Posted

Nola gorde elikagaiak, plastikoan bildu gabe

Nork ez ditu gogoan txikiak gineneko dendariak, erosten genituen letxugak eta eskarolak egunkari-paperezko orrietan biltzen? Eta nola edukitzen genituen etxeko hozkailuan era berean bilduta? Trikimailu horrek eta beste askok aukera ematen ziguten orduan, eta aukera eman diezagukete orain, barazkien eta elikagaien propietateak kontserbatzeko plastikoa erabili behar izan gabe.

- -

Bere burua “artibistatzat” (artea/aktibista) duen Emily Ehlers diseinatzailearen ilustrazio bitxi bat gure inspirazioa izan da, plastikoan bildu behar izan gabe elikagaiak gordetzeko aholku praktiko batzuk emateko. 

Ehlersek iraunkortasunean eta plastikorik gabe bizitzeko saiakeran bere pasio handienetako bat du, aholkuen, trikimailuen eta, berak adierazten duen moduan, “arinago bizitzeko esperimentuen” ilustrazio dibertigarriekin erakusten duena. Egiten dizkigun iradokizunen artean dago, esate baterako, barazkiak zurtoinarekin kontserbatzekoa (amaieraren zati txiki bat ebakita) eta ura duten edalontzi edo pitxerretan sartzekoa. Gero, hozkailuan edo sukaldeko gainaldean utzi ahal izango ditugu.

Argazki: Emily Ehlers. @ecowithem

Era berean, proposatzen digu apioa eta azenarioak uretan edukitzeko, fresko eta kurruskatsu kontserbatzeko. Aukera horrek, ordea, kontrakoak ditu, pertsona batzuek uste baitute egokiagoa dela azenarioak zuritu gabe edukitzea hozkailuko barazkien tiraderan. Horretarako duten arrazoia da urak barazkiaren azukrea xurga dezakeela eta zaporea kendu.

Kontua da egokitzat jo daitezkeen jokabide eta jardunbide asko daudela, eta horregatik norberak aurkitu behar du gehien asebetetzen duena. Adibidez, Ehlersek proposatzen du letxugaren hosto bakoitza bereiztea, sukaldeko zapi batean, gero bildu eta hozkailuan gordeko dena. Consumer aldizkariko orrialdeetan, aldiz, gomendatzen digute hosto bakoitza ongi bereizi, garbitu eta lehortzea, prozedura hori egin aurretik.

BESTE TRIKIMAILU BATZUK

Patatak eta tipulak gordetzeko modu onena aireztatuta dagoen saski batean edukitzea da edo errafia-antzeko oihalezko poltsetan, eta argitasunak zuzenean ematen ez dien toki batean utzi behar dira. Hori bai, bereiz eduki behar dira, tipulek hondatu egin baititzakete patatak. Ilunantza eta 7 eta 11 gradu arteko tenperatura ere funtsezkoak izango dira kontserbatzeko. 

Era berean, toki ilun bat da egokiena ogi freskoaren propietateei eusteko. Ogi-ontzi bat edo kotoizko zapi batzuk erabilgarriak izan daitezke helburu horretarako. 

Kotoizko zapiak, bestalde, aukera bikaina dira egoskariak edukitzeko, hala nola babarrun freskoak eta ilarrak.  Beste zapi batzuek, erle-argizarizkoek, gero eta estimu handiagoa dute, elikagaiak biltzeko bakterioen kontra dituzten propietateengatik. Bilgarri-mota horiek bereziki erabilgarriak dira elikagai lehorrak edo janari-hondarrak biltzeko, baina ez dira gomendagarriak haragi freskoetarako.

Ikasi hemen zure erle-argizarizko zapia egiten.

Baina behar duguna ontziak badira, kristalezko poto hutsak erabiltzea irtenbide ona izan daiteke. Izan ere, elikagaiak babesteaz gain, egokiak baitira hozkailuan eta bai izozkailuan ere gordetzeko. Hauek dira kontuan izan beharreko alderdi bakarrak: 

  • Elikagaiak bero daudela sartu badira potoan, hozkailuan sartu aurretik hozten utzi behar dira.v
  • Likidoren bat izoztu nahi bada, ontziaren zatitxo bat bete gabe utzi behar da, ez da osorik bete behar. 

Ziur asko zuk beste metodo batzuk ezagutu edo aplikatuko dituzu elikagaiak edukitzeko, horretarako plastikoa erabili behar izan gabe. Kontatuko dizkiguzu?

Argazki: Leonie Wise. Unsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.