa…
ARTILEA
Ezaguna da azken urteetan artilea hondakin gisa tratatu dela eta kutsadura handia eragin duela, bai gure ingurunean, bai eta munduko hainbat lekutan ere. Ahalegin asko egin dira hori sahiesteko, Ecoblog honetan 2018an adierazten genuen bezala post honen bidez. Baina askoz gehiago behar dira.
Hori dela-eta, Mutur Beltz elkartearen beste helburuetako batek lehengai moduan artilearen balioa handitzeari buruz ikertzean jartzen du arreta.
Mutur Beltz Asociación ATELIER-Laines d’Europe elkartearen barnean dago eta bai Estatuko arraza autoktonoen artile-sarearen barnean ere. 2014az geroztik, arazo honen gaineko sentsibilizazioa zabaltzen du jardun artistikoaren bidez: performancea, bideo-sorkuntzak, dokumentalak, argazkiak… Horrez gain, mintzaldi eta tailer mordoa egin du.
2017az geroztik, gainera, Avascane elkarteko artzainei artilea erosten die, prezio justu batean, tokiko ingurunean ingurumen-inpaktua murrizteko helburuarekin. Horretarako, ekonomia zirkularraren alde egiten du eta ardiei ilea mozteko prozesuan parte hartzen du, inguruko artzainekin batera, auzolanean arituta.
Baina ekonomia zirkular hori garatzeko, artile erdifinen prozesu, tratamendu eta ezaugarri desberdinen gainean ikertu behar da. Eta horretan dabil Mutur Beltz elkartea. Zenbait proba, ikerketa, bidaia eta buruhausteren ondoren, Karrantzako ardien artilea garbitu, kardatu eta industria-prozesu baten bidez irutea lortu dute. Hori gauza berri bat da. Artile hori ez zen industrialki landu lehenago eta artisautzakoak soil-soilik ziren erabileretarako uzten zen. Beraz, produktu berri bat sortu da, ikertzen ari dena eta I+G+B arloan egin litezkeen kolaborazio, fusio eta lankidetza-proiektuetara zabaltzen ari dena, ehungintza ezagutzen eta etika berberaren arabera lan egiten duten beste agente batzuekin batera.
Eta hau dena da Mutur Beltza Elkartea, artea eta ardi zaintza batzen dituen elkartea eta helburu garbia duena: Karrantza Haraneko abeltzaintzari eusten laguntzea eta galzorian dagoen espezie bat salbatzen laguntzea, paisaia babesten duelako eta tokiko merkataritza sustatzen duelako, ekonomia zirkularra sortuz.
Utzi erantzuna