Mar Menor aintzira biodibertsitatearen eta itsasertzeko aberastasunaren ikonoa izan da hainbat hamarkadatan. Azken garaietan, ordea, ingurumen-andeatze larria izan du, mantenugai gehiegi edukitzeak eraginda, adibidez, nitrogenoak eta fosforoak. Nekazaritza intentsibotik helduta, mantenugai horiek algak ugaritzea ekarri dute, “zopa berdea” egotea, eta krisi ekologiko etengabeak, ekosistema kolapsoaren ertzera eraman arte.
Egoera horren aurrean, naturan inspiratutako konponbide bat indarra hartzen hasi da azkenaldian: ostra arrunta (Ostrea edulis) berreskuratzea, leheneratze ekologikoko tresna gisa. Ostra hori ia guztiz desagertu izana ekosistemaren osasun txarraren kausa eta ondorioa izan da aldi berean.
Kontu jakina da kuskubiko honek, Mar Menor aintziran 135 milioi banako baino gehiago edukitzera iritsi zenak 1980ko hamarkadan, ura iragazteko eta esekita dauden mantenugaiak harrapatzeko gaitasun egundokoa dutela, eta, hala, modu naturalean laguntzen duela uraren kalitatea hobetzen.
Bere presentzia, gainera, itsasoko habitaten dinamikarako onuragarria izango litzateke, babeslekua eta mantenua eskainiz beste espezie batzuei eta egitura biologiko orekatuagoa berrezartzen lagunduz.
Helburu horrekin sortu zen RemediOS-2 proiektua, zientzia- eta ingurumen-ekimena, hainbat erakundek babestutakoa, adibidez, Ozeanografiako Espainiako Institutuak (IEO-CSIC), Hego-ekialdeko Naturalisten Elkarteak (ANSE), WWF erakundeak, erakunde akademikoek eta arlo publikoak, ostren leheneratze-ahalmena esploratzeko. Ikuspegiak ikerketa, akuikultura errestauratiboa eta herritarren partaidetza konbinatzen ditu, kuskubiko hau berriro sartzeak mantenugaien bio-erauzketan modu eraginkorrean lagundu dezakeen aztertzeko.
Ekintza agerikoenen artean ostren arrezife esperimentalak kokatzea dago. 2025aren amaieran, ostra arruntaren 55.000 larba inguru jarri ziren finkatuta bloke biodegradagarrietan, gune estrategikoen parean. Nahiz eta egitura horiek eremu mugatuak hartzen dituzten, beren eginkizuna bikoitza da: uraren gardentasuna hobetuko duten iragazki bizidun moduan jokatzea eta habitata izatea uretako beste izaki bizidun batzuentzat.
Proiektuaren atzeko zientziak, gainera, ur-zutabeko hazkuntzak eta haztegi kontrolatuak esploratzen ditu, eta haietan kuskubikoen hazkunde- eta iragazte-tasak monitorizatzen dituzte eta bai haien dibertsitate genetikoa eta ingurunearekiko moldagarritasuna ere.
Bere eginkizun ekologikoaz gain, ostra arrunta berreskuratzeak osagai soziala eta hezigarria dauka. Izan ere, zenbait programak, adibidez, “Ostren lorezainak” izenekoak, ahalbidetu diete herritarrei zuzenean parte hartzea ostren saskiak zaintzean eta monitorizatzean, eta, hartara, Mar Menor aintziraren egoerari buruzko ingurumen-kontzientzia sustatu dute.
Hala eta guztiz ere, zientzialarien komunitateak azpimarratzen du ostrak berriro sartzea ez dela irtenbide magikoa, bere kasa lehengoratuko dituena Mar Menorren arazo guztiak. Benetako ingurumen-hobekuntza jatorrian mantenugaien isurketak murriztearen, lurzoruaren erabilerak hobeki kudeatzearen, eta ura eta lurraldea kudeatzeko politika integralak koordinatzearen mende dago, hain zuzen.
Klima-aldaketaren eta Mediterraneoko itsasoen eta aintziren gaineko giza presio gero eta handiagoen testuinguru batean, ostra arrunta bezalako iragazki natural bat berriro martxan jartzea, justizia ekologikoko jardunbidea ez ezik, naturak beti betetzen jakin izan zuen eginkizun ekologikoak leheneratzeko apustua ere bada.
Natura baliabideak nola erabiltzen diren ingurumen arazo batzuk konpontzeko ezagutu nahi baduzu:
Transhumantzia zaharkituta dago?
Hiri-erlezaintza, hiriaren bioadierazle gisa
- Iturriak:
https://elpais.com/clima-y-medio-ambiente/2025-09-30/jardineros-de-ostras-para-avanzar-en-la-regeneracion-ambiental-del-mar-menor.html
https://www.xataka.com/ecologia-y-naturaleza/55-000-ostras-estan-a-punto-invadir-mar-menor-ultima-esperanza-ecosistema-al-borde-colapso
https://www.laverdad.es/murcia/mar-menor-estrena-primer-arrecife-ostras-fin-20251020162547-nt.html












Utzi erantzuna