Posted

Transplante fekalaren onurak

Gaixotasuna, emailea, transplantea, ikerketa. Clostridium patogenoak eragindako gaixotasun infekziosoarentzat agintzen den transplante fekal edo bakteroterapikoaz ari gara. Hamar pilularekin eraginkortasuna ikusgarria da, sartzen diren hesteetako bakterio berriek hesteetako mikrobiotaren birpopulaketa errazten dutelako eta patogenoa desplazatzen dutelako. Baina oraindik asko dago ikertzeko. Ignacio López-Goñi Mikrobiologiako katedradun eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoko zuzendariak gure gorozkiek gure osasunari buruz esaten duten guztiaz hitz egin digu.

- - - - - - - - - - - -

Kontu jakina da araztegietan hondakin-urak garbitzen direla. Erdi Aroan esan ohi zen “Ura badoa!” ordeztu egin da eta egun araztegietara heltzen diren hodien sare bat dugu, gero araztegi horietan urari zikinkeria guztiak kentzeko, ibaira itzuli aurretik.

Jendearen gehiengoarentzat hondakina den hori Ignacio López-Goñi Mikrobiologiako katedradun eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoko zuzendariarentzat aztertzeko arrazoia da. “Ez dakigu gure gorotzek gure osasunari buruz esaten duten guztia”, adierazi du.

Baina hori ulertzeko, hasteko, mikrobiota zer den azaldu du: “Gure barnean, hestean, ahoan, larruazalean…, bizi diren mikroorganismoen multzoa da. Lehen flora esaten geniona da, baina, mikrobiologook ez dugunez atsegin mikrobioei lore deitzea, orain hitz egokiena hori da, mikrobiota.

Mikrobio horietatik gehien-gehienak ez dira patogenoak. Beren eginkizuna betetzen dute. Eta % 1ek baino gutxiagok arazo batzuk sor ditzakete.

Duela ehun urtetik baino gehiagotik badakigu badirela konposatu hartzitu batzuk, hala nola jogurta, probiotikoak direnak, hau da, mikroorganismo bizidunak dituzten elikagaiak, kantitate egokian janda edo edanda osasunerako onuragarriak izan daitezkeenak, hesteetako mikrobiota birpopulatu edo laguntzen baitute. Hala ere, norberaren mikrobiotaren mende dago dena, organismo bakoitzean eragin osasungarriak dituen edo ez erabakitzeko”.

Nahiz eta mikrobiotaren gaineko hasierako ideiak duela mende bat baino gehiago sortu ziren, 2007an eman zen dibertsitate mikrobianoari eta osasunarekin eta gaitzekin duen harremanari buruzko ikuspegi zehatzago bat.

2013an, lehen transplante fekala egin zen, Clostridium bakterioengatiko infekzioa borrokatzeko. Gero, azterlanak egiten jarraitu zuten, eta 2016an ikusi zuten depresioa zuten pertsonen hesteetako mikrobiota transplantatzen zitzaien saguek ere depresioa izaten zutela, eta pertsona obesoen mikroorganismoak transplantatzen zitzaienak ere gizendu egiten zirela.

Hala ere, ez depresioa ez eta obesitatea ere ez ziren sendatzen pertsona osasuntsuen transplanteekin. Orduan, ondorioztatu zuten mota honetako arazoak oso konplexuak direla, faktore askokoak. Askoz ere ikerketa gehiago behar zen.

“Eta horretan jarraitzen dugu. Badakigu hesteetako mikrobiotaren transplantearen albo-ondorioetako bat obesitatea izan daitekeela edo beste gaixotasun metaboliko batzuk, adibidez, diabetesa. Hori hala gertatzen da hesteetako mikrobioek eragina dutelako metabolismoan, gure gorputzak gantzak, lipidoak eta abar prozesatzeko duen moduan”.

Entsegu klinikoek jarraitu egin dute eta, egun, transplante fekala Clostridium bakterio patogenoak eragiten duen eta oso larria izan daitekeen infekzio-gaitzerako preskribatzen da. “Clostridium bakterioarengatiko kolitisa duen pertsona bat egunean 40 bat aldiz joan daiteke komunera, eta, beraz, pentsa ezazu zer bizi-kalitate izan dezakeen”. Zenbait pertsonaren kasuan, gainera, hilgarria izan daiteke.

Infekzio hau behin eta berriro agertzen denean eta ez denean sendatzen antibiotikoekin, bakterioterapiara jotzen da, “gorotzen transplantea esatea baino dotoreagoa dena beti”. Hamar pilularekin, eraginkortasuna ikusgarria da, sartzen diren hesteetako bakterio berriek hesteetako mikrobiotaren birpopulaketa laguntzen baitute eta Clostridium hori ordezkatzen baita.

“Bere efikazia era klinikoan frogatuta dago, ospitale guztietan egiten ez den arren, azpiegitura handia behar baita: laginak aztertzekoa, pilulak prestatzekoa, eta abar. Beste infekzio eta patologia batzuetarako ere aztertzen ari da, baina oraindik era esperimentalean”.

Rosa del Campo, Ramón y Cajal ospitaleko ikertzailea, erreferentziazkoa da arlo honetan eta aitzindarietako bat gai honetan. Bera hasi zenean, duela hamar urte baino gehiago, gaixo zeuden pertsonen senitartekoen mikrobiota erabili zuen. Arrazoia soila zen: familia-ingurunean mikroorganismo asko partekatzen dira eta familiakoak diren pertsonen mikrobiota beste edozein pertsona ezezagunena baino antzekoagoa da. Arazoa zen familia-ingurune osoa aztertzeak lan handia ekartzen zuela. Orduan, pertsona jakin batzuk detektatu zituen, emaile unibertsal izateko egoera ezin hobean zeudenak, berari interesatzen zitzaizkion partikulekin aberastuta baitzegoen haien hesteetako mikrobiota. Eta hala joan zen emaileen lehen taldea eratzen.

“Herrialde batzuetan laginen bankuak daude. Prestakin farmazeutiko batzuk ere badaude, azken batean, hesteetako bakterioz betetako pilulak direnak. Aukera desberdinak ari dira garatzen”.

Adibidez, aintzat hartuta araztegietara gorotzak iristen direla, gorotz haietan dagoen mikrobiota aprobetxatzeko banku bat sortu ahal izango litzateke?

“Ez. Hondakin-uretan, bakterio onuragarriez gain, patogenoak ere aurkitzen ditugu. Eta haiek bereiztea konplexua da.

Esan dizudan moduan, gorotzen bankuak daude, non sabela husten den eta gero gorotzak aztertzen diren, transplantea egin ahal izateko. Baina kasu horretan emaile jakinak erabiltzen dira, ez baitu kaka guztiak balio. Emaileak oso zainduta daude, eta, hala, analisi klinikoa egiten diete hiru edo sei hilabetean behin. Pertsona horiengandik lortzen dira transplante bat egiteko behar diren mikroorganismoak. Hau da, kontua ez da hirian sortzen den edozein gauza hartzea, baizik eta gorotzen barnean interesatzen zaizkigun bakterioekin aberastuta dagoena hautatzea, ez baitzaizkigu bakterio guztiak interesatzen.

Mikrobiota-transplante sintetiko baterantz goaz, non mikroorganismo jakin batzuk hautatzen diren, onuragarriak direla bai baitakigu, eta tratamendua pertsonalizatzerantz, gaixoaren mikrobiota nolakoa den kontuan hartuta.

Microbiotari buruz gehiago jakin nahi izanez gero:

Jaten duguna gara

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.