Kastore europarra, ur-arratoia, lepazuria, katajineta, azeria, urtxintxa, kurriloa, zozoa… dira Iruñerriko Ibai Parkean bizi diren espezieetako batzuk. 2015-2016az geroztik, Iruñerriko Mankomunitatea fauna horren gaineko lanak egiten ari da, Ornitolan Servicios Ambientales enpresaren bidez. Xedea da Parkean bizi diren ugaztunen, hegaztien, burruntzien, anfibioen eta narrastien espezie desberdinen presentzia ezagutzea, eta bai biltzen doan informazioari zabalkundea ematea ere, “oso aberatsa den biodibertsitatea duen inguru bat dugulako, eta hura kontserbatzeko ardura daukagulako. Izan ere, zenbat eta hobeki ezagutu, orduan eta gehiago errespetatuko dugu”, adierazi du Gabriel Berasateguik, lan horien arduradunak.
Orain, Ibai Parkeko gune desberdinetan kokatuta dauden zenbait kamerak ahalbidetzen dute espezie horietako indibiduoak beren eguneroko zereginetan ikustea: kastore bat kumearekin, katajineta bat urari begira, lepazuri bat alde batetik bestera korrika ibiltzen gauean…
“Ibai Parkea korridore biologikoa denez, hau da, bide natural bat faunarentzat, ‘argazki-tranparen’ teknikarako kamerak jarri ditugu, mugimendua dagoenean bakarrik aktibatzen direnak, mugimendu handieneko lekuetan –azaldu du Gabrielek–. Hartara, animaliak igaroko direla uste dugun tokietan kokatzen dira kamerak. Baina kokaleku onena aukeratzea ez da erraza, lapurretei eta bandalismoari ere aurre egin behar baitiegu”.
Guneak (ibaiaren gaineko zubiak) Parkearen 34 kilometroetan hautatu dira. Haietako bakoitzean esplorazio bat egiten du ikerketa-taldeak aldian behin, sei hilean behin, 250 metro urari goiti eta beheiti, ugaztunen presentziaren ebidentziak bilatzeko: arrastoak, aztarnak, seinaleak… Gero, ebidentziak idatziz jasotzen dira eta argazkiak egiten zaizkie, irudien bankuarekin batera, fauna berezia detektatzeko azterlana eratzen joateko, askotan behatzen zaila den fauna, baita egunean zehar ere.
2020ko maiatz eta ekain artean egin zen lehen laginketan, igaraba arruntaren (Lutra lutra) eta kastore europarraren (Castor fiber) presentzia nagusia detektatu zen, Parkean bizi diren beste ugaztun-espezie batzuen gainean, adibidez, lepazuria (Martes foina), katajineta (Genetta genetta), etxe-katua (Felis cattus cattus), orkatza (Capreolus capreolus), basurdea (Sus scrofa) eta karraskariak. Horrez gain, erbinudea (Mustela nivalis) ere ikusi zen, beste azterlan batzuetan aurretik behin bakarrik detektatu zutena.
Beste alde batetik, 2020-2021eko udazken-neguan, bigarren bisita egin zen laginketa-estazioetara. Igaraba arruntaren arrasto ugari detektatu izana deigarria izan zen. Zehazki, Ibai Parke osoan ikusi zen bere presentzia. Horrez gain, gutxienez, kastoreen 12-14 familia-talderen presentzia detektatu zen.
Orain, lortu diren datuak kudeaketarako tresna gisa erabili nahi dira, biodibertsitate-gune hauek kontserbatzea eta sustatzea errazte aldera. Oraingoz, Mankomunitatea haien dibulgazioan ari da lanean, eta, beraz, azterlan hori egin duela ezagutarazi die hedabideei eta sareetan partekatzen ari da bideoak, herritarrak ohitu daitezen ibaiko bizilagun horietara.
Bideo horiek ikusi nahi badituzu, egin klik lotura honetan:
Gustuko izan baduzu post hau, agian beste hau interesgarritzat hartuko duzu.
Utzi erantzuna