Peio Oria Iriarte AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak Nafarroan duen lurralde-ordezkaria da.
Mendizaletasunak eta zeruari behatzeko duen zaletasunak erreferentziazko meteorologo bihurtu dute, eta sarritan agertzen da hedabideetan, azken hilabeteetan ikusten ari garen muturreko fenomenoak azaltze aldera.
Berarekin hitz egin dugu, zer ari den gertatzen hobeki ulertzeko.
- Modelo klimatikoaren proiekzioek gero eta muturrekoagoak diren prezipitazio-zikloez hitz egiten dute, bi zentzu hauetan: gero eta luzeagoak diren lehorteak izatea, batetik, eta euria egiten duenean, gero eta intentsitate handiagoarekin eta modu kontzentratuagoan egitea, bestetik. Hori guztia klima-aldaketari egotz dakioke?
Klima-aldaketaren ondorio handienetako bat da, hain zuzen ere, muturreko zenbait fenomeno gertatzeko probabilitatean edo aukeran areagotze bat egotz dakiokeela. Hori ez da aurreikuspena edo etorkizunerako proiekzioa, baizik eta jada gertatzen ari da eta munduko toki askotan ikusten ari gara.
Ziklo hidrologikoaren kasuan, egia da klima-aldaketa gure latitudeetan bultzatzen ari dela bai prezipitazio-ezeko aldiak, luzeagoak diren lehorteak ekartzen dituztenak, eta bai oso biziak edo uholdezkoak diren prezipitazio-gertaerak ere. Beroago dagoen atmosfera batek ur-lurrun gehiago eta energia gehiago barne har dezake, bero sor moduan, eta horrek prezipitazio-fenomenoak bat-batekoagoak izatea ekar dezake.
Baina badira tenperaturak berotzea ukitzen ari den uraren zikloaren zati gehiago, adibidez, ozeanoen gainaldearen lurrunketa aktiboagoa eta izotz-masa handien urtze azeleratuagoa, besteak beste, Groenlandiaren gaineko plataforma kontinentalarena. Eta horrek, era berean, ondorioak ditu itsas korronteen planeta-sisteman.
- Duela 40 edo 50 urtetik ikusten da latitude garaietan, esate baterako, Siberian, Alaskan eta Kanadan, tenperaturak berotzen ari direla, baita sei gradu ere, eta, hortaz, pentsatzekoa da Groenlandian gauza berbera ariko dela gertatzen…
Planetaren zati izoztua –dela itsasoen eta ozeano artikoen gainean flotatzen duen itsas izotz moduan, dela plataforma kontinental eta glaziar moduan, dela tundraren zati handi baten gaineko zoru izoztu moduan– da atmosferan berotegi-efektuko gasen pilaketa handi batek, adibidez, karbono dioxidoarenak eta metanoarenak, nagusiki eragin duen klima-sistemako desorekari azkarrena erantzuten ari zaiona.
Artikoan izotza galtzeak dituen toki-eragin ikaragarriez gain, hala nola lehorreko eta itsasoko ekosistemei kaltea eragitea, basoetako sute handiak asko ugaritzea eta herri indigenen bizitzeko eta bizirik irauteko antzinako moduak nahastea, klimaren arloko zientzia-komunitateak urteak daramatza igartzen eta eztabaidatzen Artikoa gehiago berotzeak Ipar Amerikan, Europan eta Asian izan ditzakeen ustezko ondorio batzuei buruz. Haietako bat, oraindik ere aztertzen ari direna, honetan datza: latitude subtropikalen eta polarretakoen arteko zirkulazio orokor atmosferikoa, altuerako haizeen turrusta ondulatu batek zehaztutakoa, geldotu eta zati batean blokeatu egiten da. Hori ondulazio horien eta lotutako patroi batzuen anplitude eta iraunkortasun handiago batekin lotzen da, eta horrek muturreko fenomeno gehiago ekar ditzake, bere bertsio guztietan. Direla hiri handiak eta komunikabideak geldiarazteko gauza diren elurte ugariak, direla lehorte eta bero-boladetarako askoz ere egokiagoak diren baldintza atmosferikoak, direla hondamendizko uholdeak eragiteko gai diren prezipitazio-sistemak…
Badirudi aldaketa horiek areagotu egingo direla etorkizunean, planeta berotzen doan neurrian, eta, zoritxarrez, jada finkoa den berotze-maila bat dago, edozer eginda ere, gutxienez, 1,5 eta 2 gradu artekoa izango dena planeta osoan.
