Posted

Nauru uhartea eta bertako baliabideak suntsitzea

Nauru uhartearen historiak garapen ekonomiko berdingabe batez hitz egiten digu, erregai fosilak ustiatzeak sustatutako garapen batez. Baina baita aurreikuspen-ezaz ere, beste alde batera begiratu nahi izateaz eta beranduegi denean erreakzionatzeaz… Izan ere, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenean geure buruari begiratzeko ispilu moduan aipatzen du: baliabideak kontrolik gabe ustiatzearen paradigma, gure ekintzak sortzen ari diren arazoa arintzen teknologiak edo aurkikuntza berriek lagunduko duten konfiantza osoa duen gizarte batena. Baina, ez bada hala gertatzen?

*Sapienscuriosaren artikuloa

Bazen behin Ozeano Barean zegoen uharte ñimiño bat, Nauru izenekoa. Milaka urtean, baita gizakiak bertan bizitzen hasi aurretik ere, koral-arrezifeen multzo txiki hau molusku ezin gozoagoak jaten zituzten hegazti ugariren geraleku bihurtu zen. Denborarekin, hegaztien gorozkiak koralean pilatu eta gogortu egin ziren, uhartearen lurra sortuz.

2.000 urte baino gehiago dira 21 kilometro koadro dituen uharte honetan gizakiak bizi direnetik, eta, tradizionalki, arrantza eta ehiza izan dituzte bizibide, eta batzuek baita nekazaritzako baliabideak ere.

Dena naturarekin bakean eta adiskidetasunean zihoan 1900ean europarrak ohartu ziren arte uhartearen lurra kaltzio fosfato metakin ikaragarri bat zela, fluor asko zuena, eta, horrenbestez, arroka horiek ongarri on bat zirela.

Berehalaxe, ozeanoaren erdian zegoen interesik gabeko uharte izatetik bertako aberastasunengatik gutiziatutako toki izatera igaro zen Nauru. Hortaz, ez da harritzekoa uhartea eskuz esku pasatzen joan izana ustiatu ahal izateko.

1968 arte, Australiak ezarria zuen protektoratua amaitu eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) errepublika independente moduan aitortu zuen arte. Nauruarrek, beraz, beren etorkizuna erabaki eta fosfatoak ustiatzeko aukera izan zuten.

Laster ohartu ziren lortzen zituzten diru-sarrerak industria hori teknologia aurreratuenaz hornitzeko inbertitu zitzaketela, urtean 2 milioi tona fosfato erauzten jarraitu ahal izateko. 1985ean, Nauruk planeta osoko BPG handiena zuen.

Gutxi axola zuen gelditzen zen lursaila obra-hondakinen eta koral-hondakinen masa antzua bihurtzen aritzea, laster bertan bizitzeko egokia izango ez zena. Inork ez zuen pentsatu uharterako B plan batean. Industria horrek ikaragarrizko irabaziak ematen zituen, eta baliabideak ahitzen ziren unean herritar guztiek batera emigratzea beste aukerarik ez zuten hartu gogoan.

1990eko hamarkadaren hasieran arriskua hurbil zegoen, baina irabaziak artean onak ziren, eta denek batera emigratzea atzeratzen saiatu ziren eta etekinen zati txiki-txiki bat besterik ez zen inbertitu berriro naturalizatzean eta lursaila humusarekin betetzean.

Gainera, baten bati bururatu zitzaion uhartea paradisu fiskal bihurtzea eta diru-iturriak dibertsifikatzen saiatzea. Hartara, azalpen gehiegirik eskatu gabe pasaporteak saltzen hasi ziren, banketxeak dirua zuritzen aritu ziren…

Dena den, une batean transakzioen opakutasuna eta haien gainean gobernuak egiten zuen kontrol eskasa deigarria egin zitzaien nazioarteko erakunde arautzaileei, eta laster esku hartu zuten.   

Eta horretan ari ziren, azkenean fosfatoa ahitu zenean. Hain aberatsa izan zen uharte txikiak diru-sarreren iturria eta bizibidea galdu zuen, lurraldearen %90 meatzaritzak birrinduta baitzegoen.

Eta krisi ekologiko horri klima-aldaketa gehitu behar izan zitzaion: Ozeano Bareko uharte guztiak bezala, Nauru bereziki ahula da ozeanoen maila-igoeraren eta muturreko klima-gertaeren aurrean, adibidez, lehorteen aurrean. 1997an, Kyotoko Konferentzian, Nauruko lehendakariak, Kinza Clodumarrek, hitz hauek adierazi zituen NBEren aurrean: “Harrapatuta gaude, atzeko patioan dugun otalur baten eta aurreko fatxadan proportzio biblikoak dituen uren igoera ikaragarri baten artean”.

2017ko uztailean, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) hobetu egin zuen Nauruko zerga-gardentasuneko arauen kalifikazioa. Halaber, 2017-2018rako Nauruko aurrekontuak, David Adeang finantza-ministroak aurkeztutakoak, 128,7 milioi dolar australiarren diru-sarrerak aurreikusten zituen eta 128,6 milioi dolar australiarren gastuak, eta naziorako hurrengo bi urteetarako hazkunde ekonomiko neurritsua proiektatzen zuen. Urte horretan bertan, herrialdeko gobernua DeepGreen ur sakonetako meatzaritza-enpresarekin elkartu zen, eta manganeso noduluak lortzeko asmoa daukate, energia-teknologia iraunkorra garatzean erabili ahal izateko haren mineralak eta metalak.

Denborak esango du neurri horiek emaitza onak ematen dituzten edo ez. Bien bitartean, bakarrik dakigu, IPCCren azken txostenaren arabera (AR6), Naururekin gertatu zena gerta daitekeen egoeretako bat dela (SSP5): egoera horretan garapena erregai fosilek bultzatuta dago, baliabideak neurrigabeki ustiatzen dira, ekonomia mugarik gabe hazten da eta gure ekintzak sortzen ari diren arazoa arintzen teknologiak edo aurkikuntza berriek lagunduko duten konfiantza osoa dago. Baina, ez bada hala gertatzen?

*Iturriak

Nauru, Wikipedia

González, D. La tragedia de Nauru: la gran caída de un pequeño país. 2017 El orden mundial

Klein, N. Esto lo cambia todo. 2015. Paidós

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.