Aste honetan zehar, Nazio Batuen Erakundeak klimari buruz New Yorken antolatu duen goi-bileran parte hartzera deituta daude mundu osoko agintariak. Eztabaidarako mahaiaren gainean, ingurumena andeatzen joatearen aurka ahal den arlo guztietan borrokatzeko premia egongo da. Arlo horietako bat, mundu osoan sortzen diren berotegi-efektuko gasen %10en arduraduna, elikagaien eralgiketa da, munduan urtero sortzen diren elikagaien herena galtzea edo hondatzea ekartzen duena. Gure gizarteko kide guztiok ardura dugu, erantzukizunaren zati bat, erosten, prestatzen, kontsumitzen eta askotan botatzen ditugun jan-edanen erabilera egokia edo desegokia egitean. Horregatik, garrantzitsua eta beharrezkoa da gertatzen denaren gaineko kontzientzia hartzea.
Julio Flames nazioarteko sukaldariburu ezagunak hamarkadak daramatza bere lanari ingurumen-kontzientzia argia eman nahian, eta berak gogorarazi digu herrialde “aberatsek” Saharaz hegoaldeko Afrikako elikagaien ekoizpen garbiaren (230 milioi tona) ia janari-kantitate bera (222 milioi tona) eralgitzen dutela. “Elikagaiak galdu eta hondatzeak, gainera, ur-, lur-, lan- eta kapital-gastu handia ekartzen du, halabeharrez eragiten duena berotegi-efektuan eta, horrenbestez, berotze globalean eta klima-aldaketan”, du jasota, elikagaiak berriro aprobetxatzeko sukaldaritza-ikastaro ugarietako batera joaten direnei azaltzen dien gidoietako batean.
Garapen-bidean diren herrialdeetan, hondakinen eta galeren zati handiena ekoizpenaren lehen fasean gertatzen da, biltegiratze- eta kontserbatze-arazoengatik. Diru-sarreren maila ertaina edo handia den herrialdeetan, ordea, hondakinen zati handiena ekoizpen- eta kontsumo-prozesuaren azken fasean gertatzen da, elikagaiak etxebizitzetan ditugunean, eta hor kontsumo-ohiturek eginkizun erabakigarria dute. Hondakin horiek saiheste aldera, bere lanarengatik edo interes pertsonalarengatik, dirua eta denbora aurreztea ekar dezaketen jardunbide batzuk garatzen joan da Julio Flames urteen poderioz.
1. Otordu batean jan dezakezuna baino gehiago prestatu baduzu, gorde janari-hondarrak.
Gaur gaueko afarirako beharko zenituzkeen barazkien bikoitza prestatzen baduzu, zopa edo pasta plater baterako abiapuntua izango duzu asteko beste egun baterako. Izoztu edo geroago jan ere egin daitezke.
2. Bildu edo gorde janari-hondarrak buru argiz.
Horretarako, janaria edukitzeko beirazko ontziak berrerabilgarriak eta iraunkorrak dira, eta, gainera, barnean dagoena ikusteko aukera ematen dizute. Hartara, zailagoa izango da hozkailuan dituzun janari-hondarrak ahaztea. Gainera, izozkailuan sartzeko primerakoak dira.
3. Egin “janari-hondarren gau” bat.
Batzuetan zaila izaten da pilatzen doazen hondar desberdinak aprobetxatzea. Kasu horretan, Flamesek gomendatzen digu astean familiako kide guztien artean banatzeko eta denak jateko gau bat erreserbatzea.
4. Bihurtu afaria bazkari.
Patata-arrautzopilaren errazio bat, esate baterako, ogitarteko perfektu bihur daiteke.
5. Pentsatu “osagaiak” direla, ez “hondarrak”.
Hondarrak plater berri eta ezin gozoago bihur daitezke. Bihurtu patata gehigarriak edo barazki egosiak arrautzopil. Nahastu barazki egosiak tomate osoen lata batekin eta egin saltsa begetarianoa pastarako. Sobera gelditu zaizun oilaskoarekin egin kroketak, lasagna edo enpanadillak. Egositako barazkien salda fume bikain bihur daiteke arroza egiteko.
Ogia bera ere, oso lehor badago, ogi birrindu bihur daiteke. Egun baten edo biren ondoren, freskotasuna galtzen duenean, torradak egin ditzakegu edo erditik ebaki dezakegu, oliba-olio ona bota eta tomate ondu baten alde ebakiarekin igurtzi. Gatza, piperbeltza eta oreganoa bota, aluminiozko paperean bildu eta labean erreko dugu epel egon arte. Hartara, berriro ere ezin gozoago dagoela ikusiko dugu.
6. Krema edo purea egin.
Osagarri moduan erabili genituen barazkiak, lurrunetan, plantxan erreta edo labean erreta egindakoak, beste egun baterako zopa edo krema gozo bihur daitezke. Zuku-makina batean, barazki-krema bat egin daiteke, oilasko- edo barazki-saldaren hiruzpalau kikarakada erabilita. Bota gatza eta piperbeltza nahierara, eta laguntzeko ukitu bat eman diezaiokegu pesto eta hirugihar txigortu pitin bat, oliba-olioa edo ogi-txigorkiak gehituta.
7. Gorde barazki edo begetalen hondarrak.
Beharbada aholku harrigarrienetako bat begetalen hondarrak gordetzea da barazki-salda egiteko. Itxi daitekeen poltsa bat baino ez da behar, izozkailuan gorde eta zatiak sartzen joateko erabiliko duguna: azenarioen eta mihiluen estalkiak, tipulen edo porruen muturrak, tomateen bihotzak, belar eta barazki berdeen zurtoinak, eta antzekoak. Poltsa beteta dagoenean, desizoztu edukia, bota lapiko batera eta gehitu ura estaltzeko. Su motelean egin, ordu batean, eta iragazi, eta, hartara, barazki-salda gozo-gozoa izango duzu.
8. Zatiak egin.
Izugarri handiak diren paketeetan etortzen diren produktuak zatitzea da kontua, jeneralean merkeagoak izaten direlako erosten baititugu. Pakete txikietan bilduta gorde ditzakegu izozkailuan: ogi xerratua, opiltxoak, pita ogia…
9. Inspirazioa.
Osagaiak aprobetxatzeko moduen gaineko inspirazioa munduko sukaldaritza tradizionaletan aurkitu. Harritu egingo zaitu produktu berberak beste kultura batzuetan nola erabiltzen dituzten ikusteak.
“Heldu erronkari: elikagai gutxiago alferrik galtzeko eta dirua aurrezteko modu errazak ikasi”.
*Julio Flames espezialista da elikagaietan, sukaldaritzan, elikagaiak prestatzean eta hotelen industrian. Eskuarki aritzen da lankidetzan, Emausko Trapuketariek Berriozarren duten zentroan Iruñerriko Mankomunitateak antolatzen dituen tailerretan. Hurrengo tailerra azaroaren 14an izango da, “Jakiak prestatu janari-hondarrekin: errezeta osasungarriak” izenburupean, eta abenduaren 19an “Eguberrietako sukaldaritza, janari-hondarrekin” izenekoa emango du.
Utzi erantzuna