- Orduan, ez dago ezer egiterik? Ezin da egoera leheneratu?
Beharbada, neurri batean gure mende egongo da berotze hori askoz ere gehiago ez emendatzea egitea, eta hori kritikoa da etorkizuneko belaunaldientzat eta planetako biziarentzat. Edonola ere, horrek eskatuko luke tasa handienak dituzten herrialdeek berotegi-efektuko gasen isurpenak oso azkar, modu eraginkorrean eta nabarmenean etetea.
Gainera, mendearen erdialdetik aurrera lurraren erradiazio-balantzean esku hartu beharko litzateke, eguzki-erradiazioa islatuz edo atmosferatik karbonoa atzemanez. Eta hori, maila globalean, ikaragarrizko erronka da.
- Egia al da erregistratutako 16 urte beroenetatik 15 mende honetakoak direla?
Bai, egia da, eta horrek berotzea azkartzen ari dela erakusten du. 2022. urtea ez da gutxiago izango, eta, erabat ziur nago lehenbiziko urteen artean egongo dela. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera –Meteorologia Zerbitzu Nazional guztiak babesten gaituen erakundea–, 1980ko hamarkadaz geroztik, hamarkada bakoitza aurrekoa baino beroagoa izan da. Eta espero da horrek hala izaten jarraitzea hurrengo hamarkadetan. Zazpi urte beroenak, denak, 2015az geroztik izan dira, eta 2016a, 2019a eta 2020a lehen hirurak dira.
- CSIC kontseiluko ikertzaileek adierazi izan dute aurtengo uda hau aurrerantzean izango ditugunetan freskoena izango dela. Ados al zaude?
Esaldi edo baieztapen hori testuingurutik atera dela uste dut. Maila globalean, hau da, aintzat hartuta jokaera batez bestekoan planeta osoan eta gainazaletik gertu, erabat litekeena da baieztapen hori betetzea kontuan hartzen badugu azken urteetan izan den goranzko bilakaera.
Aurreko alderdi horren antzeko eran, ipar hemisferioko masa kontinentalak oro har hartuta, azken 10 udetako 9 beroenak izan dira erregistroak daudenetik, bereziki 2017koa, 2020koa eta 2021ekoa. Eta oso litekeena da 2022koak soberan gainditzea.
Horrenbestez, globalki arrazoizkoa da pentsatzea hurrengo urteak aurrekoak bezain beroak edo are beroagoak izango direla.
Baina horrek ez du esan nahi eskualde guztietan hala gertatuko denik, definizioz klima aldakorra baita eskala eta eremu geografiko desberdinetan eta batezbesteko global horrek filtratu egiten baitu aldakortasun hori.
Estatu mailan, ziur asko etorkizunean izango ditugun uda guztiak ez dira hau baino beroagoak izango. Elementu atmosferiko eta ozeanikoen mende egongo da eskualde-mailan, nahiz eta, era berean, egia den arku mediterraneoa berotze-erritmo handiena duen planetako tokietako bat dela udako sasoiari lotuta.
- Izan ere, Mediterraneo itsasoak 30 graduak erregistratzen ditu. Hori ohikoa duen tenperaturatik oso gora dago eta Mexikoko golkoko tenperaturara gerturatzen du. Zein ondorio izan ditzake horrek?
Itsasoetako bero-boladak oso kaltegarriak dira uretako ekosistemetarako. Espezie batzuk tenperatura-tarte txikietara, gradu gutxikoetara, baino ez dira egokitzen eta ez dute bizirik irauten.
Mediterraneoa, baina baita beste toki batzuk ere, hala nola ekialdeko Kantauri itsasoa eta iparraldeko Ozeano Barea, gradu dezenteko anomaliak izaten ari dira hainbat asteko aldi jarraituetan, eta horrek eragiten du hilkortasun gehiegia izatea arrainen eta uretako beste espezie batzuen populazio batzuetan.
Beste arazo bat da itsasertzeko tokietako gaueko tenperatura oso beroa, horrek eragina baitu pertsonen atsedenean eta osasunean.
Baina meteorologiaren arloko profesionalak benetan kezkatzen gaituena da uda honen amaieran edo udazkenean altuerako aire hotza iristea, adibidez, DANA bat (tanta hotza edo goi-geruzetako depresio hotza). Horrek lurrunketa oso aktiboa indartuko luke, ezegonkortasun atmosferikoa eta itsasoa gainazalean berotzea konbinatzearen ondorioz, oso euri efektiboak, ugariak eta, ziur asko, puntualki uholdezko intentsitatekoak eragitera iritsiz.
