Posted

Plastikozko poltsa biodegradagarriak promesa besterik ez dira?

Azken hamarkada hauetan, aldatu egin ditugu kontsumitzeko eta birziklatzeko ereduak. 2014an, plastikozko 250 poltsa kontsumitzen ziren biztanleko eta eguneko, eta egun 180 kontsumitzen dira, hau da, poltsa bat bi egunetik behin pertsona bakoitzeko. Kopurua nabarmen gutxitu bada ere, kontsumoak handia izaten jarraitzen du, plastikozko poltsen fabrikatzea, banaketa eta ondorengo tratamendua dela-eta, plastikoak arazo larriak eragiten baitizkio ingurumenari.

- - -

Mundu osoan, hondakin plastikoak metatzeari konponbideak bilatzen ahalegintzen diren bitartean, biodegradagarri moduan sustatutako produktuak  gero eta gehiago merkaturatzen dira, erabili eta botatzekoak diren poltsen erabilerari erantzun erraz baten promesa eskaintzen dutelako. Baina kasu askotan, biodegradagarritasun hori promesa baino ez da.

“Biodegradagarri” terminoak esan nahi du elementu kimiko naturaletan deskonposa daitekeela eragile biologikoen eraginez, besteak beste, eguzkiaren, uraren, bakterioen, landareen edo animalien eraginez. Ramani Narayan Michigan Estatuko Unibertsitateko ingeniari kimikoa da eta aditua biodegradagarrietan, eta berak adierazitakoaren arabera “ez da existitzen inolako material magiko degradagarririk, aldi labur batean deskonposatuko denik edozein inguruneren eraginpean jartzen duzula ere”.  

Eta Richard Thompsonek egindako azken azterlanak hori berresten du. Thompson britainiarra itsas biologoa da, eta bere lan-ibilbidea hondakin plastikoak aztertzen ari da ematen, Plymoutheko Unibertsitateko graduondoko bere ikasleekin batera. 2015ean, hain zuzen, Richard Thompsonek eta bere ikasleek hainbat poltsa biodegradagarri lurperatu zituzten beren fakultateko lorategian. Hiru urte geroago, berreskuratu egin zituzten eta ikusi zuten bere hartan zeudela, osorik, eta jangaien bi kilogramo baino gehiago garraiatzeko balio zutela oraindik ere. Ez zuten berriak zirenean zeukaten indar bera, baina ez ziren degradatu maila nabarmen bateraino.  

BERRERABILERA DEGRADAGARRITASUNAREN ALTERNATIBA ONENA DA 

Thompsonek eta bere taldeak bost poltsa-mota aztertu zituzten:

  • Konpost bihur zitekeen poltsa bat. Ia osorik material biodegradagarriekin egindako poltsak, gainera, are azkarrago degradatzen direnak konpostaje-planta batean, oso-osorik konposta izatera igarota. Hondakin organikoa dira.
  • Dentsitate handiko polietilenozko poltsa konbentzional bat. Eskuarki erabiltzen diren plastikoak, eguzki-argiaren, oxigenoaren eta abarren eraginpean haiek degradatzea azkartzen duten substantzia batzuk gehituta dituztenak. Plastikozko mikrozuntzetan deskonposatzen dira, eta 5 milimetro baino txikiagoak badira mikroplastiko esaten zaie. 
  • Poltsa biodegradagarrien hiru mota. Poltsa biodegradagarrietako bi oxobiodegradagarriak ziren etad2W gehigarria zuten, zeinak azkarrago degradatzeko bidea ematen duen.

Poltsak ingurumenaren eraginpean jarri ziren hiru toki desberdinetan:

– Lurraren proba egiteko, unibertsitateko lorategian. Laginak ia 25 zentimetroko sakoneran lurperatu ziren. 

– Airearen eragina aztertzeko probarako, laginak lorategiko pareta batean kokatu ziren, hegoalderantz. 

– Itsasoaren probarako, laginak ia metro bateko sakoneran murgildu ziren Plymoutheko portuan. 

Kontrol-moduan, probetarako laugarren toki bat sortu zen laborategian.

Laginak 2015eko uztailaren 10ean jarri ziren eta erregulartasunez ikuskatu ziren, superfizialitate-galeraren, zuloen edo desintegrazioaren zantzuen bila. Laginen haustura-tentsioa ere neurtu zuten, hau da, zenbateko erraztasunarekin hausten ziren tentsioa eragiten zitzaienean. Hauek izan ziren lortu zituzten emaitzak: 

  • Itsasoan, hilabete baten buruan, poltsek geruza mikrobianoa hartu zuten, eta konpost bihur zitekeen poltsa desagertu egin zen hiru hilabete geroago.
  • Airearen eraginpean egon ziren poltsa guztiak hauskorregi bihurtu ziren aztertzeko moduan edo desintegratu egin ziren, mikroplastiko bihurtuta, bederatzi hilabete geroago.
  • Lurperatu zituzten poltsak bere hartan egon ziren, osorik. Konpost bihur zitekeena, handik 27 hilabetera, ez zen gauza izan pisuari eusteko hautsi gabe. 

Azterlanaren sortzailearen arabera, azterlan horrek balio izan du definitzeko zein produktuk funtzionatzen duten hobekien biodegradagarri eta konpostagarri gisa. Iradokitzen du plastikozko poltsetarako etorkizun onena hasiera batean hain ezagun izatea ekarri zien propietatearekin gelditzea dela: iraunkortasuna.  

Hori da azterlanaren bidez ateratako ondorioa: “Berrerabil daitekeen poltsa bat eta askotan berrerabiltzen den poltsa bat da degradagarritasunaren alternatiba onena”.  

Istorio hori Planeta ala plastikoa?ekimenaren barnean dago. Hain zuzen, hainbat urtetarako ekimena da, hondakin plastikoen krisi globalari buruzko kontzientzia sortzeko. Ikasi nola murriztu erabilera bakarrekoak diren plastikoen erabilera eta hartu konpromisoa. #PlanetaOPlástico.

Iturria: www.nationalgeographic.es

Argazki: Sri Lanka en Unsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.