Bi urtean beren sakelako telefono zaharrak edo gailu elektroniko zaharkituak gune baimenduetan uzteko deia egin diete japoniarrei. Hartara, 2017ko apirilaren 1a eta 2019ko martxoaren 31 artean, herrialde osoko udal-agintariek gailu elektroniko txiki erabilien 78.985 tona inguru bildu zituzten, barne hartuta sakelako telefonoak, eta NTT Docomo denden kateak gutxi gorabehera 6,21 milioi sakelako telefono erabili jaso zituen Japonia osoan. Uste da herrialde osoko udalerrien ehuneko 90ek baino gehiagok parte hartu zutela erronka itzel horretan, eta haren emaitza izan zen, gutxi gorabehera, 32 kilogramo urre, 3.500 kilogramo zilar eta 2.200 kilogramo brontze lortzea, orain dominak egiteko baliatuko dituztenak.
Erronka horren ondoren, japoniar agintariek beste bat jarri zuten abian joan den ekainean: etxebizitzetako plastikozko ontzien hondakinak eramatea txikizkako dendetan kokatutako kaxetara, gero irabazleen podiumak egiteko erabili ahal izateko. Horrenbestez, plastiko birziklatu horrekin eta ozeanoan lortutako hondakin plastikoekin egingo dituzte podiumak. Hartara, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen historian lehen aldiz, herritarren hondakinetatik abiatuta, plastiko birziklatuarekin egindako podiumak izatea lortuko da.
Edonola ere, hurrengo Olinpiar Jokoen erronka iraunkorrak ez dira horiek soilik; izan ere, kirol-ekitaldi hori hasteko egunak hurbiltzen doazen neurrian, olinpiar hitzordu honen xehetasun iraunkorrenak ezagutzen baikoaz. Esate baterako, “BATON Operazioa” izenekoa. Bere xedea da olinpiar hiriko plaza nagusia eraikitzeko Japoniako bertako zura erabiltzea, eta gero, Jokoak amaitzen direnean, jatorrizko 67 eskualdeetara itzultzea, berrerabiltzeko.
Japoniako Olinpiar Batzordeak helburu hartu du, gainera, olinpiar garra itzali eta gero ez gelditzea ezta hondakin bakar bat ere bertan. Izan ere, Tokio 2020k xede hartu du hurrengo urteko Olinpiar Jokoetarako erabiliko diren gaien eta ondasunen ehuneko 99 berrerabiltzea edo birziklatzea ondoren.
Adibidez, duela gutxi aurkeztu dituzte olinpiar kirolarien gelak apainduko dituzten altzariak, denak hondakinik eragingo ez duten material ekologikoekin edo kartoiarekin egindakoak. Olinpiar hiriko 18.000 oheak eta paralinpiar hiriko 8.000 oheak oso-oso erresistentea den kartoiarekin egingo dira (200 kilogramoko pisuari eusten diote). Dentsitate handiko kartoiaren egitura erresistentea da inpaktuekiko, iragazgaitza, suarekiko erresistentea eta erabili ondoren paper birziklatu bihurtuko da. Lastairak edo koltxoiak, berriz, poliesterrezkoak izango dira (%100), kirolari bakoitzera egokitu eta pertsonalizatu ahal izango den gogortasuna edukiko dute, eta Jokoak amaitu ondoren birziklatu egingo dira.
2020ko Tokioko Jokoetarako planteatutako iraunkortasun-planteamendu integral batetik sortu diren adibide bitxiak dira horiek guztiak; “Be better, together”. For the planet and the people“ (“Hobeak izan elkarrekin”. Planetarako eta pertsonontzat) izenburuaren pean sustatzen den planteamendua. Izenburu horrek barne hartzen du baterako estrategia bat, helburu hauetarako diseinatutako mota guztietako ekintzak biltzen dituena: klima-aldaketarenaurka borrokatzea, karbonorik ez igortzea bilatzen duen ekimen baten bidez; baliabideak kudeatzea, ezer ez alferrik galtzea sustatzen duten neurrien bidez; natura-ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea, giza eskubideak, lana eta merkataritza-jardunbide bidezkoak, eta parte-hartzea eta kooperazioa.
Azken batean, lortu nahi den helburu nagusia da 2020ko Tokioko Jokoen eragin positiboak hiri anfitrioiaren parametroetatik askoz harago hedatzea bermatzea, Japonia osoa eta mundua barne hartzeko.
Utzi erantzuna