Posted

Nola birziklatu gure etxeko botika-kutxako sendagaiak

Etxean erabiltzen ditugun sendagaiek arriskua dakarte ingurumenerako eta gizakion osasunerako, bide desegokiak erabiltzen baditugu haiek botatzeko. Duela 16 urtetik, SIGRE existitzen da, haien ekoizpen, erabilera eta kudeaketa arduratsua lortzeko lan egiten duen erakundea. Beste urte batez, aholkuak ematen dizkie herritarrei sendagaiak zuzen botatzeko.

- -

Hondakinen Prebentziorako Europako Astean erabat murgilduta gaudela, SIGREk kanpaina berria abiarazi du, sendagaiak birziklatzeko orduan herritarren elkarlan saiatua eskertzeko, batetik, eta hutsik dauden ontziak edo botika hondarrak dituztenak zuzen birziklatzearen gainean kontzientzia harrarazten jarraitzeko, bestetik.

Sendagaiak zaborretara edo hustubidetik behera botatzeak eragin kaltegarria izan dezake ingurumenerako, lurzorua, ura, ibaia edo ekosistemak kutsatzeko arriskuarengatik. Beste alde batetik, iraungita dauden, kontserbatze egoera txarrean dauden edo jada bukatuta dauden sendabideetako hondarrak etxetik kentzeak haien erabilera desegokitik eratorritako arazoak ekiditen ditu eta mundu mailako arazo bat arintzen da, antibiotikoen erabilera okerrak eragindako bakterio-erresistentziena, hain zuzen.

Hondakin mota hau zuzen botatzeko orduan herritarren laguntzari dagokionez SIGREk ematen dituen datuak ezin hobeak dira, eta urtetik urtera hobekuntza erakusten dute. Egun, herritarren %97k uste dute botikak zaborretara edo hustubidetik behera botatzeak kalte “dezentea edo handia” egiten diola ingurumenari. Beste alde batetik, 10 etxebizitzatatik 9tan botika-kutxa nolabaiteko erregulartasunarekin berrikusten dute eta ia kasuen ehuneko ehunean aurkitzen dute kendu egin beharko litzatekeen sendagairen bat, edo iraungita dagoelako, edo kontserbatze egoera txarrean dagoelako, edo amaitu gabe dagoelako.

Arrakastaren oinarrian bilketa sistema zabal bat dago, 21.779 SIGRE gune baino gehiago hartzen dituena Espainiako beste hainbeste botikatan, industria farmazeutiko bereziki aktiboa hondakinak prebenitzean, ontzien ekodiseinuko 2.350 neurri baino gehiago dituena (bolumena edo pisua murriztea, material biodegradagarriak erabiltzea, eta abar) eta hondakin hauen bilketarekiko konpromisoa hartua duen banaketa sistema bat.

Herritarren eginkizuna ere ezin da ahaztu. “Sendagaiak zuzen birziklatzeak onura du ingurumenerako eta osasunerako”, gogorarazi digu Juan Carlos Mampaso SIGREko zuzendari nagusiak. Bere ustez, herritarrek badakite hori, baloratu egiten dute eta horregatik hartzen dute parte hain era aktiboan mota honetako produktuak birziklatzean.

SIGRE gune baino

Botiketako SIGRE guneetan utzitako ontzien materialak birziklatuta, azken 16 urteetan, 495.000 zuhaitz baino gehiago moztea saihestu da, 245 milioi litro ur eta 210 milioi kW/h-aren baliokidea den aurrezpen bat lortu da, eta atmosferara 70.000 tona CO2igortzea ekidin da.

Norbaitek ez badaki ziur nola jokatu, hona hemen gako batzuk modu seguruan egiteko:

ZER ERAMAN DAITEKEEN ETA NOIZ
Sendagai bat bukatutakoan, ontzi hutsa bota behar da botikan, edozein estilotakoa dela ere, blisterra, flaskoa, tuboa, aerosola…, eta kartoizko kaxarekin batera egin behar da.
Sendabide bat amaitutakoan, sobera gelditu den sendagaia duen ontzia botikako SIGRE gunean utzi behar da, hura ere bere kaxaren barnean.
Botika-kutxa berrikustean, iraungita dauden botikak, kontserbatze egoera txarrean daudenak eta jada behar ez direnak bota egin behar dira. Hori guztia botikara eramango dugu.

ZER EZIN DEN ERAMAN
SIGRE guneetako ontzietan ezin izango dira inolaz ere orratzak utzi, zerrenda erreaktiboak, objektu ebakitzaileak, matxardak, protesiak, termometroak, pilak, erradiografiak, gazak, txaplatak, eta abar. Zenbait autonomia erkidegotan, berariazko edukiontziak daude orratzak eta objektu ebakitzaileak botatzeko, osasun etxeetan edo botiketan egoten direnak; pilak, erradiografiak edo mediku erabilerako gailu elektronikoak bilketa sistemetan edo udal mailan egokitutako garbiguneetan bota behar dira; gazak, txaplatak, esparatrapuak eta abar, etxean erabiltzen direnak, gainerakoen frakzioko edukiontzira bota behar dira.

Salbuespen bat baino ez dago orratzen kasuan: sendagaiaren ontziari batuta dauden eta hartatik bereizi ezin diren orratzak SIGRE gunean utzi ahal izango dira, besteak beste, luma batzuk eta aurretik kargatuta dauden xiringak. Nolanahi ere, egoki estali beharko dira, beren luma-estalkia edo babesteko gailua erabilita.

Zalantzarik badugu, botikariek argitu diezagukete zer utz dezakegun eta zer ez botikako SIGRE gunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.