Ez du esan nahi hori gertatuko denik, ez dakigu, nahiz eta berotze estra horrek asko bultzatutako osagai bat dagoen. Pentsa dezagun sistemak, oro har, bere orekarantz jotzen duela eta, hain zuzen, hori egiteko modu bat lurrunketa asko sortzea dela eta ondoren kondentsazioa, prezipitazioa eragiteko. Eta horrek, aldi berean, hoztea ekartzen du, dela toki-maila batean edo, areago, eskualde-mailan.
Horixe erakusten ziguten eskolan, ezta? Uraren zikloa: uraren gainaldea berotu egiten da eguzkiarengatik, lurrundu egiten da, hodeiak eratzen dira, gero hoztu eta euria botatzen dute. Aurtengo udan, ordea, ez dugu ikusi ez hodeirik ez eta prezipitaziorik ere, uraren gainaldearen tenperatura berotu egin dela argi badago ere. Zergatik?
Ekaitz-hodeiak areagotzeko, bero dagoen gainazal bat behar dugu eta aire hotza gainetik. Horrek ekartzen du egoera ezegonkorra eta garapen bertikaleko hodeiak handitzea.
Itsasoaren tenperaturaren garrantzia erlatiboa da haren gainetik hegan egiten duten aire-masekiko; izan ere, itsaso bero batek, haren gainetik hegan egiten duen aire hotzik gabe, ez baitu prezipitaziorik eragingo (beste faktore batzuez gain).
Horrez gain, bereizi behar dugu lurrunketak behartutako hodeiak handitzea eta ekaitzak garatzeko haizeak. Adibidez, itsas brisen eguneko zikloak antizikloi-egoerarekin, Iberiar penintsulako kostaldeetan klasikoa denak, lodiera txikiko hodeiak eragiten ditu, sarritan eguraldi oneko kumuluak. Egoera atmosferiko egonkorrak, ordea, eragozten du hodei horiek asko handitzea eta gehienetan ez dute prezipitaziorik eragiten.
Gainera, egoera sinoptiko bat nagusitzen bada, Afrikaren iparraldeko haize bero eta oso lehor asko garraiatzea dakarrena, zaila da hodeiak edo euriak sortzea. Are gehiago, batzuetan gandua da nagusi zeruetan.
- Eta ez dago muturreko fenomenoak kontrolatzeko modurik? Adibidez, uholdeek suntsiketa ekartzea ekiditea eta, horren ordez, udako lehortearen irtenbideetako bat izatea.
Aldaketetara egokitu behar dugu, nahitaez. Uste dut ikuspegi hori askoz ere arrazoizkoagoa eta apalagoa dela oraindik ongi ulertzen ez ditugun natura-gertakariak kontrolatzeko xedea izatea baino, batez ere natura-gertakari horiek beste elementu batzuekin lotuta daudelako, erlazionatuta, eta oso modu konplexuan, gainera.
Eguraldia artifizialki aldarazteko saiakeren adibideak badira, oso eraginkorrak ez diren emaitzak izan dituztenak.
Uholdeen eta lehorteen gaian egia da baldintzatzaile nagusiak meteorologia- eta klima-elementuak direla, baina jakina lurraldearen, paisaiaren eta uraren kudeaketa hobe batek garrantzi ikaragarria hartzen duela. Nire iritziz, hau kritikoa da une hauetan, eta, arloren batean jardun behar banu, erreserba hidrikoetan egitea iradokiko nuke.
Demagun aurtengo prezipitazio-ezeko aldi hau zenbait denboraldi jarraietan luzatzen dela. Izan ere hori ari da jada gertatzen munduko beste leku batzuetan, non lehorteak kateatzen ari diren urtez urte. Italiaren iparraldea hurbileko adibide bat da, baina askoz ere larriagoa da beste leku batzuetan, hala nola Afrikako Adarrean edo Amazoniako toki batzuetan. Horregatik esaten dut bildutako erreserbek interes estrategiko ikaragarria eduki ahal izango luketela hurrengo urte eta hamarkadetan gertatu ahal izango liratekeen aldaketen aurrean.
Ez dakigu zer gertatuko den, baina argo eta garbi dago klima aldaketa hemen dagoela. Honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, horra hor post zerrenda bat.
Utzi erantzuna